Iñigo Perez. Athleticeko jokalaria

«Errazagoa da nabarmentzea taldea oso ondo ari bada»

Iñigo Perezek maila harrigarria eman zuen Sanchez Pizjuanen. Denboraldiaren hasieran taldetik kanpo utzi zuen arren, Marcelo Bielsak haren ezker finari probetxua ateratzea erabaki du.

haritz gallastegi
Bilbo
2011ko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Jokalarien lan onak dakar talde baten arrakasta. Baina alderantziz ere gerta daiteke. Hau da, talde bat bolada onean dagoenean sarritan ez dira aldaketak nabaritzen. Hala gertatu zen Athleticek joan zen igandean Sevillaren kontra jokatutako neurketan. Marcelo Bielsak oso gutxi jokatu duen gazte bati eman zion Athleticen jokoa zuzentzeko ardura, Iñigo Perezi, hain zuzen ere (Iruñea, 1988). Eta gazte horrek maisutasunez gidatu zuen taldea bere ezker oin bikaina baliatuta. Une latzak gainditu ostean, gozatzen ari da eguneroko lanean.

Athleticek hemezortzi urteko lehorteari eman zion amaiera Sanchez Pizjuanen irabazita. Hori gutxi ez eta goi mailako neurketa jokatu zenuten. Zu izan zinen onenetakoa aspaldian ikusi den Athleticik indartsuenean.

Niretzat askoz pozgarriagoa da taldeak egiten duen lana, jokalariok egiten duguna baino. Errazagoa da jokalariok nabarmentzea, taldea oso ondo ari bada.

Sasoia hasi denetik oso gutxi jokatu duzu [lau partida bakarrik]. Hala ere, Bielsak aste hasieratik erakutsi zuen zure jokoan konfiantza zuela. Sevillan erakutsi zenuena emateko gai izango zinela uste zenuen?

Jokatu aurretik inork ez daki zer gertatuko den zelaian. Futbolariok gauzak ondo irteteko egin beharreko guztia egiten ahalegintzen gara: sasoiz ondo egon, teknika landu, burua prest izan… dena dago landu beharra norberak duen onena emateko.

Taldekideek ere txalotu egin dute Sevillan egin zenuen lana.

Neurketa aurretik eta ondoren emandako babesa eskertu beharra daukat. Konpromiso handiko partida izanda oso baliagarria izan zen eman zidaten laguntza guztia.

Zelai erdiaren ezkerraldean, defentsaren ezkerraldean eta euskarri gisa jokatu izan duzu. Argi dago zure lekua jokoa antolatzen dagoela.

Jokalari batentzat oso garrantzitsua da postu askotan aritzeko gaitasuna izatea. Jokatzeko aukera gehiago emateaz gain, aberasgarria ere bada. Postu guztietan ikasten dira gauzak. Hala ere, ni euskarrian jokatzen nago eroso. Umetatik ezagutzen dudan postua da.

Hasiera batean, Bielsak taldetik kanpo utzi zintuen, baina denboraldi-aurrean errotik aldatu zuen zure inguruan zuen iritzia, eta taldeko lanean sartu zintuen. Nola konbentzitu zenuen?

Abuztua oso hilabete gaitza izan zen guretzat. Baina abuztua joan zen, eta onena da ahaztu eta aurrera egitea. Bestalde, zerk eraman zuen teknikaria iritziz aldatzera? Nik ere ezin dizut hori argitu. Lana egiten eta nire jokoa hobetzen ahalegindu naiz lehen entrenamendutik. Zortea ere izan nuen. Lagunarteko baterako jokalariak falta zituen entrenatzaileak, eta ni aukeratu ninduen. Handik aurrera goitik behera aldatu zen nire egoera. Taldekide guztiak jokatzeko moduan egon izan balira, beharbada ez nintzateke egoera honetan egongo.

Udan Athleticetik kanpora ikusi zenuen zeure burua?

Entrenatzaileak ez duela zurekin lan egin esaten dizutenean normala da hori pentsatzea. Baina lehen eguna izan zen. Gero naturaltasunez egin ditut gauzak. Ez ziren une gozoak izan, baina zorionez, aurrera egiteko gai izan nintzen.

23 urte dituzu. Hau da tren zuri-gorria hartzeko daukazun azken aukera?

Ez dakit azken aukera den edo ez, baina aprobetxatzen ahaleginduko naiz. Entrenatzaileak konfiantza eman dit, eta nire ardura da ondo erantzutea. Gauzak ondo egiten baditut, denontzat izango da ona. Bestela, beste bide bat hartu beharko dut.

Sasoi bukaeran amaituko zaizu Athleticekin duzun hitzarmena. Klubeko agintariekin hitz egiten ari zara?

Ez. Kontratua amaituko zait, baina ez naiz ari horri begira. Oraina bizitzea da buruan daukadana. Une gozoa da niretzat, eta ez dut aurrera begira hastearren orain daukadana galdu gura. Akats larria izango litzateke.

Igandean beste aukera bat izan zenezake taldean lekua daukazula erakusteko. Hala ere, Ander Iturraspe eta Fernando Amorebieta jokatzeko prest daudela kontuan hartuta, lekua gal dezakezu.

Aipatu dituzun taldekideez gain, Ekiza ere jokatzeko prest egongo da. Taldeak jokalari garrantzitsuak berreskuratzea ona da. Eta, era berean, ona da futbolari garrantzitsuak egon ez direnean zelairatu garenok ondo aritu izana. Lehiakortasuna aberasgarria da.

Jokoaren zein arlo lantzeko eskatzen dizu Bielsak?

Entrenatzaileak zer gura duen jakitea garrantzitsua da. Baina, horretaz gain, norberak jakin behar du zein gabezia dituen. Euskarrian jokatzeko goiko jokoa, kokapena eta arlo taktikoa garatzea garrantzitsua litzateke niretzat.

Athleticek 11 partida daramatza galdu gabe. Zaleak pozez txoratzen daude. Noraino irits daiteke taldea?

Ilusioz gainezka gaude denok. Oso giro ona dago taldean, eta hori da gauzarik onena arrakasta lortzeko. Hala ere, ez dakit zer egiteko gai izango garen. Pausoz pauso joan behar dugu.

Txapeldunen Liga dago orain askoren ahotan. Ez al da goregi begiratzea?

Txapeldunen Liga helburu gisa jartzea okerra da. Oraindik goiz da. Bolada gozoan gaude, baina sasoi txarrak ere etor daitezke. Beraz, helburuak jartzeko, itxaron egin beharko dugu.

Hori bai, igandean Granadaren kontra ezin duzue huts egin. Faborito garbiak zarete.

Etxean jokatuko dugu, eta sasoian gaude. Beraz, nahiz eta erraza izan ez, irabaztera zelairatu behar dugu. Baina Granada ez da talde txarra. Inork ez dezala pentsa azken jardunaldietan izan ditugun aurkariek baino erraztasun gehiago emango dizkigunik. Ez zaigu lo hartzea komeni.

Hala da. Gainera, ondo aritu zarete neurketa irabaztera zelairatu direnen kontra. Baina berdin erantzungo al duzue atzean sartu eta zain egongo direnen kontra?

Ezin dugu ahaztu Lehen Mailan ari garela lehiatzen. Errespetua zor zaie aurkari guztiei. Adi egon beharko dugu aurkariak ezustean harrapa ez gaitzan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.