Eli Pinedo. Bera Berako jokalaria

«Errealistak gara, eta kostako zaigu partidaren bat irabaztea»

Bera Berak Txapeldunen Ligako estreinako partida jokatuko du gaur Donostian, Vardar Mazedoniako txapeldunaren aurka (12:15, ETB1). Eli Pinedo irrikan dago lehiatzen hasteko, baina oinak lurrean ditu. «Gozatzea eta ikastea dira helburuak».

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Julen Etxeberria.
Donostia
2013ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Bera Berak ez du eskarmenturik Txapeldunen Ligan; ez, behintzat, ligaxka jokatzeari dagokionez. Ez da Eli Pinedoren kasua (Amurrio, Araba, 1981). Saguntekin eta Itxakorekin aritutakoa da, eta Herrialde Katalanetako taldearekin finalerdietara iritsi zen 2006an. Halere, aitortu du «berezia» dela lehiaketa nagusian etxeko taldearekin aritzea. «Berezia bai, baina zaila ere bai», gaineratu du. Errealista da, muturreraino. «Kostako zaigu partidaren bat irabaztea».

Iritsi da eguna. Txapeldunen Ligako ligaxkako estreinako partida jokatuko duzue gaur.

Bai, eta ilusio handia dugu lehiatzen hasteko. Lehen aldiz jokatuko da Txapeldunen Ligako partida bat Donostian, eta hori ospatzekoa da. Berri ona da Europako talde onenak Donostian aritzea.

Hala ere, zuk baduzu eskarmentua. Saguntekin eta Itxakorekin aritutakoa zara. Ezberdina da oraingoa?

Bai, ilusio berezia egiten dit nire betiko taldearekin Txapeldunen Liga jokatzeak. Bai Sagunt, bai Itxako Txapeldunen Ligan urruti iristeko prestatutako taldeak ziren. Beste garai bat zen, krisirik ez zegoen. Egungo Bera Bera talde horiek baino koska bat beherago dago, baina familia baten pareko talde bat gara, eta ederra da halako giro batean lehiaketa nagusian aritzeko aukera izatea. Hala ere, errealistak gara. Kostako zaigu partidaren bat irabaztea.

Larvik, Podravka eta Vardar. Multzo zaila egokitu zaizue.

Ez dugu zorterik izan, ez, baina hau Txapeldunen Liga da, bagenekien ez zela egongo aurkari samurrik. Gozatzera aterako gara pistara, eta saiatuko gara partidaren bat irabazten.

Multzoko talderik apalena zarete?

Bai, beste hiru taldeak gure gainetik daude. Baina ustezko nagusitasun hori pistan erakutsi beharra dago gero. Guk daukagun guztia emango dugu, beti bezala.

Zein da helburua?

Gozatzea eta ikastea, Txapeldunen Liga jokatuta asko ikasten baita. Taldeko gazteentzat esperientzia oso aberasgarria izango da. Adibidez, Nagorerentzat [Nagore Arizaga]. Itzela da 20 urterekin Txapeldunen Liga jokatzea.

Zer dakizue Vardar Mazedoniako txapeldunari buruz?

Salerno Italiako txapelduna eta Fleury Loiret Frantziako txapeldunordea kanporatu dituela atarikoan eta horrek agerian uzten duela indartsua dela. Amandine Leynaud Frantziako selekzioko atezaina, Begoña Fernandez Espainiako selekzioko pibota, Andrea Lekic Serbiako selekzioko erdikoa... Egia esan, beldur pixka bat ematen du Vardarren webgunean sartzeak eta taldeko argazkia ikusteak. 'Honen aurka jokatu dut Europako Txapelketan, honen aurka Munduko Txapelketan, honen aurka Olinpiar Jokoetan...'; horixe pentsatu nuen. Ia denek jokatzen dute selekzioekin.

Etxean jokatuko duzue gaur. Bada zerbait.

Polita da lehen partida etxean jokatzea. Uste dugu jende dezente etorriko dela eta babes handia izango dugula. Berotasun hori baliatu behar dugu, baina beti burua hotz izanda eta argi izanda helburua gozatzea dela. Maila handiko partida izango da, eta niri, behintzat, asko gustatzen zait horrelako partidak jokatzea.

Orain arteko emaitza onek konfiantza emango dizuete. Zalantzak zeuden egon diren aldaketekin ez ote zuen taldeak behera egingo.

Ligan oso ondo ari gara, baina argi izan behar dugu Espainiako Ligak eta Txapeldunen Ligak ez dutela batere antzik. Jauzi oso handia dago bataren eta bestearen artean.

Liga da lehentasuna?

Bai, zalantzarik gabe. Errealistak gara, eta badakigu oso zaila izango dela Txapeldunen Ligan aurrera egitea. Espainiako Ligan, berriz, aukera dezente ditugu bigarren urtez jarraian titulua irabazteko. Eta horrek izan behar du denboraldi honetako helburua.

Aurreko denboraldian hiru tituluak irabazi zenituzten, baina udan aldaketa dezente izan ziren. Zertan aldatu da taldea?

Geldikako erasoko jokoan aukera gehiago ditugu. Aurreko sasoian ondo aritu ginen kontraerasoan, baina geldikako jokoan nahiko larri ibili ginen. Orain orekatuagoa da erasoko jokoa. Defentsan, berriz, zorrotz ari gara. Ez dugu beste erremediorik, atean jada ez baitago Zoqbi, nire ustez, munduko atezainik onena. Horregatik, estutu egin behar dugu, lehen baino lehenago.

Zoqbi aipatu duzu. Taldea utzi duten hiru jokalarietako bat da. Oraingoz inor ez da gogoratu haiekin. Seinale ona da hori.

Bai. Ana Tempranok erronka zaila du, oso zaila baita Zoqbi ordezkatzea. Baina oso ondo ari da. Ana Martinez, berriz, primeran ari da erdiko postuan, jokoa antolatzen , golak sartzen.

Hala ere, aldaketa nagusia aulkian dago. Imanol Alvarez ari da Reyes Karreren ordez. Zein ezberdintasun daude bien artean?

Oso ezberdinak dira, ez dauka inolako antzik batak bestearekin. Imanol oso lasaia da, pazientzia handia du, oso gertukoa da... Hasieratik egokitu da taldera, eta oso gustura ari gara berekin lanean. Aldaketa handia nabaritu dugu. Jokoaren estiloan, ordea, ez dugu aldaketa handirik igarri. Imanolek ez du iraultzarik nahi. Gure indarguneei eutsi nahi die, eta izan genitzakeen gabeziak estali. Horren harira, taktika asko ari gara lantzen. Bera egokitu da gure jokora, eta ez alderantziz.

Beste behin, Matxalen Ziarsolok eta zuk, taldeko beteranoenek izango duzue ardura gehien.

Bai. Badakigu partida askotan jokatu beharko dugula, baina prest gaude. Badakigu gure eskarmentua baliagarria izan daitekeela.Gainera, nire kasuan, udan atseden hartzeko aukera izan dut aspaldiko partez, eta fresko nago, sasoi gogor bati aurre egiteko prest.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.