Fenerbahce Dogus. Muhammed (3), Mahmutoglu, Guduric (18), Melli (9), Thompson (12) -hasierako bostekoa- Nunnally (5), Datome, Sloukas (4), Vesely (9), Wanamaker (16),
Duverioglu eta Guler (3).
Baskonia. Huertas (2), Janning (10), Garino
(2), Shengelia (15) y Poirier (6) -hasierako bostekoa- Granger (7), Beaubois (4), Voigtmann (11), Jones (4), Timma (10), Diop eta Vildoza (3).
Markagailua. 18-22, 36-38; 63-59 eta 79-74.
Epaileak. Pukl, Radovic eta Zamojski. Ez zuten inor kanporatu faltengatik.
Bestelakoak. 11392 ikusle Ulker kirol jauregian, Istanbulen (Turkia).
Europako txapeldunari irabazteko ez da nahikoa ondo lehiatzea. Fenerbahceri bere etxean ezustekoa emateko jarrera oso garrantzitsua da, baina asmatu ere egin behar da, eta berrogei minutuz partidan sartuta egon. Baskonia ia lortu zuen atzo, baina ezin izan zion bizitasun maila horri partida osoan eutsi. Ahulaldi batzuk izan zituen, azken laurdenean bereziki, eta Fenerbahcek larrutik ordainarazi zizkion. Aurkaria erregai gehiagorekin iritsi zela zirudien, azken partidetan gertatu bezala. Ezustekoa eman izan balu, garaipen erraldoia eta garrantzitsua zatekeen, baina galdu egin zuen, eta kanporaketak pixka bat urrundu dira.
Baskoniak jokatu dituen azken lau partidak galdu ditu, ACB liga eta Euroliga batuta. Euroligan CSKA eta Fenerbahce izan dira borreroak, txapelketako bi talde indartsuenak, baina bietan Gasteizko taldeak atzeko sintomak eman ditu. Bidaia eta partiden zama sumatzen ari dira jokalariak, eta arazo fisiko txikiak dituztenei, Jayson Grangerri kasu, nabaritu egiten zaie. Atzo, Istanbulen, Baskoniak ondo eutsi zion Fenerbahceri lehen zatian (36-38), eta hori epaileek txilibitua irentsi zutela. Gasteiztarrei hamabi falta adierazi zizkieten, eta etxekoei lau baino ez.
Hortik aurrera Baskoniak atzetik egin zuen partida osoa, baina Fenerbahcek ez zuen hautsi. Baskoniak adoreari esker eutsi zion orekari, baina Zeljko Obradovicek apurka higatu zuen Gasteizko taldea defentsari esker (63-59, 30. min.). Batzuetan blokoetan aldatuz, beste batzuetan ez... Ahal fisiko handiko jokalariak diru, eta baliabide tekniko ugariak erabili ditzake. Gasteiztarrak, ezinaren poderioz askotan, hiruko marratik saiatu ziren, baina atzo ez zuten ona izan: 27 jaurti zituen, eta zortzi sartu (%29).
Fenerbahcek are gehiago estutu zuen defentsa azken laurdenean eta Baskoniak ez zuen punturik sartu lehen lau minutuetan (73-63). Partidak erabakita zirudienean, Voigtmann eta Timmaren hiruko banak itxaropena piztu eta Obradovicen lepoa gorritu zuten (75-73, 38. min.). Orduan iritsi zen partidako jokaldirik erabakigarriena: Grangerrek partida berdintzeko barnealdia huts egin zuen, eta hurrengo erasoan Fenerbahcek bi errebote hartu zituen erasoan Voigtmannek Gudurici falta inozoa egin aurretik. Nekearen lanak ziren, etxekoak freskoago zeuden. Hegalekoak bi jaurtiketa libreak sartu zituen eta Fenerbahcek ondo kudeatu zituen azken jabetzak.
Fenerbahce 79 Baskonia 74
Erregai tanta bat...
Baskonia ondo lehiatu da, baina Fenerbahce gogorragoa izan da azken laurdenean. Egun txarra izan du hiruko jaurtiketetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu