ESKUBALOIA

Erresilientzia lezio bat

Ander Torriko berriro ari da entrenatzen eta jokatzen. Hirutan jarraian hautsi du eskuin belauneko atzeko lotailu gurutzatua, eta ia hiru urtez egon da min hartuta.

(ID_13540434) (Iñigo Uriz/@FOKU) 2024-01-27, Iruñea. Ander Torriko eskubaloi jokalaria
Ander Torriko, Anaitasuna pabiloian, joan den astean, entrenamendua hasi aurretik. IÑIGO URIZ / FOKU
Julen Etxeberria.
2024ko urtarrilaren 31
05:00
Entzun

Egoera zail eta gogor bati aurre egin eta indartuta irteteko gaitasuna da erresilientzia. Ander Torrikok (Zumaia, Gipuzkoa, 1997) sobran dauka. Bestela, aspaldi emango zuen amore, ia hiru urte egin baititu gehien gustatzen zaiona egin ezinik: eskubaloian jokatu ezinik. Min hartuta egon da, hirutan hautsi baitu eskuin belauneko atzeko lotailu gurutzatua. Modurik krudelenean hautsi du hiruretan: jarraian, eta osatzear zegoela.

Edonork etsi egingo zuen, baina berak ez du inoiz amore eman. Erresilientzia lezioa emanda egin du aurrera, eta muturreko ahalegin horren ordaina jaso berri du: berriro ari da entrenatzen eta jokatzen. Anaitasunak Asobal ligako bigarren itzuliari ekingo dio igandean, etxean, Cuencaren aurka, eta erdiko zumaiarraren itzulerak pizten du ilusiorik handiena Iruñeko taldean. Zaleak irrikaz daude zutik jarri eta hari txalo egiteko. Bueltan da Torriko.

«Berriro beste bat gehiago naiz taldean», esan du harro. Barru-barrutik irten zaio, horren beharra zuen seinale. «Oso gustura ari naiz. Zortzi bat aste damaratzat taldearen dinamikan sartuta, eta azken hilabetetik hona gai izan naiz entrenamenduak hasi eta osorik bukatzeko. Bi partida ere jokatu ditut. Pausoz pauso ari naiz, eta, zorionez, honaino iritsi naiz. Izugarri pozik nago».

Denbora luzez «ahaztuta» eduki dituen sentipenak berreskuratu ditu. Detaile txikiak dira, baina izugarri eskertu ditu guztiak. «Taldekideekin autobusean bidaiatzea, partida jokatu aurretik taldearekin berotzea, neurketari ekin aurretik sabelean emozioa nabaritzea... Ederra da berriro hori guztia sentitzea».

Sarri, zerbaiten falta izan arte bat ez da konturatzen benetan galeraz. Halaxe gertatu zaio hari. «Orain, gehiago baloratzen ditut gauzak: adibidez, orain, niretzat ikaragarria da entrenamendu arrunt bat hasi eta bukatzea. Lehen, niretzat zera zen entrenamendu bat: Iruñera joatea, entrenatzea, dutxa hartzea eta etxera itzultzea; kito. Orain, oso harro sentitzen naiz entrenamendu bat osorik egiten dudanean. Gertatu zaidanak heldu egin nau. Beste patxada batekin nabil orain».

Hiru urte asko dira. Baina inoiz ez du esperantza galdu. «Nik beti oso argi izan dut itzuliko nintzela. Oso argi nuen ez zela erraza izango, eta errehabilitazioa luzea eta gorabeheratsua izango zela. Baina sinetsita nengoen lana ondo eginez gero, eta pazientzia izanez gero, berriro jokatuko nuela. Helburua bete dut. Oso harro nago neure buruaz».

Erronka moduan hartu du

Bi gako nabarmendu ditu amore ez emateko. «Batetik, burugogorra izan behar da, eta bete-betean sinetsi. Horixe egin du nik. Bestetik, kirolari amorratua naiz, eta erronka moduan hartu dut berriro belauna ondo izatea eta lehen bezala gozatzea. Hori lortzeko, saiatu naiz agindu didaten guztia hitzez hitz betetzen. Agerikoa da aldea dagoela belauna baten eta bestearen artean: eskuinekoak sufritu egin du, lau ebakuntza egin dizkiotelako bi urtean. Baina, gaur-gaurkoz, esan dezaket berriro goza dezakedala, eta igande batean korrika egitera irten naitekeela. Niretzat sekulako satisfazioa da hori, bai kirolari gisa, bai pertsona gisa».

«Sinetsita nengoen lana ondo eginez gero eta pazientzia izanez gero berriro jokatuko nuela. Helburua bete dut. Oso harro nago neure buruarekin».

ANDER TORRIKOAnaitasunako jokalaria

Hirutan hautsi du belaun bera, eta bakoitza kolpe «oso gogorra» izan da. Baina hirugarren aldiak eragin zion minik handiena: bete-betean jo zuen haren konfiantza. «Neure buruaz zalantza egiten hasi nintzen: agian, nire lotailu berri hori ez zela gai eusteko nik jokatzen jarraitzen banuen; talde kirol oldarkorra da eskubaloia, norabide aldaketa eta bat-bateko mugimendu asko egiten dira. Ezinegon handiz pasatu nuen garai hori. Nahi nuen gauza bakarra zera zen: mediku batek esatea ea ahalko nuen berriro jokatu». 

Esan, eta egin. Madrilera joan zen, Manuel Leyes medikuarengana. Bi ebakuntza egin zizkioten: lehenbizi, hezur puska bat sartu zioten femurrean eta tibian; eta, handik hiru hilabetera, lotailu gurutzatu berria jarri zioten. «Gogorra izan zen entzutea urtebete baino gehiago beharko nuela berriro jokatzeko, baina, aldi berean, poztu egin nintzen banekielako zergatik pasatu zitzaidan berriro gauza bera, eta, lan ona eginez gero, berriro jokatuko nuela». 

Hark izan du mina, hark sufritu du, baina argi utzi du inoiz ez bakarrik sentitu. «Oso eskertuta nago babesa eman didaten guztiekin. Etxekoek beti babestu naute hartu ditudan erabakietan, nahiz eta batzuetan ados ez egon. Baina horren konbentzituta ikusi naute hasieratik, beti babestu naute. Izugarri eskertzen diet. Neska-laguna ere babes handia izan da. Hura ere kirolaria da, eta asko eskertu dut haren ikuspuntua; une txar guztietan izan dut ondoan. Baita lagunak ere».

Etena egin du taldekideez hitz egiteko. «Klubak konfiantza handia erakutsi dit beti. Inoiz ez dira nitaz ahaztu, eta garrantzitsu sentitu naiz beti. Quiquek du horren erru handia [Dominguezek, entrenatzaileak], baita teknikari taldeak ere». Klubak harekin duen konfiantzaren erakusgarri da berriki luzatu diola kontratua denboraldia bukatu arte. «Orain nire egitekoa da ondo jokatzea eta taldeari ahalik eta gehien laguntzea. Helburua, berriz, hauxe: berriro gozatzea, belaunean ahalik eta gutxien pentsatzea, eta, pixkana-pixkana, lehengo mailara iristea. Zorionez, baloia eskuetan dudanean, sentitzen dut jokoa hor dagoela, eta ez zaidala ahaztu eskubaloian jokatzea».

Destinuak halakoak ditu: jaioterrian jokatu zuen osatu ondorengo lehen partida, duela 11 egun. «Oso berezia izan zen: familia eta lagunak egon ziren. Bidasoaren aurka jokatu genuen, irabazi egin genuen, eta ondo aritu nintzen. Ezin nuen gehiago eskatu». Oso berezia izango da igandeko neurketa ere, Anaitasuna pabiloian jokatuko baitu ia hiru urteren ostean. «Sekulako gogoa dut. Ia hiru urte daramat etxean jokatu gabe. Ea dena ondo ateratzen den, eta Cuencari irabazten diogun». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.