Saskibaloia. Ohorezko Maila: Bizkaia GDKO. Miren Agirregoikoa. Bizkaia GDKO-ko jokalaria

«Errespetu handiegia diogu ligari, eta burutik kendu behar dugu»

Herriko taldean jokatuz egingo du debuta Ohorezko Mailan, eta mezu baikorra bidali du: «Ustekabekoren bat eman dezakegu».

Imanol Magro Eizmendi.
2013ko urriaren 9a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Bigarren sasoia du taldean, eta irrikan da Lehen Mailari ekiteko. Galdakoztarra da jaiotzez (Bizkaia, 1987), bizkaitarrez mintzo da, eta pozik dago herrian saskibaloi giroa bizi delako. «Iragan sasoian, Urreta bete egiten zen; bada, pentsa orain, Lehen Mailan, nolako giroa egongo den».

Zein traza hartzen diozu taldeari?

Itxura ona du. Taldeko zuzendaritzak esan digu euren eskakizuna mailari eustea dela, ezin digutela gehiago eskatu. Iragan sasoian ezin ziguten gehiago eskatu, eta mailaz igo ginen. Baina, tira, taldeak ondo elkar hartzen badu, beti egin dezakezu gehiago, eta inoiz ez dugu partida bat aldez aurretik galdutzat emango.

Jokalari onak fitxatu dituzue; batez ere, pibotak.

Bai, bai. Ni pibotekin entrenatzen naiz, eta besoak ubelduz beteta ditut! Pepper Wilson nik ezagutu dudan pibot handienetakoa da; oso gogorra da uztaipean, han berak agintzen du. Ibekwe hegal pibot gisa jokatzen ari da, eta, barruan, Margaret Roundtree ere badaukagu. Gero, Romina ere fitxatu dugu, jaurtitzaile fina. Talde ona daukagu, ustekabekoren bat emateko modukoa.

Taldea ikusita, mailari eusteak helburu apala dirudi?

Tira, presioa kentzeko modu bat da, eta horrek lagundu egiten gaitu. Helburu handiagoa jartzen badigute, demagun kanporaketetan sartzea, bada, lortzen ez badugu presioa izan daiteke, eta gauzak okertu daitezke. Hobe da presio gabe jokatzea, eta etorri beharrekoa etor dadila. Denboraldi-aurrean, gainera, arazo batzuk izan ditugu, min harturiko bi jokalarieta Liñeira luze egon da Argentinako selekzioarekin.

Gabezia bat duzue: eskarmentu falta Lehen Mailan.

Egia da. Liñeira Obenasan egon zen, Molina Zamoran, eta Ibekwek hilabete batzuk egin zituen Burgosen... Baina beste guztientzat berria da. Uste dut oraindik errespetu handiegia diogula ligari, eta burutik kendu behar dugu. Nolakoa talde garen? Emango al dugu maila? Beldur pixka bat dugu, baina geure buruarengan sinetsi behar dugu.

Asko aldatzen da kontua Bigarren Mailatik Lehen Mailara?

Batez ere, jokalarien ahal fisikoa eta jokoaren erritmoa. Hegalekoak 1,80 metro neurtzen dute.

Eta, zu, nola zaude?

Urduri ez, baina errespetua dut oraindik. Berria naizenez, ez dakit nola ikusiko dudan neure burua partidetan. Hori bai, ligari ekiteko gogo handia daukat.

Galdakoztarra zara jaiotzez; berezia izango da herriko taldearekin puntan jokatu ahal izatea?

Bai, noski. Baina begira, ni iragan sasoian itzuli nintzen taldera, eta ez nuen uste mailaz igoko ginenik. Ni beheko maila guztietatik pasatu izan naiz... eta denak dira erronkak, eta nik uste dut Galdakaoko jendearen babesa nabarituko dugula eta Urreta beteko duela, ziur nago.

Nabaritzen al da herrian mailaz igo zaretela?

Nire inguruan, bai; nik uste dut jendeak nabaritzen duela.

Gizarteak nabaritzen du zenbaterainokoa den emakumezkoen kirolarentzat talde bat elitean edukitzea?

Bai, baina, logikoki, errealitatea halakoa da, ez da berdin eliteko mailako erreferente hori gizonezko edo emakumezko talde bat izatea. Bilbo Basket ACB ligan egotea eta gu gure milan egotea, mediatikoki ez da berdina. Baina hori jakinda, zorionez, Ibaizabal igo izanak oihartzun handia izan du, eta babesa jaso dugu. Alde horretatik, pozik nago: aldundiak, udalak eta beste taldeek eman diguten babesarengatik.

Bi euskal talde igo dira, baina beste bi —Hondarribia-Irune eta Obenasa— ezin izan dira Lehen Mailan irten. Zein da zure iritzia?

Albiste oso txarra izan da. Baina badakigu zein den gizartearen egoera ekonomikoa, eta, murrizketak hasten direnean, lehenik kirolak galtzen ditu laguntzak.

Are lehenago, emakumeen kirolari.

Aurreko batean irakurri nuen albistea, aldundiek aurki kirolari ezin izango diotela dirurik eman. Erakundeen diru laguntzarik gabe, emakumezkoen kirolean oso zaila da puntan irautea.

Bilbo Basketek jaso zuen bada...

Kopuru horrekin, auskalo zer egingo genuen guk! Tira, baina badakigu zein alde dagoen gizonezkoen eta emakumezkoen kirolaren artean, eta guk daukagunarekin aurrera egiten asmatu behar dugu, eta gure onena eman.

Ikasi edo lanik egiten al duzu jokatzeaz aparte?

Erizain ikasketak eginak ditut,baina, orain, langabezian nago. Niretzat, primerakoa litzateke goizez lan egin eta arratsaldez entrenatzea; baina, orain, ezinezkoa da, eta ikastaroak egiten aritzen naiz ikasitakoa hobetzeko. Orain,saskibaloiak ematen didan dirutik bizi naiz.

Emakumezkoen saskibaloia inor gutxi aberasten da.

Hilabetea pasatzeko baino ez. AEBetakoek-eta gehiago irabazten dute, baina, jokalari normalentzat, bizitzeko adina ematen digu.

Udan, Senegal aldean ibili zinen Euskadiko selekzioarekin; zer moduzko esperientzia izan zen?

Oso aberasgarria. Taldeko entrenatzailea eta beste kide bat joan ginen, eta sekulako esperientzia izan zen. Han ikusten zen nola ezer gutxi izanda zoriontsu izan zaitezkeen, beti irribarrean ahoan, eta, gu, hemen, krisiarengatik kexatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.