Errespetua, bi aldeetatik

Errugbian, oro har, begirunez tratatzen dira epaileak, eta haien erabakiak errespetatu. Eki Fanlo arbitroaren ustez, hain zuzen, epaileen «irekitasuna» da errugbiaren ezaugarri «bereizgarrietako» bat. Epaile falta «ikaragarria» dagoela ohartarazi du.

Eki Fanlo
Eki Fanlo, nazioarteko partida batean. UTZITAKOA
Iñaki Berastegi.
2023ko azaroaren 25a
05:10
Entzun

«Errugbi munduan oso barneratuta dago epailerik gabe ez dagoela partidarik. Kasu bakan batzuk kenduta, epaileak asko errespetatzen dituzte. Edonola, jokalariek eta entrenatzaileek gu errespetatzen gaituzten beste errespetatzen ditugu guk haiek». Eki Fanlo epailearen (Irun, Gipuzkoa, 1993) hausnarketa da. Gipuzkoarrak hamalau urte daramatza epaile lanetan, eta hamabosteko errugbian eta zazpikoan aritzen da.,Espainiako Ohorezko Mailan eta zazpiko errugbiko munduko serieetan. Berriki, Irungo Udalak saritu egin du, epaile gisa egiten ari den ibilbideagatik. Alabaina, Donostiako Signalling enpresan egiten duen lanetik bizi da Fanlo, eta ez errugbi epaile izatetik. «Espainiako Ohorezko Mailako epaileak amateurrak gara. Ordain txiki bat ematen digute asteburuero egindako lanagatik, baina, gaur egun, ezin gara horretatik bizi».

Fanlok hasi eta buka ikusi zuen duela hilabete amaitu zen Errugbiko Munduko Kopa, eta noski, epaileen lanari nabarmen erreparatu zion. «Txapelketa hasieran irizpide ezberdinak ikusi nituen arren, Munduko Kopa aurrera joan ahala guztiek bide bera hartu, eta oso neurketa onak egin dituzte. Bi finalerdietan egindako lana nabarmentzeko modukoa izan zen». Halere, Zeelanda Berriak eta Hegoafrikak jokatutako finalean Wayne Barnes epaileak hartutako erabaki batzuek polemika piztu zuten. «Partida bat hain puntu gutxik baldintzatzen dutenean, zaila izaten da. Munduko Kopako final hau da arbitratzeko inoiz ikusi dudan norgehiagokarik zailena. Ez dago aitzakiarik, eta ziur partida luparekin aztertuta okerrak badaudela, baina iruditzen zait bi edo hiru jokaldirengandik ezin dela bi taldeek eta epaileak finalean eginiko lana ezbaian jarri».

Errugbiko araudiari aipamena egin dio jarraian. «Hiru edo lau urtez behin aldaketa esanguratsuak egiten dira, bi helburu nagusirekin. Lehendabizikoa eta garrantzitsuena, jokalarien segurtasun fisikoa bermatu eta indartzea. Eta bigarrena, jokoa biziagoa eta entretenigarriagoa izan dadin lortzea». Hegoafrikan dagoen Stellenbocsh «errugbi laborategian» egiten dira proba horiek, ondoren Europara ekartzeko. «Ni errugbian hasi nintzenetik, aldaketa ugari egin dira araudian. Hori bai, Munduko Kopako urteak errespetatu egiten dira, eta ez da aldaketarik txertatzen garai horietan», esan du. 

Araudiarekin jarraituta, mailetan gora egin ahala, jokalariek hobeto menperatzen dute araudia, Fanloren ustez. «Goiko mailetako jokalariek ondo dakite araudiak zer dioen, ez agian oso-osorik, baina ondo barneratuta dauzkate arau gehienak. Zazpiko errugbiko munduko serieetako partidak zuzendu nituenean nabaritu nuen nazioartean jokatzera ohituta dauden jokalariek zehatz izaten dutela araudiaren berri. Lana asko errazten dizute, baina, aldi berean, baita zaildu ere; detailerik txikiena ere zaindu behar duzu, mugaraino eramaten zaituzte eta». Beheko mailetan, ordea, askoz gutxiago menperatzen dute arlo hori.

Teknologiaren erabileran kirol aitzindaria izan da errugbia. «TMO edo bideoarbitrai sistema 1986an erabiltzen hasi ziren Hegoafrikan, eta 2003ko Australiako Munduko Txapelketan erabiliz en lehen aldiz nazioarteko txapelketa garrantzitsu batean. Hasieran, jokaldiak berrikusten denbora asko galtzen zen, eta horregatik sortu zen, hein batean, Bunker izena duen bideoarbitrajeko bigarren taldea. Txartel hori batek gorria izan behar duen erabakitzea da horien eginkizun nagusia. Epaileak txartela ateratzen duenetik zortzi minutu dituzte jokaldia berrikusi eta zelaiko epailearen erabakia bere hartan utzi edo aldatu behar den erabaki eta jakinarazteko».

Epaile nagusiaren eta bideoarbitrajeko talde horien arteko elkarrizketak zuzenean eman ohi dira, telebistaz eta zelaietako bozgorailu edo pantailetatik. «Gaur egun zentzu gutxi izango luke errugbi partida bat epailearen audiorik gabe ikusteak. Elkarrizketa eta azalpen horiek erabateko errespetuz egiten dira, eta ez dago inolako arazorik zertaz hitz egiten ari diren entzuteko. Kirol bakoitzak zerbait desberdina eskaini behar du. Errugbiaren ezaugarri bereizgarrietako bat da epaileen irekitasuna».

Nahi baino gutxiago

Errugbian epaileak asko errespetatzen badira ere, Fanlok aitortu du «zailtasun handiak» dituztela epaile berriak erakartzeko. «Gipuzkoako klub askotan formakuntza ikastaroak egiten ditugu, baina epaile falta ikaragarria da. Taldeek jokalariak lortzeko zailtasunak badituzte, pentsa zein den gure egoera». Hain justu, epaileen egungo egoerari bi kritika egin dizkio Fanlok: «Batetik, liga ez-profesional bateko epaile naizen heinean, iruditzen zait errugbia lehen kirola den hamar herrialde horietatik kanpo badaudela aukera berak ez dituzten maila oso oneko epaileak. Eta bestetik, beste kirol batzuetan bezala, sentipena daukat epaileak beti azken elementuak edo pertsonaiak garela. Jokalariak eta taldeak bezain beharrezkoak gara; guk hobera egiten badugu, jokoak ere hobera egingo du, eta hori denon mesedetan izango da».

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.