Juan Martinez de Irujok (Ibero, Nafarroa, 1981) bere etorkizunaren berri eman du Iruñean, Labrit pilotalekuan, debuta egin zuen kantxa berean. Fernando Bidarte Aspeko burua alboan eta pilotari ugari gradan zituela, jakinarazi du erretiroa hartuko duela: "Osasuna da lehentasuna".
Azaldu duenez, "beti" izan du kantxetara itzultzeko itxaropena: "Ahal den guztia egin dut itzultzeko. Ez da posible izan". Elkarpelota pilota eskolan jarraitu nahi du Irujok aurrerantzean.
Iberokoak urtebete pasa darama jokatu gabe bihotzeko arazo batzuen erruz. Iazko uztailean jakinarazi zuenez, Aspeko ohiko azterketa medikoetan bihotzeko arazoak aurkitu zizkioten. Azken hilabeteetan medikuz mediku ibili da bere gaitzarentzako konponbide baten bila. Hilabeteotan jasotako babesa "izugarria" izan dela azpimarratu du, eta eskerrak eman dizkie senideei eta Asperi. Hunkituta mintzatu da: "Ezin izango dut gehiago jokatu, baina pilotalekua nire etxea izango da aurrerantzean ere".
Irujo: "Ezin izango dut gehiago jokatu, baina pilotalekuak nire etxea izaten jarraituko du". pic.twitter.com/yhIOGTfh9w
— Naiara Elola (@naiara_elola) 2017(e)ko maiatzak 20
2003an profesionaletan debuta egin zuenetik, pilotan iraultzailerik handiena izan da Iberokoa. Hala eskertu dio Bidartek berak: "Juan, pilota gehien erreboluzionatu duzun pilotaria izan zara. Txapeldunen artean txapelduna izan zara". 938 partida jokatu ditu: horietatik, 570 irabazi ditu, eta 368 galdu.
Palmaresa: Bost aldiz buruz buruko txapeldun (2004, 2006, 2009, 2010 eta 2014) eta hiru aldiz txapeldunorde (2005, 2012 eta 2013); hiru aldiz lau t'erdiko txapeldun (2006, 2010 eta 2014) eta bost aldiz txapeldunorde (2008, 2009, 2011, 2013 eta 2015); bost aldiz binakako txapeldun (2005, 2006, 2009, 2013 eta 2014) eta bi aldiz txapeldunorde (2004 eta 2016).