Kirolarien erretiroa

Erronka bikoitza, naturaltasunez

Munduko eskubaloi jokalari handien artean tokia egitea lortu zuen Xabier Mikel Errekondok, eta ilusioz heldu zion gero Usurbilgo alkate postuari.

unai zubeldia
Donostia
2011ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
«Benetako errealitatera itzultzea izan zen niretzat erretiratzea». Belaunak, bizkarra, gerrialdea eta bi besoak astintzeari utzi eta burua nekatzen hasi zen Xabier Mikel Errekondo (Usurbil, Gipuzkoa, 1964). Goi-goi mailara iritsi zen eskubaloian, irabaz daitezkeen titulurik garrantzitsuenak irabazita. Bi metro luzerekin, pibot gogorra zen kantxan. Eta gogor sartu zen politikan, 2007an EAE-ANVren zerrendan aurkeztu eta Usurbilgo alkatetza lortuta.

22 urterekin iritsi zen Bidasoara. «Eta urtez urteko kontratuak eginez jarraitu nuen aurrera, urtetik urtera libre sentitu nahi nuelako». 37 urte bete arte eskubaloian aurkitu zuen askatasuna usurbildarrak. «Azken momentuan entrenatzaileak Iruñeko bidea amaitu zela jakinarazi zidan arte». Dena amaitu zela uste zuenean, Leondik (Espainia) jaso zuen telefono deia. «Sanferminetan bete-betean sartuta geunden, baina, aukera ona zela eta, beste urtebetez segitzea erabaki nuen». Ordurako belaunetatik sufritzen ari zen, eta, urtebeteko gozatuaren ondoren, amaiera iritsi zela erabaki zuen. Ez zuen kolperik hartu, ez zen hondoratu. «Urtez urte nahikoa onartua izan nuelako onartzen ari nintzen hura azken aukera izan zitekeela».

Pentsamolde horrek lagundu egin zion kirol profesionaletik politikarako bidea egiten. «Eliteko kirolari zarenean, burbuila batean sartuta egoten zara». Baina usurbildarrak beti argi eduki izan zuen «pertsona arrunta» izango zela. «Banekien eskubaloia epe jakin baterako proiektu bat zela, bukaera bat edukiko zuela». Herri txiki batekoa izanik, ezagun izate hori ez zen pisutsua izan. «Baina eliteko kirolari izate horrek alde onak eta txarrak ditu». Famaren arriskuak eta tentazioak. «Momentu horietan pertsona gisa erantzuten jakin behar da, erraza delako harroxko bihurtzea».

Adibideak ere baditu Errekondok. «Ikaragarria izan zen, adibidez, Jackson Richardson munduko jokalaririk onena ezagutzeko aukera izatea». Baina beste muturrean ere geratzen dira asko. «Ezer izatera iritsi aurretik ustearen eta harrokeriaren bidea hartzen dutenak». Gabezia horren atzean familiaren ardurarik eza dagoela uste du usurbildarrak. «Kirolaria okertzen denean, gurasoena da erantzukizuna, baina ni zorionekoa naiz». Futbolean aritu zen 18 urte bete arte, eta gero hasi zen eskubaloian jokatzen. «Baina kirola egiteko helburu soilarekin. 22 urterekin joan nintzen Bidasoara, eta aurretik ikasketekin jarraitzea izan zen beti nire lehentasuna».

«Herrigintzan, udalgintzan»

Nahikoa gol sartu ondoren, «zeharka» sartu zen politikan. «Orain Bildurekin gertatu den gauza bera gertatu zelako gurekin. Berez ezker abertzalekoak legez kanpokotzat hartu zituzten, eta euren politika berberarekin sartu ginen gu herrigintzan, udalgintzan». Umetatik gertu sentitu izan du «herrigintza» hori. «Eta aukera gisa hartu nuen politikarako urratsa egitea; eskubaloiko erronkak hartzen nituen moduan, jakintza handirik gabe, ilusioz eta desafio gisa hartu nuen bide berria». Hazteko aukeratzat hartu zuen Errekondok eskubaloia, eta naturaltasunez onartu zuen gero erretiroa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.