Errugabetzat jo dute

UCIk ez du Chris Froome zigortuko iaz Vueltan salbutamolarekin positibo emateagatik, eta Tourrean parte hartuko du larunbatetik aurrera. UCIk WADAri eskatu zion auzia iker zezala, eta erakunde horrek ebatzi du ziklistaren laginak ez direla «kontrako emaitza bat»

Chris Froome, maillot horia soinean duela, iaz, Frantziako Tourrean. GUILLAUME HORCAJUELO / EFE.
Julen Etxeberria.
2018ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Ia hamar hilabete iraun du, baina askatu da azkenean korapiloa. Chris Froomek ez du zigorrik bete beharko. UCI Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunak atzo jakinarazi zuen ez duela zigortuko Sky taldeko txirrindulari ingelesa iazko irailaren 20an Espainiako Vueltan ari zela salbutamolarekin positibo emateagatik. Beraz, Froomek larunbat honetan hasiko den Frantziako Tourrean parte hartuko du, eta ez diote kenduko ez iaz irabazitako Espainiako Vuelta, ez zigorra jaso edo ez zain zegoela joan den maiatzean eskuratutako Italiako Giroa.

UCIren Dopinaren Aurkako Auzitegiak ebatzi du Froome ez zigortzea, eta erabaki hori hartzeko WADA Dopinaren Aurkako Munduko Agentziak auziaz egindako txostena hartu du kontuan. WADAren arabera, «Froomeren laginak ez dira kontrako emaitza bat, eta ezohiko emaitza botika baimenarekin erabili izanaren ondorio izan zen». Txirrindulariak eta haren taldeak aurkeztutako frogak aztertu ondoren iritsi da konklusio horretara WADA. Horietan, Froomek eta Skyk zalantzan jarri zuten salbutamola neurtzeko modua, eta kopuruetan gorabehera asko egon zitezkeela azaldu. WADA ez da gai izan teoria hori atzera botatzeko.

UCIk azaldu du WADAk ekainaren 28an igorri ziola txostena, eta behin jasota, «ahal den azkarrena» idatzi duela «erabaki formal eta arrazoitu bat». UCIk dio nahiagoko zuela auzia denboraldi hau hasi aurretik amaitu izana, baina «prozesua justua eta erabakia egokia» izan zedin bermatu behar zuela, «beste edozein txirrindularirekin» egingo zuen bezala. UCIk badaki erabakiak «eztabaida» eragingo duela, baina argi utzi nahi izan du erabakia hartzean «adituen esanak, WADAren gomendioak eta auziaren nondik norako guztien ebaluazio osoa» hartu direla kontuan. UCIk espero du «behin auzia argituta txirrindularitzaren munduak hurrengo lasterketetan jartzea fokua eta haiekin gozatzea».

Froome: «Oso pozik nago»

UCIren erabakiak sekulako pisua kendu dio gainetik Froomeri. Ez da harritzekoa pozarren egotea. «Oso pozik nago UCIk absolbitu nauelako. Oso egun garrantzitsua da txirrindularitzarentzat. Oso serio hitz egin nuen esan nuenean ez nuela irabazle baten maillota ohoregabetuko, eta nire emaitzek denboraren frogari aurre egingo ziotela».

Froome sinetsita zegoen ez zutela zigortuko. «Inoiz ez nuen izan zalantzarik, ez nuelako ezer txarrik egin. Asma izan dut haurra nintzenetik, eta badakit zein den asmaren botikaren araudia. Mugen barruan bakarrik erabiltzen dut inhalagailua».

Skykoak salatu egin zuen positiboaren emaitzak ezagutarazi izana. «Auziaren xehetasunek isilpean egon behar zuten, eta ez da horrela izan. Inork baino etsipen handiagoa sentitu dut auzia argitzen ez zela eta denboran luzatzen zela ikusita. Oso pozik nago azkenean argitu delako. Ebazpenak marra bat zehazten du. Hemendik aurrera denok egin dezakegu aurrera, eta Frantziako Tourrari begira buru-belarri jarri».

Hain zuzen, UCIk ebazpenaren berri eman eta gutxira baieztatu zuen Tourrak Froome onartuko zuela. ASOk, proba antolatzen duen enpresak, mehatxua egina zuen Tourra hasi aurretik auzia argitu ezean ez ziola parte hartzen utziko azken lau urteetako irabazleari. Are gehiago, ASOk gutun bat igorri zion joan den astean Skyri, eta bertan eskatu zion Froome ez sartzeko zortzikoan. Behin UCIk Froome absolbituta, ASOk ez dio trabarik jarriko. Christian Prudhomme Tourreko zuzendariak atzo salatu zuen UCIk «azken unean» hartu izana erabakia, proba hasteko bost egun falta zirela. «Dopinaren aurkako araudia aldatu beharra dago», esan zuen Prudhommek. Aurkako emaitza bat ematen duena behin-behinean zigortzeko eskatu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.