Lau urte dira Lapurdiko kostaldeak horrelakorik ikusi ez zuela. 2000ko hamarkadaren hasiera ezin oparoagoa izan zen Miarritzeko errugbi taldearentzat, baina 2006ko ekainaz geroztik ez du finalik jokatu. Patrice Lagisquet eta Jacques Delmasek zuzendutako taldearen urrezko azken lerroak izan ziren horiek. Miarritzek 40-13 irabazi zion Tolosari, 2006ko ekainaren 13an. Hiru aste lehenago, Agilerako hamabostekoak Heineken kopako finalean egin zuen huts, Munsterren aurka galduta (19-23).
Ordutik gaur arte lau urte luze pasatu dira, olinpiar ziklo oso-oso bat. Denbora luzea da hori, eta euskaldun zein okzitaniarrek berriz ere gorenean eginen dute topo. Lau urte horietan talde bakoitzak bere bidea egin du. Lapurtarrak, apurka-apurka, behera joan dira. 2007. urteaz geroztik ez dira Top14ko finalerdietan aritu, eta sasoi honetan berriz egin dute topo Heineken kopako final-laurdenekin. Tolosak, berriz, urtez urte bere erregulartasunari eutsi dio. 2008an, Top14ko txapela jantzi zuen, eta beste urteetan gutxienez finalerdiak jokatu ditu. Heineken kopan ere bi aldiz jokatu ditu final-laurdenak, eta beste behin finala.
Datu horiek irakurrita, Tolosa faborito izatea ez da harritzekoa. Miarritzen ere hori onartu dute. «Ez gara faboritoak. Orain arte ez gara izan, eta ez gara orain izango», dio Serge Blanco presidenteak. «Tolosak beldurra ematen du, eta ez txikia gainera. Dena dauka: esperientzia, talentua, indarra, txispa», erantsi du Dimitri Yachvili uztartze erdiak.
Baina inork ez beza pentsa Miarritze kikilduta joango denik Parisko Frantziako estadiora. Miarritzen zerbait pasatu da azken bi hilabeteetan, eta sasoi osoan ikusi ez zaion konfiantza nabari zaio taldeari. «Toulonen aurkako partida izan zen gakoa. Galdu arren (21-20), egin genezakeenaz ohartu ginen. Geroztik gure indarretan sinesten dugu», aitortu du Jerome Thion kapitainak.
Maiatzaren 6an jokatu zen partida hori, eta geroztik Miarritze geldiezin ibili da. Beti izan dute defentsa ona xuri-gorriek. Aitzinean ere indarra erakutsi dute. Maiatzetik aitzina, Ospreysen aurka ikusi ahal izan zen bezala, errealismo harrigarria erantsi diote defentsari eta indarrari. Miarritzek partidak hiltzeko gaitasun hori dauka, eta horri esker aitzina atera ditu partida anitz.
Hiru asteko 'atsedena'
Errealismo horren erantzuleak, zati handi batean, Yachvili eta Traille izan dira. Uztartze erdia zelaian izanen da, eta bere ostikadek urrezko balioa izanen dute. Badaezpada ere, ez du deus baztertu Yachvilik bere prestaketan: «50 metroz haragoko ostikoak jotzeko entrenatu naiz. Aukeraren bat badago, hobe prest izatea».
Haren ondoan ez da izanen, zorigaitzez, Damien Traille. Bere airezko jokoa eta drop-ak sartzeko gaitasuna eskas izanen dituzte xuri-gorriek gaurko lehian. Hala ere, Jack Isaac Miarritzeko gibelekoen entrenatzaileak ez du Munsterren kontra egindakoa errepikatuko, eta Julien Peyrelongue hasieratik zelairatuko du, zangoz Yachviliri laguntzeko. Karmichael Hunt, berriz, erdiko gisa ariko da Arnaud Mignardiren ondoan.
Hala ere, zalantza handia Miarritzeren erritmoan dago. Tolosak galtzak bete lan izan ditu asteotan, lehiaketa guztietan baitzuen zerbait jokoan. Leinsterren aurkako finalerdiaren ondotik, Castresi irabazi zion Top14ko azken fasean. Joan zen astean, berriz, Top14ko finalerdietan Perpinyaren aurka galdu zuen. Gaurkoarekin, lau astez kanporatzen zuzenezko lau partida jokatu ditu hiri arrosako taldeak.
Bitartean, Miarritzek ez du partidarik jokatu hiru astez, Top14ko azken fasetik kanpo gelditu baitzen. Nola eragingo dio horrek partidari? Tolosa nekatuta egonen da? Ala Miarritzek lehiaketaren erritmoaren falta sumatuko du? «Hiru asteak fite pasatu dira, eta ongi sentitzen naiz», esan du Yachvilik. Gaurko partida garrantzitsua etortzeko ezinegona, halere, sentitzen da Miarritzen. «Denbora izan dugu prestatzeko, eta orain jokatzeko irrikan gaude», dio Laurent Rodriguez kirol zuzendariak.
Batzuek erranen dute ez dela bortxaz hobea Tolosak izan duen egutegi eroa. Hilabete oso bat hil edo biziko partidak jokatzen, horrek xurgatzen duen energiarekin. Miarritzen, baina, ez dira fio. «Castresen eta Perpinyan talde misto bat zelairatu zuen Tolosak. Jokalari bikainak ditu, eta ezin da ondorio handirik atera haren freskotasunari buruz», dio kezkati Isaacek.
Azken finean, gisa horretako egoerak ez dira egunero ikusten, eta gaurko partidaren zain egon beharko da noren egoera zen onena ondorioztatzeko. Aitzinean izanen den borrokak, bestalde, ez du dudarako tarterik uzten. Uztartzea bi taldeen indar nagusia da. Jean Mixel Gonzalez aitzinekoen entrenatzaileak berriz ere utzi du ordezkoekin Fabien Barcella Frantziako selekzioko jokalari garrantzitsua. Eduard Coetzeeren alde egin du azken partidetan Gonzalezek, uztartzearen ezkerraldearentzat. Hegoafrikarrak zelaian irabazi du postua, eta gaur ere hasieratik ariko da Parisen.
Tolosan, berriz, atsedena izan ondoren berriz ere William Servat eta Benoit Lecouls hasieratik ariko dira. Ezkerraldean hautu zaila zuen Yannick Bru aitzinekoen entrenatzaileak. Azkenean, Jean Baptiste Poux zelairatu du hasieratik, eta Dan Human ordezkoekin egonen da.
Miarriztar eta okzitaniarren indarra ikusiz, zaila da aitzineko borrokako garailea asmatzen. «Oso zaila izanen zaigu Tolosako uztatzeari gaina hartzea», adierazi du Rodriguezek. «Tolosak indarra badu, baina min egiten ahal diegu», esan du, berriz, Gonzalezek.
Agian uztartzea baino gehiago, baloi jabetzaren borrokako beste guneetan jokatuko da finala. Eskasetan, Imanol Hariñordoki jokatu ahalko du Miarritzen. Sudurra hautsita eta saihetsak ukituta, baina hor izanen da garaztarra. Parean, baina, eskasaren espezialista bikaina izanen du Hariñordokik: Jean Bouillhou.
Edozein errugbi partidatan bezala, eta are gehiago final batean, edozein baloi borrokatzeko gogoa eta uztartze irekietan nagusitzeko grina izanen dira gakoak. Eta, alde horretatik, Miarritzerengan konfiantza ukan daiteke. Lau urtez finalik jokatu gabe egon baita, denbora asko, gehiegi aukeran. «Lau urteren ondotik, final bat jokatzea ohore eta poz handia da», nabarmendu du Yachvilik. Eta «Aspaldi sentitu ez genituen emozioak senti ditzakegu berriz ere», adierazi du Peyrelonguek.
Nahi ala ez, ilusio gehigarri hori lapurtarren alde izanen da gaurko norgehiagokan. Tolosa punta-puntan egoten ohituta dago, eta mentalki nekatuta egonen da, hilabete oso bat hil edo bizi jardun ondoren. Miarritze, berriz, gozoa jan gabe egon da lau urte luzez. Eta gose berezi hori izanen du. Agian huskeria izan daiteke hori, baina batzuetan finalak huskeria batek erabakitzen ditu.
ERRUGBIA. HEINEKEN KOPAKO FINALA. Ekarri etxera kopa
Miarritzek azken urteetako egunik garrantzitsuena biziko du gaur, Heineken kopako finala jokatuko baitu Tolosaren aurka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu