Errumanian egin du habia

Ainhoa Hernandez eskubaloi jokalariak hiru urte daramatza Errumanian jokatzen, Europako ligarik indartsuenetakoan. Gozatzen, hazten eta ikasten ari da pertsona eta kirolari moduan. Hori zuen helburu joan zenean.

(ID_17023709823135) Ainhoa Hernandez Eskubaloi jokalaria
Ainhoa Hernandez eskubaloi jokalaria, jaurtiketa bat egiten. RAPID BUKAREST
ainara arratibel gascon
2023ko abenduaren 13a
05:05
Entzun

Etxeko taldean, Zuazon, izan zuen urteetan habia Ainhoa Hernandez eskubaloi jokalariak (Barakaldo, Bizkaia, 1994). Goxo eta gustura zegoen bertan. Baina duela hiru urte hegan egiteko beharra sentitu zuen, pertsona eta kirolari moduan hazten jarraitzeko. Horretarako aukera paregabea zuen aurrean, Europako liga indartsuenetako batean jokatzea: Errumaniakoan. Abagunea baliatu, eta bertan egin du habia. Onenekin eta onen aurka lehiatzen ari da. «Gustura» dago, egin duen lanari esker hazteko zuen helburu hori lortzen ari baita. Jokalari garrantzitsua bihurtu da Rapid Bukaresten.

Hernandezek nabarmendu du kantxatik kanpo oso erraza izan zela egokitzapena.«Ni iritsi nintzenean Espainiako jokalari dezente zegoen taldean, baita entrenatzailea ere: Carlos Viiver. Aurretik asko hitz egin nuen haiekin, eta zalantzarik ez izateko esan zidaten, oso ondo egongo nintzela». Hala baieztatu du urte hauetan: «Oso lasai bizi gara hemen. Eguraldiarengatik eta jendearen izaeragatik, jendea etxekoiagoa da, eta askotan geratzen gara planak egiteko, baina etxean. Oso gustura nago». Bestalde, hizkuntzarekin ari da pixkanaka. «Ulertu, dagoeneko, dena ulertzen dut. Hedabideetan, adibidez, egiten dizkidaten elkarrizketetan galderak errumanieraz egiten dizkidate, nahiz eta nik gazteleraz edo ingelesez erantzun. Eta egunerokoan ere moldatzen naiz: erosketak egiteko, jatetxe batera joateko...».

Baina are aberasgarriagoa da kirol ikuspegitik izaten ari den esperientzia.«Egia esan, eskubaloiak indar handia dauka hemen. Pabiloiak handiagoak dira, eta asteburuero bete egiten dira. Ederra da giro horrekin jokatzeko aukera izatea. Gainera, partida gehienak zuzenean ematen dituzte telebistaz». Duen indarra erakusteko, beste adibide bat jarri du. «Klubaren futbol taldeko zalerik sutsuenak gure partidak ikustera etortzen dira, batez ere Txapeldunen Ligakoak». Jokalariek dituzten baldintzak ere oso bestelakoak dira, eta ez soldatei dagokienez soilik. «Adibidez, etxetik kanpoko partidetan, nahiz eta gertu jokatu, bezperan bidaiatzen dugu beti. Orain konturatzen naiz Zuazon geundenean nolako erokeriak egiten genituen: egunean bertan bidaiatu, autobusez...».

Jokoari dagokionez, «egokituta» dago, baina horretarako «lan handia» egin behar izan duela aitortu du. Arrazoia: hango ligan bizkorrago jokatzen da, eta fisikoak garrantzia handiagoa dauka. «Lehen denboraldian ordu asko egin behar izan nituen gimnasioan, hemengo jokalarien mailan egoteko». Izan ere, batetik, abiadura handiagoz jokatzeak erdikoen eta albokoen mugimenduak bizkorrago interpretatu behar izatea eskatzen dio piboteari. «Azken batean, gure lan garrantzitsuetako bat haientzat hutsuneak sortzea da, edo haien paseak jaso eta golak sartzea. Jaurtitzaileek berehala askatzen dute besoa, eta oso adi egon behar dugu».

«Eskubaloiak indar handia dauka hemen; pabiloiak handiagoak dira, eta asteburuero bete egiten dira. Ederra da giro horrekin jokatzeko aukera izatea». 

AINHOA HERNANDEZRapid Bukaresteko jokalaria

Gainera, pibotearen postua oso fisikoa da. «Kontaktua handia da, eta hemengo jokalariak fisikoki indartsuagoak dira. Haien aurka buruz buru aritzea ez zen erraza izan hasieran, baina dagoeneko hartu diot martxa». Martxa hartu dio astean bi partida jokatzeari ere.«Txapeldunen Liga jokatzeak hori dauka. Bidaiak, partidak... Ederra da, baina aldi berean asko eskatzen du fisikoki. Ni ez nengoen erritmo horretara ohituta. Gainera, apenas duzun entrenatzeko denborarik. Baina nire ametsa hori zen, eta horretarako etorri nintzen hona». Urte hauetako lanaren ostean jokalari «osoagoa» dela berretsi du. «Asko ikasi dut, batez ere jokoa interpretatzeari dagokionez, eta hori funtsezkoa da nire postuan. Bide horretatik jarraitu nahi dut, eta ikasten eta hobetzen jarraitu».

Zuazori gertutik erreparatzen

Titulu bat ere lortu du, liga irabazi baitzuen lehen urtean. «Zoragarria izan zen». Aurreko denboraldian bigarren amaitu zuten, eta horrek berriro ere Txapeldunen Liga jokatzeko aukera eman die denboraldi honetan. Egun, ligan, hirugarren tokian daude. 11 partidetatik zortzi irabazi dituzte, eta hiru galdu. Baina dagoeneko entrenatzailea aldatu dute. «Exijentzia handia da hemen. Irabazteak baino ez du balio. Entrenatzaile berriak txinparta handia eman digu, eta, nahiz eta liga irabazteko aukera apur bat zaildu egin zaigun, gure helburua Txapeldunen Liigako postuetan amaitzea da». Hain zuzen ere, txapelketa horretan egin dituzte denboraldiko neurketa onenak. «Vipersi, adibidez, bi partidak irabazi dizkiogu. Gure multzoan bagara talde batzuk hiru garaipen, berdinketa bat eta lau porrotekin. Borroka handia da, baina ea azken partidetako bideari eutsi eta aurrera egiten dugun txapelketan. Txapeldunen Liga jokatzeak talde moduan hobetzen laguntzen digu».

Egunerokoa Errumanian duen arren, azken asteetan egun batzuk egin ditu Euskal Herrian, ligak etena izan baitu Munduko Txapelketa dela eta. «Pena eman dit han egon ez izanak. Banekien zaila izango zela bertan egotea, nire postuan lau jokalari oso on ginelako lehian Espainiako selekzioan. Baina lanean jarraituko dut, berriz ere halako txapelketa bat jokatu ahal izateko». Txarrenari onena atera dio, ordea. Etxekoekin eta lagunekin egoteko baliatu du, besteak beste Zuazokoekin egoteko. 

Zilarrezko Ohoreko Mailan ari da orain Barakaldoko taldea, aurreko sasoian maila galdu eta gero. «Asko hitz egiten dut Haitorekin [Joseba Rodriguez entrenatzailea] eta han ditudan lagunekin. Lesioekin arazo dezente izan dituzte, eta ez da erraza kategoria berri batera egokitzea. Baina ziur nago denboraldiak aurrera egin ahala gora egingo dutela, eta gauzak ondo joango zaizkiela». Merezi dutela nabarmendu du. «Egoera ekonomiko estua tarteko, asko sufritu du klubak azken urteetan, baita jokalariek ere. Ez da erraza hilabeteak soldatarik kobratu gabe egotea. Espero dut hemendik aurrera gauzak hobeto joatea, eta erakundeek balioa ematea bertan egiten den lanari, handia baita».  Maddi Aalla, Ane Erauskin, Fernandez Agusti ahizpak, Maddi Bengoetxea, Estitxu Berasategi... Jokalari handiak igaro dira bertatik. «Talde oso ona izan genuen urte askotan». Ez du baztertzen egunen batean bueltatzea: «Nire etxeko taldea da». Oraindik, hala ere, atzerriko esperientziaz gozatzen jarraitu nahi du. «Aipatu bezala, oso gustura nago hemen, eta etorkizunean beste ligaren bat probatzeko aukera ere hor dago».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.