Errusiako Munduko Kopa

Errusiak eskura du sailkapena, eta Poloniaren hutsak baliatu ditu Senegalek

ainara arratibel gascon
2018ko ekainaren 20a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Polonia 1-2 Senegal

Golak. 0-1: Cionek bere atean (38. min). 0-2: Niangek (60. min). 1-2: Kritxowiakek (86. min).

Errusia 3-1 Egipto

Golak. 1-0: Fathik bere atean (47. min). 2-0: Txerixevek (59. min). 3-0: Dzyubak (61. min). 3-1: Salahk penaltiz (73. min).

Festak aurrera segitzen du Errusiarentzat. Atzo beste garaipen ikusgarri bat lortu zuen, Egiptoren kontra: 3-1, eta hanka eta erdi dauka final-zortzirenetan. Egipto, berriz, ia kalean da. Txerixeven eta Dzyubaren abiadura erabakigarria izan zen berriro. Etxeko selekzioaren datuak ikusgarriak dira: zortzi gol alde eta bat kontra.

Gol guztiak bigarren zatian ailegatu ziren. Zori gaiztoko jokaldi batean Fathik bere atean sartutako gol baten ostean (47. min), Txerixevek eta Dzyubak ia erreskadan sartutako gol banari esker (59. eta 61. min) ia erabakita utzi zuten lehia: 0-3. Txerixevek hiru gol daramatza Munduko Kopan. Cristiano Ronaldorekin, txapelketako golegilerik onena da.

Egipton, sasoi betean egon ez arren, Salah izan zen onena. Hark sortu eta egin zuen bere selekzioaren gol bakarra, penaltiz. Hasieran epaileak kanpoan adierazi zuen falta, baina VARak penaltia zela berretsi zuen. Hortik aurrera Errusiak emaitzari eusten jarri zituen indarrak, eta Egipto nahi eta ezin aritu zen.

Bestalde, Senegalek ederki baliatu zituen Poloniak egindako bi opari, eta garaipen baliotsua lortu zuen. Fisikoki zuen nagusitasuna baliatuz, sendo aritu zen defentsan eta bizi irten zen kontraerasoan. Halak Manek Gueyeriri aukerako baloia utzi zion. Cion gola eragozten saiatu zen, baina bere atean sartu zuen baloia (38. min).

Are larriagoa izan zen poloniarren golean egindako hutsegitea: 60. min). Kritxowiakek pase txarra eman zuen atzera, Szczesni atezainak atezainak zalantza egin zuen irteeran, eta bizi zetorren Niangek baliatu egin zuen. Kritxowiakek egin zuen poloniarren gol bakarra, buruz (86. min).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.