Errusian ez dira ahaztu haietaz

Ezustean iritsi da Eslovenia Hegoafrikara, azken kanporaketan Errusia kanporatuta

Julen Etxeberria.
2010eko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Errusian oraindik akordatzen dira haiekin, eta ez da harritzekoa. Inor gutxik espero zuen esloveniarrek Guus Hiddinkek zuzendu eta Roman Abramovitxek diruz finantzatutako Errusiako selekzioa kanporatuko zutenik; are gutxiago, azken kanporaketako joaneko partida amaitzeko bi minutu eskas falta zirela errusiarrak 2-0 irabazten ari zirela kontuan hartuta. Baina Nejc Pecikek sartutako golak Munduko Kopa jokatzearekin amets egiten jarraitzeko aukera eman zion Esloveniari. Eta ametsa egia bihurtu zen egun batzuk geroago, itzuliko partida 1-0 irabazi ondoren. Berriro Munduko Kopara, bigarren aldiz-2002an egin zuen debuta, Japonian eta Hego Korean, eta zuen gainditu lehen ligaxka-.

Aurreko hautatzaileen aldean, Matjaz Kekek talde jokoaren alde egin du. Atzean geratu da selekzioaren hastapenetan Zlatko Zahovicen eta enparauen buruz burukoak oinarri zituen jokoa. Taldea da orain oinarria, eta defentsa, jokoaren makulua. Samir Handanovic atezainak (1,96 metro) eta Bostjan Cesar (1,91 metro) eta Marko Suler erdiko atzelariek (1,87 metro) harresia eraiki ohi dute atearen aurrean. Datu bat: sailkapen fasean lau gol eskas sartu zizkioten hamar partidetan. Zelai erdian, berriz, Valter Birsa eskuin hegalekoa da jokalaririk arriskutsuena, baita kalitate handiena duena ere. Eta aurrean, beste dorre bat: Milivoje Novakovic (1,90 metro). Hura izan zen taldeko goleatzaile nagusia sailkapen fasean, bost gol sartuta.

Aljeriarekin eta AEBekin lehiatuko dira esloveniarrak multzoko bigarren postua lortu eta lehen aldiz final-zortzirenetarako sailkatzeko. Presio handirik ez dute izango, gehiena eurek euren buruari jarriko diotena. Izan ere, Hegoafrikan izatearekin helburua bete dute. Hala ere, Errusia, Txekiar Errepublika eta Polonia bidean utzi ondoren, gehiago nahi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.