FUTBOLA ETA MATXISMOA

Esaldi matxistak entzun dira Eibar eta Real Madrilen arteko partidan

Esaldi matxistak entzun ziren Eibar eta Real Madrilen emakumezko taldeen arteko partidako atsedenaldian. Mikrofonoa nahi gabe irekita utzi omen zuten, eta oraindik ez dakite nor den iruzkin horiek egin zituen gizona.

Real Madril taldeko Sofia Jakobsson eta Eibarreko Estíbaliz Aizpurua, igandeko partiduan. EFE
jone arruabarrena
2021eko maiatzaren 19a
13:04
Entzun

«Ez lukete inoiz jokatu beharko. Debekatu egin beharko lukete. Berdintasuna nahi duten feminazi hauek...», horrelako esaldiak entzun ziren ATA Footballek igandean eskaini zuen partidaren zuzeneko transmisioan, jokalariak aldageletan zeuden bitartean. Beste gizon baten ahotsa ere entzuten zen gero, aurrekoari erantzuten: «Niri ez zait, ba, hala iruditzen», dio. Adierazpenak ageri diren bideo bat zabaldu da, eta haserrea sortu du sare sozialetan. Hainbat futbol jokalarik jarrera matxista hori gaitzetsi dute. Ainhoa Tirapu Athleticeko jokalariak, besteak beste, zera zabaldu du Twitterren: «Batzuetan, jarraitzeko gogoa kentzen zaizu. Baina gauza bat esango dizuet. EZ DUTE IRABAZIKO, GEHIAGO GARA! Jarrai dezagun lanean gizarte hobe baten alde. 'Auzika dabiltza, Santxo, aurrera goazen seinale'».

Maila internazionalean ere, erreakzio ugari sortu du gertakariak. Atletico Madril taldeko jokalari Virginia Torrecillak, esaterako, haserrea adierazi du: «Hau… hau egia da? Mesedez… esaidazue txantxa dela». Sofia Jakobsson Real Madrileko jokalariak honela erantzun dio Torrecillari: «Nik ez nukeen hobeto esango… txantxa bat da? Mesedez… esan txantxa bat dela». 

«Neurriak» hartzeko promesa

RTVE  Radio Television Españolak barne ikerketa bati ekin dio, emanaldian entzun ziren «iruzkin matxista barkaezin» horien jatorria argitzeko. Proba teknikoak zirenez, sekuentzia hori ez zen eman RTVEko kanal edo plataformetan, ez eta partida zuzenean eskaini zuten Teledeporte eta +TDPn kanaletan ere, RTVEk kaleratu duen komunikatu baten arabera.

Izan ere, Espainiako telebistak zehaztu duenez, emisio horren gaineko eskubideak «ez dira esklusiboak». Hori dela eta, RTVEk «partidaren seinalea eman behar dio RFEFi [Espainiako Futbol Errege Federakundea], Espainiako eta nazioarteko hirugarrenei banatzeko». Horregatik,  ATA Footballen emisioan, esaterako, sekuentzia hori ikusteko moduan izan zen. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.