Txirrindularitza. Frantziako Tourra

Eseri lasai, eta gozatu

Agnel, Izoard, Galibier (bi aldiz) eta Alpe d'Huez. Bost igoera horietan erabakiko da Tourra, gaur-biharretan. Aldapa gora ehun kilometro gogor-gogor dauzkate zain.

unai zubeldia
Donostia
2011ko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Henri Desgrange L'Auto aldizkariaren argitaratzaileak zabaldu zuen Frantziako Tourra Alpeetara. Paradisura. 1911n, itzuliaren bederatzigarren ekitaldian. Italiako eta Suitzako mugan, liluratuta geratu zen mendatetzar haien edertasunarekin eta gogortasunarekin. Urtebete lehenago iritsi zen Tourra Pirinioetara, baina beste zerbait nahi zuten antolatzaileek. Altuagoa, gogorragoa, hotzagoa. Desberdina. Galibier izena zuen beste zerbait horrek. Emile Georget frantziarra igaro zen buruan infernu erraldoi hartatik —2.556 metrora zegoen pankarta—. 1911ko uztailaren 10a zen. 50 franko, eta etapa garaipena beretzat —366 kilometro zeuzkan Tourreko bosgarren etapa hark, Chamonixen hasi eta Grenblen amaitu zenak—.

Ordutik 57 aldiz igo da Tourra Galibier gainera. Eta aurten, mendeurrenean, omenaldia egingo diote 2.645 metroko mendatetzarrari. Menua prest dago, eta borrokarako grina ere bai. Egokiago ezin zen tokatu. Alberto Contador (Saxo Bank), uztailaren 2an Tourra irabazteko faborito nagusia zena, denbora dezente galduta dago, eta erasoa jo beharrean da. Beharrak eta gogoak bat egingo dutela ematen du, gainera. Herenegun Mansen eta atzo Pinerolon gertatu zena abisua besterik ez da. Emile Georgetek orain ehun urte justu-justu hanka lurrean jarri gabe igo zuen erraldoiak emango du 2011ko Tourraren epaia.

Agnel, Izoard, Galibier (bi aldiz) eta Alpe d'Huez. Maila bereziko bost mendate. Horixe geratzen zaio urteko hiru asteko itzuli sonatuenari. Hori, eta etziko Grenobleko 42,5 kilometroko erlojupekoa. Muturreko gogortasuna daukaten ehun kilometro baino gehiago aldapa gora; horietatik ia 30 kilometro 2.000 metroko langatik gora; Galibier eta Alpe d'Huez izenak helmugako pankartan bertan... Ikuskizuna eskainiko dute Alpeek. Lasai eseri, begira jarri, eta gozatzeko moduko bi etapa dauzka gordeta Tourrak.

Pinerolon hasi eta Galibierren amaitu, 200,5 kilometro dauzka gaurko etapak. Tartean hiru erraldoi ageri dira: Agnel —Tourreko mendaterik altuena, 2.744 metrorekin—, Izoard eta Galibier. Agnelera bidean hasiko da ikuskizuna. 46,5. kilometroan tarteko helmuga pasatuta, Brossasco eta Sampeyretik barrena —Cuneoko probintzian, Italian—, etengabe gorako joera hartuko du errepideak. Casteldelfino herrian hasiko dira Agnel igotzen, 1.299 metrora. Baina ordurako ia 1.000 metroko desnibela pilatuta izango dute txirrindulariek.

Castelloko aintzirara iritsi aurretik, gogorrak dira lehen lau kilometroak, %10eko batez bestekoa daukaten pare bat zati daudelako tartean. Bi kilometroko atseden txiki bat besterik ez dauka Agnelek, aintziran barrena. Baina hortik gora ikusgarria da aldapa. Chianale herriak zatitzen du Agnel, elur garaian mendateari langa jartzen dion herriak. 1.800 metrora dago Chianale, eta 2.690 metrora Agneleko mendiko pankarta. Hamar kilometro eta erdian igoko dituzte 900 metro horiek. Ondorioa argia da: batez bestekoa nekez jaisten da %10etik; %15eko zati batzuk ere badaude azken kilometro ito horietan. Azken zazpi kilometro eta erdiak 2.000 metroko langatik gora egingo dituzte, eta oxigeno falta egongo dela esan nahi du horrek. Bero handirik ere ez dute izango, bost gradu daudelako iragarrita gaurko Agnel gainean.

Hogei kilometroko jaitsiera luzearen ondoren iritsiko da eguneko bigarren erraldoia: Izoard. 14 kilometroko igoera da, eta batez bestekoa %6,9koa. Arvieux herritik gora dauka zatirik gogorrena Izoardek, hurrengo bost kilometroetako batez bestekoa %8tik gorakoa delako —%13ko zati bat ere badago—. 2.000 metroko langara iritsita, kilometro bateko atseden txiki bat dauka igoerak. Ordurako basoko freskuran sartuta egongo dira, gainera, txirrindulariak. Hori bai, Mont Ventouxen gertatzen den moduan, azken zatian ez dago berde kolore askorik.

Fausto Coppi eta Louison Bobet handien monumentuen ondotik pasatuta, %8ko batez bestekoarekin iritsiko dira Izoardeko pankartapera. 145 kilometro eginda edukiko dituzte ordurako, eta hamazazpi kilometroko jaitsieraren ondoren hasiko dira igotzen Galibier, alderik etzanenetik. Serre Chevalier haranan barrena, luze-luzea da igoera, 21 kilometrokoa. Baina Le Monetier herritik azken kilometrora bitartean ez dauka muturreko gogortasunik —Lautaret mendatetik gora dago aldaparik handiena; %9koa—. Altuerak egingo du min Galibierren, eta aurretik egindako 180 kilometroek. Orain bi egun elurra zegoen iragarrita gaurko Galibier gainean, baina, azkenean, ez dirudi arriskurik egongo denik. Hori bai, ipar haizea, sei gradu eta lainoa daude iragarrita.

2.645 metrora iritsi arteko azken 1.000 metroek %10,5eko batez bestekoa daukate. Tourrak inoiz ez du jarri helmugako pankartarik hain altu, eta leherketaren bat sortzeko lehen aukera argia edukiko dute faboritoek. Aurreko egunetako joa ikusita, handiren bat egin nahiko du Contadorrek. Ikusi egin beharko da faboritoek zein talde estrategia baliatuko dituzten gaur. Baina aldapa gora egin beharreko 57,4 kilometroek hankaz gora jar dezakete sailkapena. Andy eta Frank Schleck anaiak (Leopard-Trek) beldurtu antzean dabiltza; Ivan Bassok (Liquigas) segundo eder batzuk galdu zituen atzo ere; Thomas Voeckler (Europcar) liderraren maillotari eutsi eta eutsi ari da... Samuel Sanchezekin (Euskaltel-Euskadi) batera, Cadel Evansek (BMC) soilik ematen du gai Contadorren joari eusteko.

Alpe d'Huezen epaia

Galibierreko lehen berotuarekin nahikoa ez duenak bihar edukiko du bigarren aukera. Leherketa baten moduko etapa prestatu dute antolatzaileek biharko. Kilometro kopuruari begiratu besterik ez dago: 109,5. Modanetik abiatu, 14. kilometroan Telegraphe lehen mailakoa igotzen hasi, Galibierren alderik gogorrenarekin lotura egin, 46 kilometroko jaitsiera amaitezinean indarrak berreskuratu, eta Alpe d'Huezen astindu beharrekoak astindu. Igotzen ez dena jaitsi egingo dute biharko etapan.

Bi mendate batean. Hori da Telegraphe eta Galibierren batuketa. Telegraphe gainetik Valloire herrira bitartean dagoen bost kilometroko jaitsiera salbu, 35 kilometroko igoera gogorra da bi mendate horiek osatzen dutena. Aurretik ihesaldia sortzeko kilometro askorik ez dago, eta arriskutsua izango da lehen igoera hori. Pinudian gora, bihurguneari bihurgunea lotuz, mendate erregularra da Telegraphe. Ez dauka aldapa ikusgarririk —%15eko zati motz-motz bat dauka seigarren kilometroan—, baina batez bestekoa %7-8koa da ia une oro.

Baina Valloiretik gora egurra hartuko dute txirrindulariek, %10eko batez bestekoekin. Galibierren azken zortzi kilometroek —2.000 metrotik gora— %8ko batez bestekoa daukate. Horrekin dena esanda dago. Bourg d'Oisansera bidean, pedalei eragin beharreko 46 kilometroko jaitsiera dauka Galibierrek. Eta ordura artekoarekin nahikoa ez zeukanak Alpe d'Huez mitikoa izango du zain. 14 kilometro, %7,9 batez bestekoa, eta, 21 bihurguneetako bakoitzean, hanketako min galanta. Contadorren erasorako gogoarekin, telebistaren aurrean lasai eseri, eta gozatzeko moduko bi etapa daude zain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.