Realak lau gol sartu zituela. Seguru asko, horri erreparatuko dio partida ikusi ez zuenak. Baina garaipenaren gakoa ez zen hori izan, atea hutsean uztea baizik. Azken lau jardunaldietan ere atea zulatu zuen, baina erraztasunak eman zizkion aurkariari, eta esku-hutsik gelditu zen. Atzo, ordea, defentsan lan serioa egin, abantailarekin jokatzen asmatu, eta akatsak konpondu zituen, Martin Lasartek bezperan esan bezala. Kritika ugari jasotako jokalari askok bere burua aldarrikatu zuten Getafen; erdiko atzelariek, esaterako. Gozamena izan zen gol festa, ukaezina da hori, baina garrantzitsuena zera da: eskatzen zitzaiona egin zuela Realak.
Azken porroten zama nabaritu zitzaion Realari lehen minutuetan. Urduri aritu zen, gaizki kokatuta. Getafe, berriz, bizi-bizi atera zen zelaira eta arazoak sortu zizkion, eskuinetik batez ere. Manuren jaurtiketa gelditu behar izan zuen Bravok, eta baita erdiraketa arriskutsuren bat ere. Zorionez, beste partida askotan bezala, markagailuan Realak hartu zuen aurrea, Torresek egindako penalti argiari esker. Golak ez zuen jokoa gehiegi aldatu. Getafe zen nagusi zelai erdian, Boatengen grinari esker. Estradak dezente sufritu zuen Colunga hegalerantz jaitsi eta Gavilanekin elkartu zenetan. Baina, oro har, hasieran baino lasaiago aritu zen Reala.
Hirugarrenean, barrura
Erasoan ere motorrak berotzen hasi zen taldea, Zurutuza eta Prieto jokoan sartu ahala. Erdilari ile-gorriak erdiraketa bikaina egin zuen, baina Llorentek gora bidali zuen burukada. Elustondoren falta jaurtiketa, berriz, zutoinera joan zen. Hirugarrenean, ordea, ez zuen barkatu Realak. Llorentek erdiratu, eta Griezmannek bolea ikusgarria jo zuen. Ospakizunean keinu inozoa egin zuen frantziarrak, ikurrina ikusleei erakutsiz. Inozoa, taldearen, zaleen eta bere interesen aurka zihoalako, eta ikusleak ernegatu zituelako. Taldekideek ere kargu hartu zioten, eta Lasartek ezezko keinu argia egin zuen buruarekin. Barkamena eskatu zuen partida bukaeran Griezmannek.
Getafek ez zuen amore eman. Reala estutzen saiatu zen atsedenaldia iritsi aurretik, baina ekimena eduki arren, minik ez zion egin. Urruneko jaurtiketak eta faltak izan ziren baliabide bakarrak, baina ez zuen asmatu. Bigarren zatirako Markel zelairatu zuen Lasartek, Rivasen ordez. Espainiarrak txartel horia zuen, eta suarekin jolasean zebilen. Michelek, berriz, aldaketa erasokorra egin zuen, Torresen ordez Albin zelairatuta. Punta-erditik arazoak sortu zizkion Albinek Realari. Zorionez, erdi-erdira joan zen uruguaitarraren ezkerkada. Beste horrenbeste gertatu zen Manuren eskuinkadarekin.
Realak kontraerasoen bitartez eman zion erantzuna. Hala ere, erritmo azkar hori ez zitzaion komeni. 2-0ekoa markagailu engainagarria da beti, eta Getafe baloia atzetik aise ateratzen ari zen. Txuri-urdinen presioa ez zen hain ona, nekeagatik. Zurutuza leher eginda zegoen, eta Prietoren falta sumatzen zen, partida mantsotzeko garaian. Hala ere, gauza bat egin zuen oso ondo Realak: asko neurtu zituen igoerak, azken partidetako lezioa ikasita zuela erakutsita. Ez zion bizkarra eman aurkariari, eta defentsa lana aparta izan zen. Hegaletara eraman zuen Getafe, nahita, eta horma apurtezinarekin egin zuten topo madrildarren erdiraketek.
Hiru atzelarirekin jokatu zuen Getafek azken hogei minutuetan, hil ala bizi. Eta Realak, ustekabean, ehiztari sena atera zuen. Egia da oso aukera garbiak eman zizkiotela, baina futbol eskoletan erakusteko moduko bi kontraeraso egin zituen. Orduan azaldu zen Prieto, goleko bi paseak emanez. Irten berri batek, Aranburuk, egin zituen errematatzaile lanak, ezker hankarekin. Talde handien modura apurtu zuen bolada txarra Realak. 25 puntuko altxorra du lehen itzuliaren bukaeran.
Eskatzen zitzaiona
Azken partidetako akatsak zuzendu, eta bolada txarra hautsi du Realak, Getaferi nagusitasun osoz irabazitaEtxekoen barruko jokoa indargabetzeaz gain, defentsan txukun aritu dira txuri-urdinak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu