Eskerrak joaneko partidari

Paris Saint-Germainek ederki kostata kanporatu du Valentzia, eta final-laurdenetan ariko da 18 urte ondoren

Julen Etxeberria.
Donostia
2013ko martxoaren 7a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Mestallan jokatutako joaneko partidako luzapenean Ramik sartutako golarekin itxaropenerako leiho bat ireki zitzaion Valentziari; leiho oso txikia, hori bai. Batetik, gol horrek ez zuelako eragotzi Paris Saint-Germainen garaipena. 1-2 irabazi zuen Frantziako taldeak, eta are faboritoagoa bilakatu Txapeldunen Ligako final-laurdenetara sailkatzeko.

Emaitza horrekin Ernesto Valverdek entrenatutako taldea behartuta zegoen itzulikoan Parisko Printzeen Parkean irabaztera, nori eta bere zaleen aurrean goitik behera nagusitu zitzaion aurkariari. Ez hori bakarrik, gutxienez bi golen aldeaz zuen irabazi beharra —1-2koarekin luzapena behartuko luke—. Erronka zaila zen, baina Ramiren golak eta Parisko taldea bere jokalari onena gabe ariko zela jakiteak —epaileak Ibrahimovic kanporatu zuen joanekoan—itxaropenerako izpi bat zen Valentziarentzat.

Eta izpi hori distiraldi bilakatu zen Jonasek atzo 55. minutuan gola sartu zuenean. 0-1ekoa zen. Beste gol batekin final-laurdenetan zen Valentzia. Gola, baina, etxekoek sartu zuten hamar minutu geroago, Lavezzik, joanekoan lehen gola sartu zuen jokalari bera. Kolpe gogorra jaso izanagatik, ez zuen etsi Valentziak. 25 minutu falta ziren jokatzeko, eta beste gol batekin luzapena behartuko zuen. Ez zen sari makala. Eta izan zuen aukerarik, baina ez zuen asmatu. Azkenean banakoa, eta Paris Saint-Germainentzat sailkapena.

Frantziako hiriburuko taldeak ia hogei urte zeramatzan Txapeldunen Ligako final-laurdenetara iritsi ezinik, 1994-1995 sasoitik. Orduan finalerdietara iritsi zen, Bartzelona kanporatu ondoren. Finalerdietan, ordea, Milanek moztu zion bidea. Hala ere, Lama, Roche, Le Guen, Guerin, Ginola, Rai, Weah eta enparauen talde hark arrastoa utzi zuen.

Juventus, zazpi urte geroago

Juventusek, berriz, zazpi urte behar izan ditu berriro final-laurdenetan sartzeko. Joanekoan utzi zuen erabakita kanporaketa, Celticen zelaian 0-3 irabazita. Atzo, berriz, lana biribildu zuen, berriro garaipena lortuta (2-0). Datorren asteartean eta asteazkenean jokatuko dira final-zortzirenetako beste lau itzuliko partidak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.