«Eskerrik asko, Mikel»

Mikel Aranburuk jakinarazi du erretiroa hartuko duela sasoia amaitutakoan, Realeko lehen taldean hamalau sasoiz aritu ondoren«Unerik egokiena hauxe da, bai niretzat, bai taldearentzat», aitortu du kapitainak

Donostia
2012ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
«Denboraldia amaitzerako 33 urte izango ditut, eta azken sasoietan esan izan dudanari eutsiko diot orain ere: urtez urte ikusi beharreko kontua da», hori adierazi izan du Mikel Aranburuk behin eta berriz, bere egoeraz galdetuta. Esan eta egin. Ikusi du ikusi beharrekoa, eta bere barruari jaramon eginez erabakia hartu. Badoa; futbolari jantziak erantzi nahi ditu betiko, 400 neurketa baino gehiago jokatu eta gero bere bihotzeko taldearekin.

Arratsaldeko bostak pasatxo zirenean hartu zuen hitza Zubietako prentsa aretoan. Ikusmina handia zen. Lehen taldeko ordezkari guztiak han zituen zain. Ordurako eserita zeuden aurreneko ilaran Angel Oiartzun, Mikel Ubarretxena eta Juanjo Arrieta agintariak eta Lorenzo Juarros Loren eta Javi Perez kirol arduradunak. Atzerago, Xabi Prieto, Jon Ansotegi eta Claudio Bravo, besokoaren oinordekoak. Txaloka eta oihuka hartu zuten. «Ikusten ari zareten moduan poztu egin dira nire taldekoak hartu dudan erabakiagatik», esan zuen beste ezer baino lehen berezkotasunari eutsiz. Natural. Mintzoa zintzotzen joan zen segidan.

«Denbora hartu behar izan dut, ez baita erabaki samurra izan niretzat. Futbola uzteko unea iritsi zait». Pisu handi bat gainetik kendu izan balu bezala hartu zuen arnasa albistea bota ostean, eta bere burua loratzen hasi gabe, eztarriko korapiloari sendo eutsiz, kazetariei eman zien lekukoa.

Galdera nagusia: zergatik hartuko duzu erretiroa? «Alderdi guztiak aintzat hartu eta gero erabaki dut; ez da izan egun batetik besterako kontua. Txukuna bukatu nahi nuen ibilbidea. Beti eman izan diot garrantzi handia gauzak bere garaian uzten jakin izan duten horien gaitasunari, eta ez naiz soilik kirolaz ari. Azken arte jokatzeko aukera izan dut, egunerokotasunean partaide sentituz. Gustura aritu naiz. Urte asko pasatu dira, eta horrek bere eragina ere badu, nekea pilatzen baita. Unerik egokiena iruditu zait. Bai niretzat, bai taldearentzat». Hondoa jo baino lehen utzi nahi izan du, sasoiko. Arrazoi bakarra izan ez arren, mamitsuena da.

Realak aspaldi jarri zion mahai gainean beste urtebetez jarraitzeko aukera. Bere inguruak ere utz ez zezan zirikatu du. Alferrik. «Une egokienean utziko dudan seinale izan liteke hori. Garbi sentitu dut. Gauzak bere garaian uzteak balio handia izateaz gain, gazte asko azpitik indarrez datozenez, ez zait iruditzen taldearentzat aparteko kaltea eragingo duenik». Harrobikoei bidea ez moztea, beraz, agur esateko bigarren heldulekua.

Erabakia barneratu eta onartzeko prozesua luzea izan ote den galdegin zitzaion ondoren. «Bai, bai, luzea izan da. Batez ere eguneroko martxan oso gustura sentitu naizelako. Ez dut inoiz arazorik izan taldekide, entrenatzaile, agintari edo zaleekin; beti hartu izan naute gogo onez. Erabakia hartu beharra zegoenez, hobe aho zapore onarekin uztea».

Ikuspuntu profesionaletik at begiratuko dio orain futbolari. Ez du oraingoz loturarik nahi. «Futbol artetik aldendu nahi dut, atseden hartu. Erretiroa hartzean beste zale arrunt baten moduan Anoetara joatea pentsatu izan dut; hori egingo dut bakarrik».

Taldekideen agurra

Arrastoa utzi die taldekideei Aranburuk. «Haren balioak txertatuta geratuko zaizkigu betiko», zioen Joseba Llorentek. Hondarribiarrak eta azpeitiarrak mutikotan ezagutu zuten elkar, 13 urterekin, aurrenekoz Zubietara iritsi zirenean. «20 urte hauetan erabaki garrantzitsu asko hartu behar izan ditu Mikelek, eta ez du inoiz hanka sartu. Oraingoan ere ziur asmatuko duela». Llorenteren esanak aho batez onartu zituzten kapitainaren tokia beteko duten besteek.Xabi Prietorentzat, «neurriz kanpoko futbolaria doa. Adiskidea, taldekidea, kapitaina... eredugarria izan da». Bravok, Ansotegik eta Mikel Gonzalezek erabakia errespetatzeko eskatzeaz gain, «lagun» baten agurraz hitz egin zuten. «Eskerrik asko» esan zioten denek Zubietan, baita Jokin Aperribai presidenteak ere. Urrezko intsignia jarriko dio Aperribaik Valentziaren aurkako egunean. Zaleen berotasuna sentitzeko aukera izango du, hortaz. Zelaian hasitakoa zelaian amaituko da. Lehen egunean bezain natural, umorez busti zituen azken hitzak. «Orain entrenatzaileak Valentziaren aurkako lehiako aukeratutakoen artean izatea espero dut». Jokatuz esango du agur, berak askotan imajinatu zuen gisan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.