Bidasoa eskubaloi taldeko jokalaria

Mikel Zabala: «Eskubaloiak asko eman dit, baina baita kendu ere, eta oso erreta bukatu dut»

Zabalak ezustean jakinarazi du sasoi amaieran hartuko duela erretiroa; ezustean, 27 urte baititu, eta beste urtebeterako kontratua baitzuen Bidasoarekin. Argi du: «Hau da garaia».

Mikel Zabala. ANDONI CANELLADA / FOKU
Mikel Zabala. ANDONI CANELLADA / FOKU
Julen Etxeberria.
Donostia
2025eko maiatzaren 17a
05:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Elkarrizketa non egin nahi duen galdetuta, Donostiako EHUren campusa aukeratu du Mikel Zabalak (Eibar, Gipuzkoa, 1998). Han ikasi zuen Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako Gradua. «Eskubaloia lagata, horretan egin nahi dut lan», esan du.    

Egun batzuk pasatu dira jakinarazi zenuenetik eskubaloia utziko duzula denboraldi amaieran. Nola zaude?

Egun zirraragarriak izan dira. Jende askok idatzi dit, eta askoren mezuak ez nituen espero. Denek oso gauza politak esan dizkidate. Pozik nago, eta lasai; zama kendu dut gainetik.

Kostatu zitzaizun agurreko eskutitza idaztea?

Bai. Idazten ari nintzela, irakurri eta emozionatu egiten nintzen. Lanak eman zizkidan; ez nuen inorekin ahaztu nahi. Uste dut polita gelditu zela.

«Eskubaloitik urrundu» nahi duzula idatzi zenuen. Zergatik?

Arrazoi bat baino gehiago dago. Zazpi urte daramatzat Bidasoan, eta guztiak oso exijenteak izan dira: taldea beti aritu da ligan bigarren izateko borrokan, baita Europan ere. Azken bi urteak izan dira okerrenak; oso erreta bukatu dut. Eskubaloiak asko eman dit, baina baita asko kendu ere, eta, azkenaldian, ikusten nuen beste gauza batzuk egin nahi nituela. Ikasketak amaitu ditut, eta uste nuen garai ona zela Eibarrera itzuli eta lanean hasteko. Bizitza arruntago bat izan nahi nuen.

27 urte besterik ez duzu, eta beste urtebeterako kontratua. Ulertzen duzu jendeak ezustea hartu izana?

Bai, baina nik sentitzen nuen datorren denboraldian ez nintzela egongo bete-betean, eta zintzo jokatu behar nuela klubarekin. Badakit batzuentzako ez dela ulergarria izango, baina gertukoenek ulertu dute. Orain, eskubaloia laga nahi dut guztiz, baina atea pixka bat irekita lagako dut; harra pizten bazait, herrian badut kluba.

«Bidasoa ez da erdizka aritzeko taldea», zenioen. Erdizka aritu zara azkenaldian?

Gero eta gehiago kostatzen zitzaidan entrenatzera joatea; ez nuen lehengo motibazioa, eta ez nuen lehen bezala gozatzen. Ez nuen egon nahi beste urtebete horrela. Klubak gauza handiak egin nahi ditu, eta nire motibazioa ez zegoen horren pare. Zaila izan da erabakia hartzea. Ez da erraza eskubaloia lagatzea. Baina zintzo jokatu dut; lasai nago.

«Nekatuta» ez, «erreta» bukatu duzu. Horrenbesterako izan da?

Nik zorte handia izan dut: inguruak, taldekideek eta klubak oso ondo tratatu naute. Baina goi mailako kirolak askotan erre egiten zaitu. Eskubaloiak sakrifizio handia eskatzen du, baina gero ez du askorako balio etorkizunean, eta zeure buruan pentsatzen hasi behar duzu. Ez naiz nagusia, baina beste gauza batzuk baloratzen hasi naiz, baita beste etorkizun batean pentsatzen ere; lan munduan murgildu nahi dut. Erreta da hitza, baina horrek ez du esan nahi ez dudanik disfrutatu zazpi urte hauetan.

«Ez nuen lehengo motibazioa, eta ez nuen lehen bezala gozatzen. Ez nuen egon nahi beste urtebete horrela»

Saiatu dira zu konbentzitzen eskubaloia ez uzteko?

Etxekoak eta lagunak ez; haiek oso ondo ulertu dute erabakia, badakite-eta nola pasatu dudan azken bi urteetan. Kluba eta taldekideak, ordea, saiatu dira ni konbentzitzen. Hasieran, batzuek ez zuten oso ondo ulertu, baina haiek kanpotik etorri dira, eta eskubaloiarengatik eta eskubaloiarentzat bizi dira. Haiekin hitz egin eta gero, ordea, ulertu dute.

Laguntza behar izan duzu egoerari aurre egiteko?

Bai. Psikologoarengana joan naiz. Jada ez da hain tabua hori egitea; aitzitik, ona da, batzuetan zuk ez dakizulako gauzak bakarrik kudeatzen, edo ez dakizulako nola adierazi hitzez sentitzen duzuna. Psikologoak lagundu egiten dizu horretan. Niri kostatu egin zitzaidan joatea, baina etxekoek animatu ninduten, eta izugarri eskertzen diet; asko lagundu dit.

Etxekoak aipatu dituzu. Eskutitzean eskerrak eman zenizkien «ama, aita eta arreba izateagatik, inoiz ez entrenatzaile».

Beti izan ditut ondoan, bai hastapenetan, bai batera eta bestera eramaten nindutenean, eta bai profesionaletan. Gaur egun, ikusten dut nolakoak diren beste guraso batzuk, eta pribilegiatua sentitzen naiz: nire gurasoek ez didate inoiz esan pistan hau edo bestea egiteko, eta ez diote inoiz ezer esan entrenatzaileari. Bigarren lerroan egon dira beti, niri ondo hitz eginez. Oso eskertuta natzaie.

Zer balorazio egiten duzu Bidasoan egindako zazpi urteez?

Sekulako zortea izan dut. Jokalari gutxik biziko dute nik bizi izan dudana: zazpi urteetatik bostetan aritu naiz Europan, urtebete Txapeldunen Ligan, eta, aurten, Europako Ligako Lauko Finalerako sailkatzekotan egon gara. Pribilegiatutzat daukat neure burua Bidasoaren gisako klub batean aritu naizelako, taldeak horren ondo jokatu duelako, eta etxetik gertu eskubaloiaz horrenbeste gozatu dudalako. Oso pozik nago egin dudan ibilbidearekin. Eibarren nengoela, inoiz ez nuen pentsatu talde profesional batean jokatuko nuenik. Baina Bidasoak deitu, eta olatua hartu nuen.

«Mikel, zuk ez duzu kaka jan». Zenbat aldiz esan dizute hori?

[Barrez hasi da]. Iker Serranok [Bidasoa taldeko kapitain ohiak] esaten zidan beti hori. Baina nik bi urtez jokatu dut Lehen Mailan Eibarren [hirugarren maila da], eta, Irunera iritsi nintzenean, Bidasoa hamargarren izan zen aurreko sasoian. Ez da egia Ikerrek dioena, baina zorte handia izan dut, lehen sasoian bigarren sailkatu baikinen eta, gero, beti goian ibili baikara. 

Berehala hartu behar izan zenituen ardura batzuk.

Anaitasunaren aurka jokatu genuen lehen partida, eta Adrianek [Crowleyk] iktusa izan zuen. Hortik aurrera nik jokatu nuen: lehen itzulian, kosta egin zitzaidan, jauzia handia baitzen, baina hasieratik ardura handia hartzeak eta asko jokatzeak mesede egin zidan, eta oso ondo aritu nintzen bigarren itzulian, baita hurrengo denboraldian ere.

«Sekulako zortea izan dut. Jokalari gutxik biziko dute nik bizi izan dudana. Oso pozik nago egin dudan ibilbidearekin»

Baduzu oroitzapen kutunik?

Bigarren denboraldian Txapeldunen Liga jokatu genuenekoa; sekulakoa izan zen. Ilusio handia nabari zen Irunen. Egundoko aldagela genuen, beteranoen eta gazteen arteko nahasketa ederra.

Zein helburu duzu sasoia bukatu arte?

Ahalik eta gehien gozatzea, ligan bigarren izatea eta etxean jokatuko dugun Kopan finalean aritzea. Goian utzi nahi dut taldea.

Arantzarik geratu zaizu?

Ez, baina inoiz ez dut jokatu Kopako finala. Aukera polita dugu.

Nola nahi zenuke jendea zurekin gogoratzea?

Beti saiatu naiz taldekide ona izaten eta gauzak ondoen egiten. Azken egunetan jendeak hori aitortu dit, eta oso harro nago. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.