Eskuin hegalaren jabe egin da

Ane Elexpuru bikain ari da betetzen Oihane Hernandezek Athleticen eskuin hegalean utzitako tokia. David Aznar entrenatzaileak ezarritako jokatzeko erak mesede egin dio, eta gozatzen ari da. Defentsan hobetzea du helburu.

(ID_13474887) (Monika del Valle/@FOKU) 2024-01-07, Lezama. Emakumezkoen futbola, Athletic eta Eibar
Ane Elexpuru, baloiarekin, Eibarren aurkako partidan. MONIKA DEL VALLE / FOKU
ainara arratibel gascon
2024ko otsailaren 1a
05:05
Entzun

Asko izan dira denboraldi honetan Athleticen aurrerapausoa eman duten harrobiko jokalariak. Ane Elexpuru izan da horietako bat (Bilbo, 2003). Hirugarren denboraldia balekoa izaten ari da harentzat. Eskuin hegalaren jabe egin da. Lehen itzulia amaituta, ligan hamalau norgehiagoka jokatu ditu. Aurreko sasoian adina da hori. Espainiako Kopan ere bi jokatu ditu, eta egin du bere ekarpena: gol bat sartu zion Granadari. Haren ezaugarriak egokiak dira David Aznar ezartzen ari den jokatzeko erarako, eta ederki baliatzen ari da aukera: «Lehen taldean finkatzea da nire helburu nagusia. Gauzak ondo doaz, eta lortzen ari naiz». Dena den, oinak lurrean dauzka: «Oraindik asko dut hobetzeko».

Elexpuruk lehen eta bigarren taldean jokatu zuen aurreko sasoian. Iraia Iturregi teknikariak pixkanaka eman zion nagusienekin jokatzeko aukera. Baina jakitun zegoen denboraldi honetan aurrerapausoa eman behar zuela. Aukera ezin hobea zuen aurretik: bere postuan jokatzen zuen jokalaria, Oihane Hernandez, Real Madrilera joan zen. «Hasieratik izan nuen argi aukera oso on bat nuela aurrean. Nire pentsatzeko era bera aldatu egin nuen. Aurreko denboraldian, Oihanerekin zegoen aldea gutxitzea zen nire helburua, eta ikasten eta hobetzen jarraitzea. Honetan, azken bi helburu horiei eutsi diet, baina, aipatu bezala, lehen taldean finkatze hori ikusmiran nuela. Gainera, entrenatzaile berri bat etortzen denean beti hasten zara hutsetik».

Elexpuru bikain ari da betetzen Hernandezek utzitako tokia. Aurreko denboraldian egindako lana erabakigarria izan dela uste du. «Oihane ispilu bat izan zen niretzat, erreferente bat. Hegaletik gora egiten duen jokalari batek izan behar dituen funtsezko ezaugarri guztiak dauzka: jokalari indartsua eta bizkorra da, zuzen jokatzen du, erraz iristen da aurkariaren areara, eta defentsako lanean irmoa da». Ezaugarri horiek garatzen jarraitu nahi du Elexpuruk. «Lortzen ari naizela uste dut. Minutuak pilatu ahala askeago ikusten dut neure burua. Baina egia da ez dudala lortu partida guztietan. Dudan erronka bat da oreka bat bilatzea guztien artean». Defentsako lanean hobetu nahi du. «Aurrerapauso bat eman nahi dut hor. Kontuan izan nik beti jokatu dudala hegalean, baina hasieran zelai erdian jokatzen nuen. Atzera begiratzeko ikuspegi hori izatea beti kostatu izan zait gehiago. Fisikoki lan handia egiten ari naiz  hobetzeko, batez ere erresistentzia lantzen».

«Denboraldi hasieratik argi izan nuen aukera oso on bat nuela aurretik. Hobetzen eta ikasten jarraitu nahi nuen, baina lehen taldean finkatzeko helburua ikusmiran nuela. Lortzen ari naiz». ANE ELEXPURU Athleticeko jokalaria

Ondo egiten ari den gauzei erreparatu die segidan. «4-4-2ko marrazkiarekin jokatzen ari gara, zelai erdian erronbo eran kokatuz. Horri esker, hegal guztia libre geratzen da atzean jokatzen dugunontzat. Hala, aukera dugu gora egiteko. Horri esker, asko ari naiz aurkarien area inguruetan, eta erdiraketa asko egiten ari naiz taldekideek baliatu ditzaten. Gozatzen ari naiz, jokatzeko era hau oso aproposa baita niretzat. Gainera, taldea bikain ari da. Jokatzen duenak jokatzen duela, lan ona egiten du, eta horrek lasai egoten laguntzen digu».

Pozik dago harrobian harekin aritutako beste hainbat jokalari ere finkatzen ari direlako. «Azken batean, Nekane joanda, belaunaldi batek esan zion agur, eta atzetik gatozen guztiok egin behar izan dugu urratsa, bai zelaian bai aldagelan. Betiere bakoitzak zuen rola kontuan hartuta. Egin diren fitxaketekin ere, klubak apustu handia egin du: guztiak ekarpen handia egiten ari dira».

Taldea, «lehiakorrago»

Aurreko asteburuan Real Madrilen aurka galdu arren, taldea denboraldi ona egiten ari dela nabarmendu du Elexpuruk. «Aurreko sasoian baino puntu gehiago lortzen ari gara, eta horrek lasaitasuna eman digu jokatzeko dugun modua zelaian aplikatzeko. Oso gustura eta eroso gaude, eta horri esker lehiakorragoak gara». Taldeak baloia izatearen aldeko apustua egin du. «Iraiarekin jada hasi ginen horretan, baina, sailkapenean estu ginela kontuan hartuta, joko zuzenagoa egin behar izan genuen aurreko denboraldiko zati batzuetan. Orain, berriz, aipatu bezala, aukera dugu lasaiago aritzeko». Etxeko partidetan egiten ari diren lana nabarmendu du. «Asko gozatzen dugu Lezaman jokatzen, eta oso sendo ari gara. Nabari da berriz ere zaleak kateatu ditugula, eta, trantsizio denboraldi batzuen ostean, gero eta gehiago etortzen dira gu ikustera. San Mamesen jokatu genuen Kopako partidan bizi izan genuen giroa ere izugarria izan zen. Amets bat bete nuen halako giro batekin jokatuta».

Azken jardunaldian Real Madrilen aurka galdu eta gero, aldendu egin zaizkie apur bat lehen bost postuak. Talde zuri-gorriak 20 puntu dauzka, eta hamar puntura du Atletico Madril, egun bosgarren postuan dagoen taldea. «Baina uste dut erasoan patxada apur bat gehiago eginez gero bigarren itzulia are hobeagoa izango dela, eta goiko postu horietatik gertuago egon gaitezkeela. Ahalik eta gorena jarri nahi dugu langa. Kopan, berriz, handia litzateke berriro ere finalerdietara iristea, eta zergatik ez final batera». Gertuagoko partidei erreparatu nahi izan die, hala ere. Etzi Granadaren zelaian jokatuko baitu talde zuri-gorriak (12:00). Bi aldiz neurtu dituzte indarrak haren aurka sasoi honetan, eta bietan gailendu dira. «Real Madrilen aurka galdu egin genuen, baina berriro ere ondo lehiatu ginen. Larunbatari begira, arreta gugan jarri nahi dugu. Baloiaren jabetzea Real Madrilen aurka baino gehiago izan nahi dugu, baloiarekin sentipen onak berreskuratu. Hori lortuz gero, jokoaren ekimena izango dugu, eta irabazteko aukera gehiago». Granadaren zelaian sartu zuen Elexpuruk denboraldi honetan sartu duen gol bakarra. «Dena den, ni atzelaria naiz, eta gehiago pozten nau taldekide bati gol bat sartzeko pasea emateak, neronek gola sartzeak baino. Hala ere, horretan ere ekarpenen bat egin badezaket, beti izango da ongi etorria».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.