Xala 22. Elezkano II.a 13

Eskuineko pareta falta

Xalak 9-0 ekin dio partidari, eta, ondoren, min handia egin dio Elezkanori pilota zabalduta

Xala pilota boleaz astintzeko zorian, atzo, Elezkano begira duela. I. URIZ / ARP.
unai zubeldia
2013ko urriaren 26a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Iraupena. 45.17 minutu.

Pilotakadak. 198.

Sakez. Xalak bat (eta falta bat); Elezkano II.ak bat (eta bi falta)

Markagailua. 9-0, 9-2, 10-2, 10-3, 11-3, 11-5, 12-5, 12-6, 13-6, 13-8, 16-8, 16-10, 17-10, 17-11, 20-11, 20-12, 21-12, 21-13 eta 22-13.

Bestelakoak. Jende dezente bildu zen Elizondoko pilotalekuan. Dirua Xalaren alde atera zen, nabarmen.

Ezker gantxoa; pilota boleaz zabalera; txokotik kontrakantxako marraren ondora... Zail-zaila izaten da etxetik prest eramandako estrategia gero pilotalekuan gauzatzea. Baina izerditzen hasterako 9-0 aurretik jartzea baino plan hoberik ez dago. Eta horixe egin zuen atzo Xalak. Pilota bizi eta zentzuz mugituta, partida txikitu, eta alde horrek eman zion lasaitasunarekin Danel Elezkano kontrakantxan zigortu. Eskuin paretaren babesa falta izan zitzaion Zaratamokoari lau t'erdiko txapelketako final-zortzirenetako lehen partida gogortzeko. Meritu handiko pilotakadak eman bai, baina 22-13, eta, espero zen bezala, Xala aurrera.

Elezkano II.a abila da bolea jokoan, eta indartsua dauka ezker besoa. Baina, zuloa non zegoen jakitun, lapurtarrak zoragarri zabaldu zuen pilota behin eta berriz. «Bolea eta ezker gantxo onak dauzka, eta pilota zabaltzea zen asmoa». Xalak partida amaitu berritan onartutakoa da hori. 11-3koa izan zen estrategia horren adibideetako bat. Xalak luze zabaldu, eta, atzeraka joanda, bizkaitarrak ezin altxatu pilota.

Xalak luze ateratako sakearekin, eta Elezkanok indarrean moztutako pilotarekin, 13-8 gerturatu zen bizkaitarra. Ezin iritsi, ordea, Xala bere lekutik ateratzera. Ezkerrez luze txokoan lehenengo; ezker gantxoarekin gero; eta ezkerrez bizi berriz ere, 16-8koarekin lasaitu zen Xala. Eduki zuen Elezkanok 17-11koarekin partidan sartzeko aukera, baina tantoa eginda zeukanean, huts egin zuen boleaz, goxo-goxo, txokoan uzten hasi zenean. 17-12koa izan zitekeenetik 20-11kora igaro ziren. Kito. Azkenerako, 22-13, eta Xala final-laurdenetara; Irujo eta Olaizola II.aren multzora.

Barriola eta Idoate, gaur

Final-zortzirenetako bigarren partida gaur jokatuko dute Abel Barriolak eta Mikel Idoatek Iruñeko Labrit pilotalekuan (16:45, Nitro). Faborito argirik gabeko partida da. Bi pilotariek behin jokatu dute elkarren aurka banaka. Iazko udan izan zen, Sopelan (Bizkaia), San Fermin torneoko lau t'erdikoan, eta Barriolak aise irabazi zuen: 22-5.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.