Une batez baino ez dituzte kenduko eskularruak. Partida hasi aurretik elkarri eskua eman, eskuina, eta zortea opatzeko garaian. Une batez futbol munduko bi eskurik preziatuenek elkar ukituko dute larruzko soinekoetara itzuli aurretik. Gianluigi Buffonek eta Iker Casillasek errespetuz begiratuko diote elkarri.Italiako eta Espainiako kapitainak, biak ikurrak, selekzioetan zein taldeetan. Garaikideak, paraleloak, eta ziur asko, Petr Cechen baimenarekin, munduko atezainik onenak.
Buffonek jaso zuen XXI. mende hasierako atezain onenaren saria, eta lau urtezjaso du Munduko atezain onenarena. Casillas izan zen bigarren, alde gutxira. Hark ere lautan jaso du garaikur preziatua. Futbolean zer dago hobea lagunarteko eztabaida baino? Ziur zaleen mahai buelta askotan saiatu direla argitzen den bietan hobea. Estatistikak Buffon saritu zuen, Casillasek palmares hobea izan arren. Dena den, atepean ikusitakoaren arabera, berdinketa litzateke emaitzarik justuena.
Biek euren maila erakutsi dute Eurokopa honetan, penalti txanda bana irabaziz. Casillasek lan gutxiago izan du, baina apur hori primeran egin du. Gol bakarra jaso du, Italiak sarturikoa. Buffonek, bere aldetik, bi gol gehiago jaso ditu, baina giltzarrapoa ondo jarri dio ateari. Biek Munduko Kopa bana irabazi dute. Casillasek, halere, Eurokopa bat ere badu; Buffonek, berriz, gaur izan dezake azken aukera. Espainiarrak 135. aldiz jantziko du selekzioaren elastikoa, Buffonentzat 120. izango da. Eurek Oliver Kahnen lekukoa hartu zuten ikusmina sortzeko moduko atezainen zerrendan, euren atzetik, baina, epe motzean ez dirudi tamainako oinordekorik dagoenik.
Biek 17 urterekin egin zuten debuta Lehen Mailan, eta 19rekin selekzioarekin. Buffonek Parmarekin hasi zuen bidea, eta, ligako txapeldun izan ondoren, Juventusera saldu zuten 54 milioi euroren truke, atezain bategatik inoiz ordainduriko kopururik altuena. Harrezkero ez da Torinotik mugitu, ezta Moggigate eskandaluarengatik taldea Bigarren Mailara jaitsi zenean ere. Izar askok taldea utzi zuten, baina Buffonek ez, eta are kutunago bilakatu zen. Sasoi honetan hirugarren irabazi du liga, eta golik gutxien jaso duen atezaina izan da. Halere, ez du Txapeldunen Liga inoiz irabazi.
Casillas, aldiz, umetan Arkonada miresten zuen Real Madrileko harrobiko fruitua da, eta lehen taldean egin ditu azken 14 urteak. Manchester United bera fitxatzekotan egon zen—bere izena taldeko webgunean agertu zen— baina ez, Santiago Bernabeuko atea gordetzen jarraitu zuen. Bukatu den sasoian hirugarrenez irabazi zuen Espainiako Liga, eta aurretik bitan izan da Txapeldunen Ligako txapeldun. Dagoeneko aurreratua du Madrilen hartuko duela erretiroa.
Teknikoki ezaugarri oso desberdinak dituzte. Buffon garaia da, 1,91 metro luze, segurua eta oso ona atetik irtetean. Esku oso handikoak ez du hankasartze handirik egin, beti lasai. Casillas txikiagoa da, 1,85 metro luze, halere, eta arinagoa. Erreflexu bikainekoa, atepeko lanean nabarmentzen da, eta bere geldiketa onenekin eginiko bideoak milioika aldiz ikusiak izan dira Youtuben. Saindua goitizena jarri diote Espainiako hedabideetan.
Arlo pertsonalean Buffonek hainbat polemika sortu ditu eskuin muturreko alderdien aldeko keinuarengatik. Parman 88 zenbakia zeraman elastikoan, neonazismoaren ikurretako bat, berak, baina, halakorik ez zekiela esan, eta aldatu egin zuen. Halere, partida baten ondoren 'Amore ematen duenari borreroa' lelo faxista irakur zitekeen elastiko bat jantzi zuen. 2006an, Munduko Kopako ospakizunetan, 'Italiarrak izateaz harro' zioen eta gurutze zelta bat zeukan pankarta bat hartu zuen. Aita Santuak haren jarrera publikoki deitoratu zuen.
Casillasek, aldiz, ez du inoiz hautsik harrotu zelaitik kanpo. Euskal izena aitarengandik datorkio, Bilbon destinaturiko guardia zibila baita; seme nagusiari ere Unai jarri zion. Ama haurdun zegoela Bilboko zapatari batek behin baino gehiagotan eskatu zion semea Bilbon izateko, ziur zegoelako futbolari ona izango zela, eta hala Athelticen jokatuko ahal izango zuela. Ez zen begirale txarra izango. Real Madrilen izar artean jokatu arren, bere jatorri umila aldarrikatu du behin eta berriz. «Ez naiz galaktikoa, Mostoleskoa naiz», esan zuen behin nazkatuta prentsaurreko batean. Jaioterriko udalak esaldi hori jarrarazi zuen herriko futbol zelai guztietan.
Futbola. Polonia eta Ukrainako Eurokopa: Espainia-Italia finala
Eskurik onenetan
Gianluigi Buffonek eta Iker Casillasek, Italiako eta Espainiako selekzioetako kapitainek, hurrenez hurren, ibilbide paraleloak egin dituzte munduko atezain onena izateko lehian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu