Xala-Laskurain 22. Gonzalez-Barriola 13

Esnatzen hasita, hobeto ezin

Xalak eta Laskurainek orain arteko partidarik onena jokatu dute, eta Irujo eta Barriola pasa dituzte sailkapenean

Xala pilota boleaz jotzear, Laskurainen eta Barriolaren begiradapean, atzo, Iruñeko Labriten. JAGOBA MANTEROLA / ARP.
jon eskudero
2012ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Iraupena. 75 minutu.

Pilotakadak. 705.

Saketik. Xalak bat; Gonzalezek bat, eta falta bat.

Markagailua. 1-0, 1-1, 2-1, 2-2, 2-4, 4-4, 4-6, 8-6, 8-7, 12-7, 12-10, 16-10, 16-13 eta 22-13.

Bestelakoak. Jende ugari Iruñeko Labrit pilotalekuan, 1.100 ikusle inguru. Partida hasieran dirua Xalaren eta Laskurainen alde atera zen nabarmen (100-60ri).

Erne. Gogor jo baitiete iratzargailuak Xalari eta Laskuraini. Txapelketari triste eta pattal ekin ondoren, hasi dira esnatzen Aspekoak. Ondo hasi ere. Behetik gora egin du euren jokoak, eta hori begi bistan geratu zen atzo Iruñeko Labrit pilotalekuan. Partida ona jokatu zuten, apenas egin zuten kalerik, eta bigarren zatiko inspirazioari esker, eroso hartu zituzten mendean Gonzalez —Irujoren ordezkoa— eta Barriola. Soraluzeko atzelariak pilota asko sartu zuen ezker hormara, eta Xalak ederki baliatu zituen aukerak, aurrean hamalau tanto eginda. Hala, sailkapenean berdinduta geratu dira bi bikoteak, bosna garaipenekin.

Partidak oso izan zuen hasiera gogorra. Gogorra eta orekatua. Tanto luzeak jokatu zituzten, eta bi atzelariek ez zieten aurrelariei jokoan sartzeko aukerarik eman. Egoera horretan, Gonzalez izan zen onena. Ezker bolearekin abiadura handia eman zion pilotari, eta min egin zuen. Luxuzko ordezkoa dela erakutsi zuen Azkainekoak. Tanto dezente egin zituen aurrean, baina galdu ere gehitxo, eta horregatik mantendu ziren bizirik Xala eta Laskurain (8-7). Tarte horretarako 405 pilotakada joak zituzten lau pilotariek.

Bikoteren batek amore eman beharko zuela ikusten zen, ordea, eta urdinak aritu ziren ezinean hortik aurrera. Laskurain Barriolari bizkarra erakusten hasi zen, eta Xala bere ohiko jokoa egiten. Denetariko tantoak egin zituen. Airez bederatzi, eta txaparen gainean moztuta lau. Gonzalezek ere entzun zituen txalo hotsak, baina momentu erabakigarrietan ez zuen asmatu, eta garesti atera zitzaien. 16-13koa izan zuen okerrik larriena.

Azken hiru tantoak jarraian egin ondoren, saketik falta egin zuen Azkainekoak, eta hortxe amaitu ziren galtzaileen itxaropen guztiak. Tanto bat bera ere ez zuten egin gehiago. Gonzalez saiatu zen handik eta hemendik egoera aldatzen, baina alferrik. Defentsan izugarri sufritu zuen. Erritmo falta igarri zitzaion, eta, neurri batean, normala da.

Azken bi partidak jarraian galdu ditu Irujo-Barriola bikoteak, eta finalerdietan arazorik gabe egon nahi badute, garaipenak pilatzen hastea komeni zaie. Datorren astean Olaizola II.aren eta Beroizen aurka ariko dira, Bilbon. Badirudi Irujo jokatzeko moduan izango dela. Txema Urrutia Aspeko medikuak atzo adierazi zuenez, sukarrik gabe dago Iberokoa, eta etzi hasiko da entrenatzen.

Gaur, bestalde, nor baino nor gehiago ariko dira Eibarren Berasaluze VIII.a-Albisu batetik eta Bengoetxea VI.a-Apraiz bestetik. Irabazleak nabarmen egingo du gora sailkapenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.