Espainia eta Mazedonia elkarren aurka ariko dira finalerdi batean

Espainiak Eslovenia egurtu du, pattal hasita ere, eta Mazedoniak txapelketako ezustekoa eman Lituaniaren aurka

Andoni Urbistondo.
Donostia
2011ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Espainiak eta Mazedoniak jokatuko dute Europako saskibaloi txapelketako lehen finalerdia, bihar (20:00). Batek, Espainiak, aise lortu zuen txartela (86-64). Besteak, Mazedoniak, sekulako ezustekoa emanda (67-65).

Espainiak laurden txar bat eta bi bikain egin zituen dominen borrokan sartzeko. Hotz, jokoz kanpo ekin zion Scarioloren taldeak, eta Esloveniak, txapelketa osoan egin ez duen joko azkar eta eraginkorrari esker, zortzi puntuko zuloa ireki zuen lau minututan: 6-14 (16-23 lehen laurden bukaeran). Ikusten ari zirena sinetsi ezinik zeuden asko, eta esnatu egin ziren espainiarrak. Nola gainera. Lanean hasi ziren Pau Gasol eta Navarro, eta defentsa zorrotza lagun, Eslovenia txikitu zuten. Zortzi puntura mugatu zuen aurkariaren jarduna laurden osoan, eta 35-31 aurreratu zen markagailuan.

Are lan hobea egin zuen Espainiak hirugarren laurdenean, eta 30 puntuko zuloa ireki zuen ia perfekziotik gertu dagoen jokoarekin. Navarro eta Goran Dragic mokoka hasi ziren, eta horrek eskolta kataluniarra berotu zuen, 26 puntu sartu arte. 71-45 erakusten zuen markagailuak hamar minuturen faltan, eta azken laurdena soberan egon zen. Pau Gasol izan zen partidako onena, 19 puntu eta 16 errebote lortuta.

Mazedoniak kolpe ikaragarriaeman zuen, eta finalerdia jokatzeko txartela lortu. Lituania aurretik izan zen ia beti, baina tarte txikiarekin. Zortzi puntuko aldea izan zuen bigarren laurdenean, baina partidako azken jokaldian erabaki zen dema. Bi puntu behera zen Mazedonia 30 segundoren faltan, eta Ilievskik erabaki zuen bere selekzioaren alde, hiruko dotore batekin.

Beste bi final-laurden gaur

Gaur arratsean zehaztuko dira beste finalerdiko kideak. Frantzia Greziaren aurka ariko da (17:00), eta frantziarrak dira faboritoak. Beste final-laurdena adiskidantza trinkoa duten bi herrien artekoa izango da: Serbia eta Errusia. Pronostikoa zailagoa da final-laurden horretan, baina Errusia da faboritoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.