Eibarren entrenamendua bukatu, eta segituan hurbildu da Sergio Gontan Keko (Brunete, Espainia, 1991) harmailetara, BERRIArekin elkarrizketa egitera. Arrasaten hotz egiten duenez (Gipuzkoa), Atxabalpe zelaiaren barrualdean izan da solasaldia.
Atletico Madrileko jokalari ohia eta talde horren zalea izanik, berezia izango da gaurko lehia.
Berezia da, baina ez Atletico Madrilekoa naizelako. Aspaldi atera nintzen handik. Berezia beti daBernabeu bezalako zelaian jokatzea. Eibarrek irabazteko asko eta galtzeko gutxi dauka gaur, eta gozatu egin behar dugu esperientzia honetaz. Irabazten badugu, historikoa litzateke Eibarrentzat, eta, gainera, mailari eusteko helburua gauzatzea lortuko genuke.
Horrelako zelai handi batean jokatu behar duzunean, astea berezia izaten da?
Egia esanda, Lehen Mailako edozein zelaitan jokatzea pribilegioa da, nahiz eta askotan ez garen ohartu ere egiten horretaz. Garbi dago zelai handi batean jokatzeak motibazioa handitu egiten duela, baina Ipuruan bertan jokatzea ere gauza handia da, Lehen Mailako zelaia delako orain.
Jokatu al duzu inoiz Bernabeun?
Bai, Valladolidekin. Baina ez nuen jokatu.
Jose Luis Mendilibar entrenatzaile zenuela?
Hori da. 2010ean izan zen.
Mailari eustea aipatu duzu lehentxeago. Uste baino gehiago ez al zaizue ari kostatzen?
Ez gara ari bigarren itzuli ona egiten. Lehen itzuli bikaina egin genuen, eta orduan lorturiko puntuei esker gaude lasai, nahiz eta oso gutxi ari garen irabazten orain. Lasai gaudela esanda, ez dizut esan nahi lo hartuko dugunik. Bigarren itzulian, huts larri batzuk egiten ari gara, eta denon artean aztertu beharko ditugu denboraldi amaieran, zuzendu eta hobetzen jarraitzeko.
Antsietatea sartu da taldean helburua ahalik eta azkarrena lortzeko?
Gogoa dago partida bat berriz irabazteko, denbora asko daramagulako irabazi gabe. Zazpi partida falta dira, eta badakigu garaipenen bat lortuko dugula.
Real Madril Txapeldunen Ligako final-laurdenetan harrapatu du partidak, eta emaitza ona ez zuen atera joanekoan Wolfsburgon. Asteartean bertan itzulikoa duela ikusita, nolako aurkaria izango duzue gaur?
Inoiz ez da egoten lasaituta Real Madril. Alemanian galdu izanagatik, gogotsu aterako dira gaur zaleen haserrea gozatzera, erakustera onenak direla, astearteko partidarako zaleen indarra ere izan dezaten.
Lesioa osatu berri zaizu. Zer moduz orain?
Erabat ahaztua daukat lesioa, eta, denbora asko egon nintzenez jokatu ezinda, partida hauetan ari naiz taldekideen erritmoa hartu nahian.
Oso bizia zara erasoan, bertikala, beti atearen bila zabiltza, eta, zu egon ez zarenean, taldeari horixe falta izan zaiola esaten da.
Ez dakit taldeak hori falta izan duen, baina garbi dago nirekin eta ni gabe ez garela ari bigarren itzuli ona egiten. Denon ardura da, eta badugu zer hobetu etorkizunera begira.
Zer moduz Eibarren?
Zoratzen gaude familia eta ni.
Eibarren bizi zara?
Ez, Bilbon. Baina egunaren ordu gehienak Eibarren pasatzen ditugu. Oso jatorrak dira herritarrak, asko babesten gaituzte, eta ez da ohikoa izaten hori beste hiri batzuetan.
Fitxaketen neguko merkatuan, Sevillak eskaintza egin zion Eibarri zu eramateko. Zergatik ez zinen joan?
Aukera bat baino gehiago izan nituen joateko, baina Eibarrek ez zituen onartu eskaintza horiek. Gustura geratu nintzen, Eibarrek aukera eman didalako Lehen Mailan jokatzeko, eta jokalari gisa hobetzeko.
Liga amaitzean, baliteke berriz ere eskaintzak izatea. Zer gertatuko da orduan?
Ikusiko dugu aukerarik dagoen. Eibarrek eta nik zer nahi dugun aztertu beharko dugu, baina garbi dago jokalari batek ez badu egon nahi talde batean, nekez egongo dela hor, bere borondatearen kontra. Orain bertan, jokoan daukaguna ikusita eta sortzen ari garen ezinegona sortzen egonda ez dugulako gauzatzen helburua, ez da garaia horretan pentsatzeko.
Zure ibilbidea aztertuta, makina bat buelta eman duzu, gaztea izan arren. Bederatzigarren taldea duzu Eibar.
Loco Abreuk baino gehiago, ia-ia [barrezka]. Oso jokalari gutxik egiten dute ibilbide osoa talde batean. Jokalariak azkar aldatzen gaituzte taldeetan, maila ona ematen ez badugu. Oso gaztea nintzenean, inozo samarra izan nintzen, eta erabaki oker batzuk hartu nituen, baina denetatik ikasten da, eta esperientzia txarretan ikasitakoei esker naiz orain naizena.
Sergio Gontan, 'Keko'. Eibarreko jokalaria
«Esperientzia txarretan ikasitakoei esker naiz orain naizena»
Udan fitxatu zuen Eibarrek, eta kontratua luzatu zion azkar asko, bikain ari zelako. Neguan, berriz, Sevillak nahi izan zuen, baina ez zen joan. Taldeko onenetakoa da, zutabeetako bat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu