Lau eta erdiko Txapelketa

Esperientziaren balioa

Artolak 22-15 irabazi dio Peñari lau eta erdiko final-zortzirenetako lehian; Elezkanok, berriz, 22-13 hartu du mendean Zubizarreta

Danel Elezkano erremate bat egiten, atzoko partidan. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
ainara arratibel gascon
2020ko abenduaren 6a
00:00
Entzun
Elastiko gorria zeramaten biek. Baina atzokoan, eskarmentuaren atorra edo elastikoa jantzita irabazi zuten Iñaki Artolak eta Danel ElezkanokLau eta erdiko Txapelketako final-zortzirenetako partida. Alegikoak 22-15 menderatu zuen Jon Ander Peña; Zaratamokoak, aldiz, 22-13 Iraitz Zubizarreta. Biak iritsi ziren zalantzekin, eta lehen partidak eragiten duen urduritasunarekin. Baina ez zuten huts egin. Egin beharrekoa egin zuten, eta, banakakoetan ez bezala, ez zen ezusterik izan. Datorren asteburuan, final-laurdenetan, Artolak Joseba Ezkurdiarekin neurtuko indarrak, eta Elezkanok Jokin Altunarekin.

Azkoitiko Gurea pilotalekuan jokatu ziren bi partidak. Lehena Artolaren eta Peñaren artekoa izan zen. COVID 19ak utzitako arrastoen erruz banakakotik kanpo geratu eta gero, txapelketa batera itzuli zen Artola. Hobeto hasi zuen partida Peñak. Oso sartuta, sakean asmatuz eta arriskatuz.4-6 jarri zen aurretik. Arriskatzea ezinbestekoa zuen irabazteko.

Artola deseroso zegoen. Txapelketa batek eskatzen duen erritmoa hartu beharra zuen. Baina pare bat pilota txapara joan zitzaizkion Peñari. Hori izan zen Artolaren pizgarria. Pixkanaka ezkerretik eta behetik jokatzen hasi zitzaion Peñari.

10-7 aurreratu zen. Ordu arteko errenta handiena zen, eta horrek konfiantza eman zion. Nahiz eta ez zuen bizpahiru tantoko aldea zabaltzea baino lortzen hasieran. Peñak, berriz, berean jarraitu zuen. Ahalik eta azkarrena aurrean tantoa amaitzen saiatzen zen. Baina sakez bi falta egin zituen, eta konfiantza galtzen joan zen. Artolak ez zuen aparteko jokorik egin, baina egin behar zuena egin zuen, eta aldea areagotzen joan zen, sei tantokoa izan arte: 18-12.

Lana biribiltzea baino ez zitzaion falta Alegikoari; Peñak, berriz, erreskadan tanto batzuk behar zituen partidan sartzeko. Bi egin zituen segidan. Hamabosgarrena gertu izan zuen, baina boleaz eskuinera zabaldutako pilota kanpora joan zitzaion. Hor amaitu ziren Peñaren aukerak.

Artola pozik zegoen. «Presiorik gabe etorri naiz, denbora asko neramalako jokatu gabe. Aparteko jokorik egin gabe, sakean eta errestoan ez dut huts nabarmenik egin, eta hor egon da gakoetako bat. Egin ditudan sakeekin oso pozik geratu naiz. Agian, ez ditut tanto asko egin, baina Jon Anderren errestoaren ostean aukerako pilotak geratu zaizkit, eta hori ere baliatu dut».

Datorren asteburuan lau eta erdiko azken bi txapelketako garailea izango du aurrean: Joseba Ezkurdia. «Partida gogorra izango da. Iaz ere jokatu nuen haren kontra, eta ez nuen irabaztea lortu. Erronka polita dut aurretik. Uste baino hobeto aurkitu naiz, eta beste astebete dut sasoia hartzen segitzeko».

Beste neurketa, Elezkano eta Zubizarretaren artekoa, antzeko bidetik joan zen. Elezkano 5-0 aurreratu zen. Pilota bizi jotzen hasi zen, eta bazirudien erraz irabaziko zuela.

Baina pixkanaka partidan sartzen joan zen Zubizarreta, eta estu hartzen hasi zen Elezkano. 6-8 jarri zen aurretik. Banakakoan Erik Jakaren aurka jasotako kolpea eta gero, zalantzak izaten has zitekeen Elezkano. Baina botilero lanetan aritu zen Jokin Etxanizek behar zuen patxada eman zion.

Elezkano zertxobait asmatzen hasi zen errematean, eta pilotari eman dion abiaduraren zertzelada batzuk azaltzen. Hala, Zubizarreta kontrakarrean jokatzen hasi zen. 10-1eko partziala egin zuen Zaratamokoak: 16-9. Errenta horrek, partida ia erabakita uztearekin batera, patxada apur bat gehiago izateko.

Ez zela partida erraza izan onartu zuen. «Zalantza eta beldur askorekin etorri naiz, entrenamendu seriorik ezin izan dudalako egin, eta animoz ere nahiko burumakur nengoelako. Baina tantoa amaitzen jakin dut, eta pozik nago egindako partidarekin. Jokinek asko lagundu dit».Jada jarri da Altunaren partidari begira: «Partida polita izango da. Harreman handia dut harekin, eta gustura jokatuko dut».

Gaur, Bilbon

Final-zortzirenetako beste bi partidak gaur jokatuko dira Bilbon (17:00, ETB1). Lehena, kanporaketa hauetan ikusmin gehien sortu duena da: Iker Irribarriaren eta Oinatz Bengoetxearen artekoa. Biak ezustean geratu ziren banakako txapelketako at lehen kanporaketan. Bestea Asier Agirrek eta Peio Etxeberriak jokatu behar zuten. Baina Agirre min hartuta dago, eta Asier Arteagak hartuko du haren lekua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.