Entrenamendurik gogorrenean ere ez zitzaizkion egingo hain luzeak azken 200 metroak. Pedalei eragin eta bizikleta gelditu bezala egiten zitzaiola nabaritzen zuen. Ulertzeko ere ez zelako oso egoera erraza. Goizetik agindu argia edukiko zuen jasota: aurreko taldetxoan iristeko gai bada, lagundu esprintean Allan Davisi (Greenedge). Taldearen lan onari errematea emateko, esanak betetzen hasi zen Daryl Impey (Greenedge) behin azken kilometroan sartuta. Baina bihurgune batek eman zion garaipena, Itzuliko bigarren etapan, Gasteizen. Esprintari erasoa jo zion hegoafrikarrak, eta berak irabazi zuen Davisek irabazi beharrekoa. «Izenak aldatuta ere, dena etxerako», pentsatuko zuen Neil Stephensek, Greenedgeko zuzendariak.
Orain 27 urte Johannesburgon jaioa, aita du txirrindulari izandakoa Impeyk. Futbolean aritutakoa, tenisean ordu asko pasatakoa... Gurasoek mendiko bizikletan osteratxoa egitera eraman zutenean maitemindu zen txirrindularitzarekin. Berak esana da lehiakorra dela oso, eta lehiarako grina horrek eman dio Greenedge taldera iristeko aukera. Ez dauka oso garaipen sonaturik ere: Hegoafrikako erlojupeko txapelketa eta Marokoko Tourra iaz, eta Turkiako Tourreko etapa bat eta sailkapen nagusia orain hiru urte. Orain bi urte RadioShacken egin zuen denboraldia, aurreko biak Barloworlden igaro ostean. Baina lesioek eraginda, koska bat behera egin zuen. NetAppen eta MTN taldeetan igaro zuen iazko urtea. Greenedgek beste aukera bat eman dio aurten, eta atzo jo zuen goia hegoafrikarrak, World Tourreko etapa bat irabazita.
Gasteizko azken esprint arraroaren aurretik, ohiko bilakaera izan zuen Itzuliko bigarren etapak. Ez da erraza izango arrakastarako inolako aukerarik izango ez duen ihesaldian egurrean ibiltzea. Baina, lehen etapan gertatu bezala, atzo ere borrokarako prest abiatu ziren Gueñestik Utensilnord-Named eta Caja Rural, Itzuliaren gonbidapena jaso duten bi taldeak. Herenegungo giro epela eta eguzkitsua ahaztuta, beroketa lanak ondo eginda abiatu behar izan zuten txirrindulariek.
Euri zipriztin desatseginarekin sortu zen ihesaldia. Thibaut Pinot (Francaise des Jeux), Mads Cristensen (Saxo Bank) eta Jerome Pineau (Omega Pharma-Quick Step) joan ziren aurrera lehenengo, eta, zuzendarien aginduei segika, kontraerasoan iritsi ziren Gabriele Bosisio (Utelsilnord) eta Julian Sanchez Pimienta (Caja Rural). Elkarlanean txukun aritu ziren bost txirrindulariak, eta ia 140 kilometroko ihesaldian, zazpi minuturen aldea ere izan zuten.
Baina Euskaltel-Euskadi, Movistar, Greenedge, Garmin, Rabobank, Lotto, Liquigas... tropel erdia lanean aritu zen atzean, eta helmugara iristeko 13 kilometro eskas falta zirenean geratu zen ezerezean aurreko bosten ahalegina. Hori bai, etapa garaipenik gabe ere, Caja Rural ari da sariak pilatzen. Mendiko maillotaren jabe egin ziren nafarrak lehen etapan, David De la Fuenterekin, eta tarteko helmugetakoa eskuratu zuten atzo, Julian Sanchez Pimientarekin. Eredugarria ari da izaten Mikel Azparren donostiarra buru duen taldearen lana.
Zaldiarango igoera etzana zeukan igaro beharra tropelak Gasteizera iritsi baino bederatzi kilometro lehenago. Eta zalaparta izan zen hirugarren mailako mendatean. Aleksandr Diatxenko (Astana), Wesley Sulzberger (Greenedge), Anthony Roux (Francaise des Jeux) eta Eduard Vorganov (Katuxa) saiatu ziren lehenengo, eta Dominik Nerz (Liquigas) gero. Baina Greenedgek lehenengo eta Astanak gero, gogotik lan egin zuten beherakoan. Michael Albasini eta Allan Davis zeuzkaten gordeta australiarrek; eta Francesco Gavazzi kazakhstandarrek.
Arratera iritsiko dira gaur
Esprintari erasoa jotzea erabaki zuen, ordea, Impeyk. Azken kilometroetan hain ondo lan egin ondoren, indarrik gabe geratu zen Astana. Eta gainerako taldeak ere ez ziren gai izan Impeyk bihurgune batean hartutako hamar bat metroren aldea ezerezean uzteko. Arratera iritsiko da gaurko etapa. Zazpi mendate dauzkate tartean. Helmugarako 31,5 kilometro faltako direnean igoko dute Ixua, eta etapa amaieran Arrate. Euria eta hotza daude iragarrita, gainera, gaurko. Menu horrekin, faboritoen arteko zalaparta izango da Arrateko maldetan. Ziur.
Euskal Herriko Itzulia. Bigarren etapa: Gueñes-Gasteiz
Esprintari erasoa jota
Daryl Impey hegoafrikarrak irabazi du itzuliko bigarren etapa, kontrolik gabeko esprintean metro batzuk irabazita
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu