Lasai dago Igor Makazaga (Pasaia, Gipuzkoa, 1972), ez baita urduri jartzen dena. Egin beharrekoak eginda, konfiantzaz dago Oriok egin dezakeenarekin.
Zein dira Orioren aurreikuspenak aurtengo?
Urteetan egindako lana hartu behar da kontuan unean uneko aurreikuspenak zehazteko, eta, gure kasuan, iazko lana daukagu. Iritsi berriak ginen San Miguel ligara, eta goian ibili ginen ustekabean. Aurtengo asmoa da beste urrats bat egitea goian egonkortzeko lan horretan.
Iaz hain ondo ibili eta gero, gehiago eskatuko zaio Oriori?
Guri inork ez digu aparteko presiorik jarri klubean. Dakiguna da estropada bakoitza irabazteko moduan aterako garela, eta hori bada presioa, ona da presio mota hori. Neguko estropadetan ikusi genuen gai garela estropada guztietan irabazteko lehian egoteko, eta pozgarria da hori, zalantzarik gabe.
Iazko taldetik aurtengora, aldaketa batzuk dituzu taldean. Hobea da egungoa?
Aldaketak ez dira asko izan. Azkenean, hiru arraunlari falta zaizkigu iaztik, eta garrantzitsuena da taldearen muinak jarraitu egiten duela gurekin. Taldea da gure balio handiena.
Aurkarien inguruan zer duzu esateko?
Arriskutsuenak Hondarribia eta Kaiku ikusten ditut, edonoiz kolpea emateko gai. Ordea, gogorragoak iruditzen zaizkit, erregularragoak nolabait esatearren, Urdaibai eta Portugalete. Eta ezin ahaztu beste talde batzuk, edonoiz azal daitezkeenak.
Tostetatik kanpo ikusi zaituguprestakuntzako estropada batzuetan. Gutxiago ariko zara aurten?
Horrek esan nahiko luke beste arraunlariak ni baino hobeto daudela. Ni bat gehiago naiz taldean, eta besteak bezala entrenatzen naiz. Natural hartzen dut gutxiago ibiltzea; ez nau batere kezkatzen.
Igor Makazaga. Orioko entrenatzailea
«Estropada bakoitza irabazteko moduan gaude»
Makazaga arraunlari eta entrenatzailea irrikaz dago traineru denboraldia ofizialki hasteko. Motiboak badauzka: Orio da puntaren puntan ibiltzeko hautagai handienetakoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu