Estutu egin du, baina ito ez

Remco Evenepoelek hirugarrenez irabazi du Donostiako Klasikoa, buruz burukoan Pello Bilbao baino indartsuagoa izan baita. Marino Lejarretaren marka berdindu du belgikarrak

Remco Evenepoel, atzo, Klasikoan lortutako garaipena ospatzen, atzean Pello Bilbao duela. ANDONI CANELLADA / FOKU.
jon eskudero
2023ko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Olatu aparretan dago oraindik ere Remco Evenepoel (Soudal Quick-Step) Donostiako Klasikoan. 2019ko eta iazko garaipenen ondotik, aurten ere bera zen podiumaren gorenera igotzeko faborito nagusia, eta munduko txapeldunak ez zuen hutsik egin atzo. Ohi bezala, jarrera borondatetsua, ausarta eta erasokorra plazaratu zituen, eta ondo merezita altxatu zituen bi besoak Donostiako helmugan. Hori bai, ataka estuan ipini zuen Pello Bilbaok (Bahrain), azken esprintera arte ez baitzuen lortu gurpiletik ateratzea. Frantziako Tourretik bueltan, lasterketa distiratsua osatu zuen gernikarrak, baina buruz burukoan indar gehixeago falta izan zitzaion Klasikoa irabazteko. Bost ordu eta erdiko jardunean bikain erantzun zien Evenepoelen erritmo aldaketei, baina Bulebarreko zuzengunean belgikarrak indar gehiago izan zuen. Hala, hirugarren garaipenarekin, Marino Lejarretaren marka berdindu zuen Evenepoelek. Erarik onenean agurtu zuen munduko txapeldunaren elastikoa.

Susto handi samarrarekin ekin zion lasterketari irabazleak, erori egin baitzen irteera neutralizatuan. Eskuin eskuko eskumuturrari heldu zion berehala, baina ez zuen arazorik izan jarraitzeko. Eguneko ihesaldia berehala osatu zuten bost txirrindularik: Mikel Iturriak (Euskaltel Euskadi), Romain Bardetek (DSM), Nathan Van Hooydonckek (Jumbo-Visma), Julien Bernardek (Trek) eta Ibon Ruizek (Kern Pharma). Hasieran bidea egin zuen taldetxoak, baina bost minututik gorako alderik ez zuen sekula eskuratu. Jaizkibelen gora soilik minutu batera murriztu zuen aldea tropelak, eta Erlaitzeko mendatean sakabanatu egin ziren. Iturriak etsi beste erremediorik ez zuen izan, eta Bardet eta Van Hooydonck geratu ziren buruan.

Ordea, aurrean ez, atzean zegoen zer ikusia, Erlaitzen gora helmugarako 78 kilometro faltan sua piztu baitzuen Evenepoelek. Behin aldaparik gogorrenak igarota, sekulako erritmo aldaketa ezarri zuen belgikarrak, galbahea pasatzeko asmoz, eta soilik Bilbaok, Aleksandr Vlasovek (Bora) eta Alberto Bettiolek (Education-Easypost) jarraitu zieten txapeldunari. Abiadura bizian igaro zuten tontorra, eta nabarmentzekoa izan zen Evenepoelen ausardia eta nortasuna. Askotan egin bezala, helmugatik kilometro askora eraso egitea erabaki zuen, eta berak nahi bezala geratu zitzaion lasterketa. Izan ere, sasi ordekarako lagun aproposak elkartu zitzaizkion, eta denen artean minututik gorako aldea izan zuten une oro tropelarekiko. Gainera, taldetxo horretako lau iheslariak buruan zihoazen Bardetekin eta Van Hooydonckekin elkartu ziren, eta seiren artean lan ona egin zuten sasi ordekan.

Lasterketa kilometro erabakigarrietan sartu ahala, txirrindularirik indartsuenek jarraitu zuten buruan, eta, Evenepoelekin batera, Bilbao eta Vlasov soilik ageri ziren Mendizorrotzeko malda gogorretan. Jende uholdearen aurrean, sufrimendu aurpegiarekin zihoazen buruan, eta sumatzen zen Evenepoel bera zela indartsuena. Mendizorrotzeko gaina elkarrekin igaro zuten hiru iheslariek, eta goitik beherakoan jada jakina zen aurrean egongo zela garaipena. Tropelean hainbat saiakera izan ziren aldea murrizteko helburuz, baina alferrik. Eguneko azken mendatea igotzen hasterako erabakia zegoen podiuma. Bada, Murgilen argituko ziren galdera guztiak, eta hasierako aldapetan markaketa lanetan jardun zuten hiru txirrindulariek. Tontorrerako kilometro eskas falta zela Evenepoel berak hartu zuen aginte makila, eta haren erritmoari Bilbaok soilik eutsi zion.

Lehorte luzeari agur

Gauzak hala, goitik beherako bidea elkarrekin egin zuten Evenepoelek eta Bilbaok, eta elkarren babesean sartu ziren Donostiako kaleetan. Ordura arte ikusitakoaren arabera, pentsa zitekeen indarrez justuago zegoela gernikarra, baina, esprinterako duen abilezia ikusita, emozioa eta tentsioa ziren nagusi. Elkarrekiko errespetu handiz sartu ziren azken zuzengunean, eta buruz buruko lehian Evenepoel izan zen nagusi. Hankak indartsuago eta freskoago izan zituen, eta ez zuen hutsik egin. Hirugarrenez irabazi zuen Klasikoa, Marino Lejarretaren parean jarriz. Hots, Lejarretak berak jantzi zion txapela podiumean. Pozarren zen belgikarra: «Erlaitzen gora eraso egin, eta nahi erara ipini zait lasterketa. Iheskide aproposak egokitu zaizkit lan egiteko. Pello Bilbao asko animatu du jendeak, eta banuen beldurra bukaeran, esprintean abila baita. Halere, indartsuagoa izan naiz, eta ohorea da Donostian hirugarren garaipena eskuratzea. Gozamena da euskal errepideetan ibiltzea».

Garaipenak ihes egin arren, Bilbao ere gustura zegoen bukaeran. «Zaila zen irabaztea, eta ikusi da indartsuago zegoela Evenepoel. Erreleboetan ere nabari zen. Buruz burukoan saiatu naiz aurrean jarri eta egoera nahasten, baina gehiago izan da. Pena daukat, baina oso pozik nago azken hilabetean egindako lanarekin». 2007az geroztik podiumean euskal ziklistarik ez zen ageri Klasikoan. Orduko hartan Juanma Garatek bigarren egin zuen, baina gerora Leonardo Bertagnolli irabazleari garaipena kendu egin zion UCIk, eta Garate izendatu zuten garaile. Bosgarren izan zen atzo Ion Izagirre (Cofidis), eta zazpigarren Alex Aranburu (Movistar).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.