Eta argia itzali zitzaion...

Sebastian Gonzalezek argitasunik ezari eta «zorakeriei» egotzi die igandeko porrota, eta aspaldiko partez ez da ariko finalerdietan

Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2009ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Bart gaizki egin zuen lo. Txapelketako partida bakoitzaren ondoren bezala, tentsioaren eraginez. Berdin da galdu edo irabazi, baina irabazten duenean gozoagoa da hurrengo eguneko nekea. Sebastian Gonzalez (Azkaine, 1977) triste zegoen atzo, herenegun finalerdietan aritzeko aukerak ihes egin ziolako berriz ere, eta faborito nagusiaren aurka, gainera. «Triste nago, denek ikusi zutelako Juani [Irujori] aurre egiteko gai nintzela eta nik egin ditudalako hutsak». Lau urte pasatu eta gero, azkaindarra ez da buruz buruko finalerdietan ariko.

Lo ezaren eraginez edo, atzo goizean egin zituen galtzailearen lehen etxeko lanak. Partidaren bideoa ikusi zuen, bere burua apur bat gaztigatu eta azterketa kritikoa egiteko. «16-8 irabazten nindoala zorakeri asko egin nituen, erabaki txarrak. Sakeetan boleaz sartzeari utzi nion; gero, dejada txar bat jo nuen; erritmo bizian sartzeari utzi nion; sake inozo pare bat jaso nituen... lau gauza dira, baina parida hauetan aski dira galtzeko». Dena den, esaldi bakarrean laburbildu du nola jo zuen hondoa. «Juani eroso jokatzen utzi nion, botera eta baztertuz. Argitasuna galdu nuen, eta 15 tanto jaso nituen jarraian».

Irujok bere jokoa aldatu zuela nabarmendu du Gonzalezek, botera eta serio hasi zela, eta min handia egin ziola. Hor, baina, berak ere errua izan zuela onartu du. «Hasierako joko bizira bueltatu behar nuen, boleaz eta airez jokatu. Tarte horretan ondo ari nintzen». Egia da, 16-7ra arte Irujo ezinean ari baitzen. «Pilotan, baina, 22ra iristeak balio du, ez hamasei tanto polit egiteak, eta hor egin nuen huts. Gero, gainera, Juan aldagelara joan zen, eta horrek ere erritmoa hautsi zidan, eta eragina izan zuen. Esperientziak hurrengo urterako balioko dit, beti ikasten da zerbait».

Autokritikoa da Gonzalez, bere hanka sartzeak zorrotz aztertzen ditu, eta ez du uste kirioen arazoa izan zenik. «Urtero zerbait hobetzen dut. Kirioena hasieran zen, gero bolea txarrak, gero eskuina... eta aurten beste zerbait. Urtero zerbait ikasita, agian, hiru urte barru txapela irabaziko dut». 31 urte ditu, baina ez du uste manomanistan finalerdien langa pasatzeko azken aukera galdu duenik, eta zorte pixka bat duen urtean lor dezakeela uste du. «Pena ematen dizu, prestaketa oso gogorra delako eta urtebete itxaron behar delako berriz jokatzeko. Gainera, ez dut zorterik izan: iaz min hartu nuen, bi urtez jarraian Irujo egokitu zait... Goian egoteko zorte pixka bat behar da, eta nik ez dut askorik izan».

Atzera begiratu, eta Gonzalezek adierazi du txapelketan urte txarra egin duela. «Arazo asko izan ditut, lesiotik irten nintzen, eskuetatik justu... Iaz buruz buru eta binaka finalerdietan sartu nintzen, eta aurten ez naiz final-laurdenetatik pasatu. Puntan nabilenetik nire urte txarrena izan da». Orain ez du atsedenerako gogorik, kantxa zapaldu nahi du, jokatu, aurrelariak dionez, egun azken hilabeteetako sasoirik onenean dagoelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.