Bate Borisovek, Bayern Munichekin egin bezala, Valentziari ere astindua ematen badio? Eta Lillek alemaniarrak estutzen baditu? Eta Xakhtar Donetsken zelaian Chelseak amore ematen badu? Eta Benficak eta Galatasarayk bururik altxatzen ez badute? Zer gertatuko da horrelako zerbait gertatzen bada? Txapeldunen Ligako lehen ligaxkako hirugarren jardunaldiko lehen zortzi partidak jokatuko dira gaur, E, F, G eta H multzoetakoak, eta, ondo bidean, egoera dezente argitzen hasiko da. Bartzelonak eta Manchester Unitedek pauso erabakigarria emateko aukera daukate, jokatutako hiru partidak irabazita ia poltsikoan edukiko luketelako hurrengo fasera pasatzea. Hortik aurrera hasiko dira komeriak.
E multzoan, etxetik kanpo jokatuko dute Chelseak eta Juventusek, eta horrek hankaz gora jar dezake multzoa. Launa punturekin daude Xakhtar eta Chelsea, eta Ukrainan jokatuko dute bi talde horiek. Xakhtarrek hamasei partida jokatu ditu denboraldi honetan, eta hamabost irabazi ditu. Baina bolada gozoan daude ingelesak ere, asteburuan Tottenhami 2-4 irabazita. Juventusek ez luke arazorik behar Nordsjaelland ahula mendean hartzeko.
F multzoan antzekoa da egoera. Etxetik kanpo ariko dira Valentzia eta Bayern Munich, irabazteko premia handiarekin. Multzo horretan, Bate Borisovek irabazi egin ditu lehen bi partidak, eta handia egingo luke gaur Valentzia mendean hartuz gero. Alemaniarrek ere ezin dute hutsik egin Lilleren zelaian. Beste bi multzoetan, bigarren postua lortzeko dago borroka handia. Benficak urrats garrantzitsua egingo luke Spartak Moskuri etxetik kanpo irabazita, baita Clujek ere Galatasarayren etxean nagusituta.
Eta gertatzen bada?
Txapeldunen Ligako hirugarren jardunaldiko lehen zortzi partidak jokatuko dituzte gaur, partida erabakigarriak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu