«Europarako postuetara salto egiteko ondo kokatuta gaude», esan zuen Andoni Iraolak Ligako lehen itzuliaren balorazioa egiteko eskatu ziotenean. Athleticek urteak daramatza sei onenen artean sailkatzeko gainditu behar den langa salto egin guran. Orain arte ez du lortu —Europako Ligarako azken txartela Espainiako Kopako finalera iristeagatik lortu zuen—. Talde zuri-gorriak denboraldi honetarako daukan erronka nagusia da. Badirudi salbazioaren langa erraz gaindituko duela eta Txapeldunen Ligakoari aurre egiteko gaitasuna falta zaiola. Lehen itzuliko emaitzek berretsi egin dute zuri-gorriek oinak lurrean izanda egin zutela Europako Ligaren aldeko apustua. Joaquin Caparrosek zuzendutako taldeak puntu bakarrera dauka langa. Ondo «kokatuta» dago, baina azken bultzada falta zaio. Lortuko ote du helburua hemendik sasoia amaitu bitartean?
29Athleticek lehen hemeretzi jardunaldietan irabazitako puntuak. Joan den sasoian baino puntu bat gutxiago eskuratu du. Hala ere, talde zuri-gorria borrokan sartuta dago bete-betean —Atletico Madril puntu batera baino ez dauka sailkapenean—, baina orain arteko batez bestekoarekin nekez lortuko du saria. Aurreko denboraldian Getafek nahikoa izan zituen 58 puntu, baina normalean 60 puntutik gora behar izaten da helburua lortzeko. Beraz, Athleticek dezente hobetu beharko du azken sasoietan bigarren itzulian egindako lana. Izan ere, Caparrosen aroan nabarmen egin du behera taldeak denboraldiaren azken txanpan. Luze egin zaizkio sasoiak. Egindako hutsetatik ikasi beharko dute zuri-gorriek azken jardunaldietara indarrarekin ailegatzeko. Prestaketa fisikoa izango da arrakastaren giltzetako bat.
3Sailkapenean aurretik dituen sei taldeen kontra eskuratu dituen puntuak. Europarako sailkatzeko ez da ezinbestekoa onenen kontra puntu asko irabaztea, baina punta-puntako taldeen aurka ematen den mailak asko erakusten du. Finean, taldeak duen mailaren erakusgarri da. Eta Espanyolen kontra izan ezik, sailkapenetako gainerako bost talde indartsuenen kontra galdu egin du Caparrosek zuzendutako taldeak: Bartzelona, Real Madril, Vila-real, Valentzia eta Atletico Madrilen aurka. Gainera, nabarmen galdu du gehienetan. Athletici zerbait falta zaion seinale da. Horrez gain, etxetik kanpo egin duen lanak ere asko baldintzatu du taldea. Bederatzi norgehiagokatan zortzi puntu baino ez ditu eskuratu. Ez du gehiago merezi izan, gainera. Oso txarto aritu da Athletic San Mamesetik urrun, jarraitzaileen babesik gabe. Bigarren itzulian kanpoan lan hobea egitea ezinbestekoa izango da, etxean jokatu beharreko partida bakoitzean irabaztera behartuta ez egoteko. Talde on batek zelai gehienetan irabazteko gai izan behar du.
1Athleticek lehen itzulian egindako lan onaren giltzetako bat erasoan erakutsi duen eraginkortasuna izan da. Zuri-gorriak partida bakarra amaitu dute aurkariari golik sartu gabe, Anoetan Realaren aurka jokatu eta 2-0 galdutako derbia, hain zuzen ere. Gainerako hemezortzi partidetan, gutxienez gol bat egin du. Talde gutxik dute hori egiteko gaitasuna. Estrategia jokaldiak dira zuri-gorrien erasoko arma nagusietako bat. Korner eta falta jaurtiketetan talde beldurgarria da; sartutako golen ia erdiak buruz lortu ditu. Erraztasuna dauka Athleticek aurkariaren armiarma-sarea zulatzeko, baina ez dabil horren fin bere atea zaintzerako orduan. Defentsako lanean ez du maila ona eman. Opari asko egiten dituen taldea da. Ustez errazena denean ari da huts egiten. Horregatik konformatu behar da sailkapeneko zazpigarren postuarekin.
33,5Fernando Llorentek dirutza hori balio du Valentziako Unibertsitate bateko irakasleek egindako ikerketa baten arabera. Jokalariaren kirol ekarpena, arlo pertsonala eta Athleticekin daukan lotura hartu dituzte aintzat ikerlariek jokalariak zenbat balio duen zehazteko. Athleticeko aurrelaria erakusten ari den jokoa azaltzen duen beste datu bat da. Ikusgarri ari da. Gol sen aparta erakusteaz gain —11 gol sartu ditu Ligan eta beste bat Espainiako Kopan—, bera da zuri-gorrien jokoaren erreferentzia nagusia. Athleticeko jokalarien batez bestekotik askoz gorago dago. Izar bat da Espainiako Ligan. Joseba Etxeberriak edota Julen Guerrerok klubean izan zuten antzeko garrantzia du Llorentek egun. Luxu bat da taldearentzat. Izango al da gai Athletic aurrelaria eusteko?
18Iker Muniainek egin berri dituen urteak. Athleticeko harribitxia aurrerapausoak ematen ari da etengabe. Pisua hartzen ari da taldean. Ez dauka beldurrik ardurak hartzeko, eta horrek handitu egin du bere garrantzia taldean. Bera da belaunaldi berriaren erreferentzia nagusia. Etorkizunean, egun Llorentek duen estatusa izateko aukeratutako futbolaria da. Inork ez daki lortuko duen edo ez, baina eman beharreko pauso guztiak ari da ematen. Egunetik egunera futbolari hobea da. Hala ere, asko dauka hobetzeko.
XKinieletan berdinketa adierazteko erabiltzen den zeinua. Athleticek eta Bartzelonak Espainiako Kopan izan zituzten lehietan X ipini zutenek asmatu zuten. Bi partidetan berdindu ostean, etxetik kanpo sartutako golek duten balio bikoitzari esker sailkatu zen Pep Guardiolak zuzendutako taldea. Athletic gustuko duen txapelketatik kanpo geratu zen, baina munduko talde onenaren aurrean aurpegia emanda esan zuen agur. Bartzelona sasoi honetan ematen ari den erakustaldi eta jipoiekin, garaipen askok baino ahoko zapore gozoagoa utzi du zuri-gorrien lanak.
Eta orain, Europako langa
Athleticek lan ona egin du lehen itzulian, baina oraindik ez du erakutsi txapelketako sei onenei aurre egiteko gai denikSan Mamesen talde sendoa da zuri-gorria, baina etxetik kanpo itxura txarra eman du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu