Frantziako Tourra

Etapa batentzat, Tourra bestearentzat

Pogacarrek irabazi du azken saio menditsua, eta Vingegaardek sailkapen nagusiko garaipena ziurtatu du. Bilbaok ezin izan du posturik igo, eta seigarren izango da azkenean  

Tadej Pogacar garaipena ospatzen. CHRISTOPHE PETIT TESSON / EFE
enaut agirrebengoa
2023ko uztailaren 22a
18:10
Entzun

Asteazkenean makalaldi handia izan ondoren, bere onera itzuli da gaur Tadej Pogacar (UAE), eta onena izan da Tourreko hogeigarren etapan. Faboritoen arteko esprinta lehiatu da Le Marksteineko helmugan, eta esloveniarrak aurrea hartu dio Vingegaardi azken zuzengunean. Danimarkarra hirugarren izan da azkenean, Felix Gallen (Ag2r) atzetik. Halere, bazuen zer ospatu, bihar maillot horia soineratuko baitu Parisko Eliseo Zelaietan. Bigarren garaipena lortuko du jarraian, eta hala, Pogacarren pare jarriko da. 7.29ko aldeaz menderatu du aurten. Oso arrakala handia da. Hirugarren Adam Yates (UAE) izango da, 10.56ra.

Pello Bilbaori (Bahrain) ihes egin dio gaur podiumaren ametsak. Ia utopia zen. Aldiz, aukera zuen Simon Yates (Jayco) eta Carlos Rodriguez (Ineos) aurreratzeko. Yates ezin izan du menderatu; Rodriguez, baina, atzean utzi du. 19 segundo atera dizkio helmugan. Tarte handiagoa behar zuen. Dena den, oso harro egoteko moduan da Bilbao: seigarren postuan bukatuko du Tourra, eta zorroan etapa garaipen bat duela. Rodriguezek eutsi egin dio Bilbaori, baina ez Yatesi, eta sailkapeneko laugarren postua kendu dio txirrindulari ingelesak. 12.23ko atzerapena pilatu du hark; 12.57koa Rodriguezek; eta 13.27ra gelditu da Bilbao.

Segada usaina zerion gaurko etapari, ez baitzegoen arnasa berritzeko inongo tarterik. Sei mendate igo dituzte elkarren segidan: lehen hiruak bigarren mailakoak, hurrengoa hirugarren mailakoa, eta azken biak lehen mailakoak. Ballon d’Alsace izan da eguneko lehen zailtasuna, eta tropela zatikatu egin da han. Ez, ordea, maldan gora, jaitsieran baizik. Rodriguez erori egin da, eta aurretik hogei txirrindulari gelditu dira. Tartean ziren Mikel Landa (Bahrain) eta Ion Izagirre (Cofidis); baita Vingegaard bera ere. Danimarkarrak hanka altxa du, ihesaldiak bestela ez baitzuen biderik egingo.

Landak gutxi iraun du lasterketa buruan, ezinean gelditu baita Croix des Moinantseko igoeran. Berehala irentsi du tropelak. Izagirreri ere alarma gorria piztu zaio, eta metro batzuk galdu ondoren, iheskideei jarraika aritu da. Sei ziklista zeuzkan aurretik: Giulio Ciccone eta Mattias Skjelmose (Lidl), Maxim Van Gils (Lotto), Tom Pidcock (Ineos), Krists Neilands (Israel) eta Warren Barguil (Arkea).

Grosse Pierre zen hurrengo mendatea, eta han amore eman du Izagirrek. Neilands ezinak jota gelditu da, eta haren tokia Thibaut Pinotek (Groupama) hartu du ihesaldian, atzetik aurrerakoa eginda. Geroago, Rigoberto Uran (Education), Valentin Madouas (Groupama), Kevin Vermaerke (DSM) eta Chris Harper ere batu zaizkie buruan zeudenei. Hori horrela, hamar txirrindulari iritsi dira Schlucht mendatearen tontorrera. Cicconek irabazle keinua egin du, bildutako puntuekin erabakita utzi baitu mendiko sailkapena.

Petit Ballonen bakarrik gelditu da Pinot. Gailurretik sei kilometrora abiatu da, baita indarrez abiatu ere. Gozatu handia hartu du, jendetza baitzuen zain mendatearen bukaeran. Platzerwaselen, ordea, erasoka hasi dira faboritoak, eta iheslarienak egin du. Pogacar izan da sua piztu duena, eta Vingegaardek eta Gallek jarraitu diote. Beranduago Yates anaiak abiatu dira, eta indartsuenekin bat egin dute mendatearen ondoren zegoen sasi-ordekan. Bilbao gogotik saiatu da aurrekoengana hurbiltzen, baina 33 segundora iritsi da azkenean, zortzigarren postuan.

Vingegaardek garaipena lehiatu dio Pogacarri. Azken bihurgunea hobe hartu du, eta buruan iritsi da azken zuzengunera. Alabaina, esloveniarrak esprint bortitzagoa duela erakutsi du beste behin. Azkenean, Gallek ere aurreratu du Vingegaard. Danimarkarrari gorazarre egingo diote bihar, Parisen, Tourreko azken etapan. Garaipena, urtero bezala, esprinterren artean jokatuko dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.