Etenaren ondorengo lehen ahalegina ez da inoiz samurra izan inorentzat. Kosta egiten baita berriz ere martxa hartzea, indar erakustaldi handiak ematetik baldin bazatoz gehien bat. Realak ez zituen modu berean garaitu Atletico Madril eta Valladolid, lehiakortasunaren alderdi ezberdinak erakutsiz baizik. Gaurko erronka gogorrari aurre egiteko ez lioke kalterik egingo egun horietako zirriborroak berrikusteak. Oraingo Espanyolek talde txuri-urdina estu hartzeko gaitasuna baduelako. Ez da Atletico Madril bezain gogor eta fidagarria, baina gisa horretako joko estiloa menderatzen duenez, Vicente Calderongoaren tankerako norgehiagoka izan liteke gaurkoa.
«Atzealdeko lan zorrotza funtsezkoa izango da, ziur», adierazi zuen Philippe Montanierrek partidaren atarikoan. Talde bizia da Espanyol, zurruna, zangoa gogor sartzen duen horietakoa. Badago sendotasun horren berri ematen duen datu bat: beste edozein talderi baino txartel hori gehiago atera dizkiote. Sasoiko dago, gainera. Etxean jokatutako azken zazpi partidetan bost irabazi eta bi berdindu ditu. «Oso zenbaki onak dira», ohartarazi zuen Xabi Prietok herenegun. Ez dirudi, hala ere, Reala horren aurrean uzkurtuko denik. Zaragoza, Bilbo eta Madrilgo lehiak ez ziren izango, ziurrenik, samurragoak, eta horietan guztietan une txarrak gainditzeko ahalmena erakutsi zuten gipuzkoarrek.
Azken hemezortzi partidetan 37 puntu biltzeko gai izan da Donostiako taldea. Serio ari da lanean, hortzak estuturik. Horrek mugak hausteko modua eman dio. Beste baten ertzera iritsi da, ondorioz. Txuri-urdinek ez baitituzte etxetik urrun lau alditan segidan bi besoak inoiz altxatu. Philippe Montanierren aginduetara, gainera, ez dute hiru garaipen errenkan lortzeko modurik izan. Historiarekin ez ezik, orainarekin ere ordua jarri dute Realeko jokalariek gaur arratsalderako Bartzelona aldean.
Montanierrek aldez aurretik jakin bazekien Chory Castro eta Gorka Elustondo ez zirela izango jokatzeko moduan, baina Bravo eta Velaren parte hartzearen inguruan itxaropentsu zegoen. Azkenerako ez ziren garaiz osatu, ordea. Zuhurtziaz beteriko erabakia izan zen. Biek ala biek giharretako arazo arinak dituzte, eta ez zegoen zertan arriskaturik. Hurrengo asterako prest izango dira. Oraindik ere hamar norgehiagoka geratzen dira txapelketa amaitzeko. Tarte garrantzitsua da, eta edozer gerta liteke.
Zubikarairengan, konfiantza
Eñaut Zubikarai taldera itzuliko da. Entrenatzailearen bultzada jaso zuen atzo. «Malagan jokatu zuen azkenekoz hasieratik, eta soberan eman zuen neurria. Orduko hura ere erronka gogorra izan zen, eta taldea ez zen uzkurtu». Carlos Martinezek, Mikel Gonzalezek, Iñigo Martinezek eta De la Bellak babestuko dute atezaina. Defentsa lana garrantzitsua izango denez emaitza on bat eskuratzeko garaian, pentsatzekoa da zelai erdian Illarramendi, Markel eta Zurutuza elkartuko dituela entrenatzaileak. Jokalari trebeak dira arerioa estu hartzeko lanean, eta orekatu egiten dute jokoa Vicente Calderonen ikusi zen moduan.
Partida hartan Xabi Prietok sartu zuen norgehiagokako gol bakarra, eskuin hegaletik gora area zapaltzea lortu eta gero —jokoz kanpo zegoen—. Espanyolen aurkako partidan eskuinaldera itzuliko da donostiarra. Aurrealdean, berriz, Griezmannek eta Agirretxek jokatuko dute.
Etenak ez dezala eten
Orain arteko mailari eusten ahaleginduko da Reala gaur Espanyolen zelai zailean; Bravo eta Vela deialditik kanpo geratu diraTxuri-urdinek sekula ez dituzte lortu lau garaipen segidan etxetik kanpo

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu