Bi gol sartu zituen —inork ez zuen sasoi honetan Ligan Vila-reali gol bat baino gehiago sartu Madrigalen—, eta, hala ere, Osasunak ez zuen inoiz partida irabazteko aukerarik izan atzo. Penalti argi bat adierazi ez ziotela egia da; gol bat baliogabetu ziotela ere bai; baina aitzakiarik ez dago: Vila-realen gisako talde bati hainbeste erraztasun ematerik ez dago. Markagailuan atzetik joan zen une oro Jose Antonio Camachok zuzendutako taldea, eta une askotan aurkaria baino hobeto aritu zen, baina esku-hutsik itzuli behar izan zuten Iruñera gorritxoek. Azken lau denboraldietan Vila-realen zelaian galdu gabe ziren nafarrak, baina atzo ez zuten zereginik izan. Etxetik kanpoko bolada txarrak ez du amaierarik, eta jaitsiera postuak gero eta gertuago ditu Iruñeko taldeak. Lehenbailehen suspertu beharra dauka.
Osasuna ez zen gaizki hasi, eta lehendabiziko minututik gola sartu nahian ibili zen. Ezkerretik Oierrek arean jarritako erdiraketa on batean aldaratzea Camuñasi iritsi zitzaion, eta ezker hegaleko erdilari gorritxoak area barrutik beste erdiraketa bat egin zuenean Bruno Sorianok baloia besoarekin ondoko marratik kanpora desbideratu zuen baloia. Sutan, Camuñas, Soriano eta Aranda epailearen bila joan ziren, penalti argia izan zela salatuz. Epaileak kornerra adieraztea nahiago izan zuen, dena dela. Lehen Mailako epailerik kaskarrenetako bat da Rubinos Perez, eta lehen minutuan etxeko taldearen aurkako erabakia hartzea gogorregia iruditu zitzaion epaileari. Hortxe hasi zen okertzen partida nafarrentzat. Gorritxoen geroko komeriak iragartzen zituen jokaldiak.
Osasunako jokalariak lanean jarraitu zuten, baina jarraian etxekoen susperraldia etorri zen. Pixkanaka-pixkanaka baloiaren jabe egin ziren Bruno, Cani, Borja Valero eta enparauak, eta Ricardoren lan onak soilik galarazi zuen Vila-realen gola. 22. minutuan, ordea, Marco Ruben argentinarrak ez zuen barkatu. Damia eta Nelson sufritzen ari ziren eskuin hegalean Capdevila, Cani eta Borja Valerorekin, eta, halako batean, Valerok ezkerretik erdiraketa bat egin zuen, eta area txikian Rubenek buruz gola sartu zuen. Damiak erdiraketa behar bezala oztopatzerik ez zuen lortu; Miguel Flañok ere ez zuen Marco Ruben behar bezala zaindu, eta erraztasunak ez zituen alferrik galdu Vila-realek. Golaren ostean Osasuna ahalegindu zen, baina atsedenaldia iritsi bitarteko aukerarik onena Rossik izan zuen.
Atsedenalditik bueltan Osasuna indartsu zelairatu zen —bi zatien lehen minutuetan zein azken minutuetan gehiago izan zen Osasuna, tartean Vila-real nagusitu bazen ere—, eta Camuñasek jokoan jarritako korner batean Sergiok baloia buruz ukitu eta Vadoczek baloia sarera bidali zuen. Pozak gutxi iraun zien nafarrei, dena dela. Oierrek zelai erdian berreskuratutako baloi bat inozo eman zion Caniri Vadoczek, eta Ricardo aurreratuta zegoela ikusita, Canik sasoiko golik dotoreena sartu zuen zelai erdiko arrastoaren paretik. Txapela kentzeko moduko gola. Baina lehen golean bezala, Osasunakoek erraztasunak eman zizkieten etxekoei.
Susperraldirako tarterik ez
Ez zen nafarren azken okerra izan. 3-1koa Valerok jokoan jarritako korner batean iritsi zen. Osasunako atzelariak lo harrapatu zituen Marco Rubenek, eta bere errematea Capdevilak bidali zuen sarera gol arrastotik gertu. Hamar minutu geroago, Camuñasen jokaldi bikain bat Callejaren gol ederrarekin amaitu zen, baina alferrik zen. Ez zegoen zereginik. Camuñasek soilik sortzen zuen arriskua aurrealdean, eta atzealdean beste opari bat egiteko astia izan zuten gorritxoek, gainera. Beste korner batean Valerok baloia dotore erdiratu zuen, eta Gonzalok atzelari gorritxoei aurrea hartuz gola sartu zuen. Marka da Osasunak sasoi honetan kontrako kornerretan duen ahulezia. Valentziak Mestallan bi gol sartu zizkien kornerretik. Hiruna berdindu ahal izan zuten partida hura atsedenaldian 3-1 galtzen joan arren. Baina geldikako jokaldietan bi gol oparituz gero, galtzea logikoagoa da, eta atzo ez zen miraririk izan.
Etenik gabeko bolada txarra
Atzealdean aurkariari emandako erraztasunek aukerarik gabe utzi dute Osasuna Madrigalen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu