Efren Vazquez. Moto gidaria

«Etorkizunean txapeldun izan nahi dut moto honekin»

Munduko Motoziklismo Txapelketa hasiko da bihar Qatarren, eta han izango da Efren Vazquez Moto3 mailan. Seigarren denboraldia du, eta aurten Indiako Mahindra taldearekin ariko da estreinako aldiz.

JAIME OLIVARES / EFE.
Donostia
2013ko apirilaren 6a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Dohako (Qatar) Holiday Villan atseden hartzen harrapatu du BERRIAk Efren Vazquez (Bilbo, 1986). Munduko Txapelketako lehen lasterketa du bihar, eta atzoko entrenamenduetan bosgarren postuanamaitu zuen.

Zer sentipen duzu Txapelketako lehenengo lasterketaren bezperan?

Oso sentipen ona. Taldea oso ongi ari da lanean, eta uste baino hobeto doa dena. Egia esan, hori ez da oso ohikoa izaten talde jaio berri batean...

Prestaketa saioetako probetan lehen hamarren artean sartu zinen. Nola ikusten duzu motoa?

Jerezen eta Chesten ongi aritu zen, baina uste dut oraindik %70ean dagoela. Sasoiak aurrera egin ahala, hobera egingo du. Mahindran lan handia egiten ari dira, eta gainontzeko pilotuek tentuz begiratzen gaituzte. Qatarren, halere, guztiz desberdina izango da.

Ilusioa, motibazioa... baita onenen taldetik gertu egoteko helburua ere, ezta?

Bai, hala da. Baina neure buruari profesionala naizela erakutsi nahi diot. Garatzen ari naizen motoarekin, etorkizunean txapelketa bat eskuratu nahi dut, eta, bestela, etorriko diren pilotuek lor dezatela.

Nolakoa da Mahindra proiektua? Indian ibili zara lantegia bertatik bertara ezagutzen...

Enpresara bertara joaten ez zaren arte, ez zara konturatzen zenbateko lana dagoen atzean. Mahindrak 150.000 langile eta 270 ingeniari ditu, itzela da. Oso harro nago proiektu honetan parte hartzeaz.

2010ean bosgarren amaitu zenuen, baina ordutik ez duzu lehen bosten artean sartzea lortu. Joan den denboraldian ere ez zinen oso fin ibili. Autokritika egin al duzu?

Horren guztiaren atzean dirua dago. 2010. eta 2011. urteetan 500.000 euroko aurrekontua genuen, eta joan den sasoian, diru horren guztiaren erdia pikutara joan zitzaigun. Pentsa, urtarrilean kontuak atera genituenean, motorik izango ez nuela uste nuen! Oso urte zaila izan zen, bulegoetan denbora mordoa pasatu genuelako. Sei urte atzera kirola zen hau. Orain, aldiz, %98an negozioa.

Gehiago ematea espero zenuen?

Ez, egoera ekonomikoa oso larria izan zelako. Bilboko Udala eta Bizkaiko Diputazioari esker lehian aritu nintzen, eta ezin zen gehiago eskatu. Aurrekontu on bat ezinbestekoa da, eta zailtasun horiek izan arren, hamargarren izan nintzen txapelketan.

Herri Torrontegi izan zen, 1989an, Munduko Txapelketako lasterketa bat irabazi zuen azken euskal herritarra. Bolada etengo al da aurten?

Zaila ikusten dut, pilotu bat gehiago besterik ez naizelako. Duela 24 urte zortzi lasterketa soilik korritzen ziren... kirol hutsa zen dena. Egun negozioa da %98an. Nire helburuetako bat, Euskadin gidari onak daudela, eta onenekin lehiatu daitezkeela erakustea da.

26 urterekin, guztien artean handiena zara. Nolakoa da 16 urteko gazteekin lehitzea?

Izugarria! Adin horretako jendearekin lehiatzea, 25 urte dituen batekin baino zailagoa da. Gutxiago pentsatzen dute, ez dute beldurrik, ausartak dira... Horrek guztiak erabateko sakrifizioa eskatzen dit, 58 kilotik beherako pisuari eusteko.

Moto2ra jauzia ematea pentsatu al duzu?

Oraingoz, ez. Moto 2ra jauzia emateko garaipenak izango dituzulako ziurtasuna eduki behar duzu. Horretarako, milioi bat euroko aurrekontua batu behar duzu, eta, hori lortu ezean, 20-25 postuen artean lehiatzera zoaz. Onenen artean egoteko helburuarekin lehiatzen naiz, eta herritarren dirua pikutara botatzea ez zait ongi iruditzen. Moto2ra joateko, garaipenak lortuko ditudala argi izan behar dut.

Zer aldatu da hasierako Efren hartatik gaur egungora?

Ez dakit, bada... Hasi nintzeneko pilotu berdina naiz. Esperientzia gehiago dut orain, helduagoa naiz. Pistan asko ikasi dut, eta azken urteotan aurrerapauso handiak eman ditut. Arlo pertsonalean, lehengoa betikoa naiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.