Kito. Amaitu da. Hamazazpi urte igaro dira. Hamazazpi negu. Ziklo-krosak bizi izan du David Seco (Busturia, Bizkaia, 1973), baina gorputzak nahikoa dela esan dio. Badoa Euskal Herriko ziklo-kroslaririk onena, ehun lasterketatik gora irabazita. Astelehenetik aurrera lokatz gutxiago pilatuko da Secoren etxean. «Proiektu asko» dauzka buruan. «Diziplina honetan ikasi dudana irakasten saiatuko naiz». Baina azken lan bat dauka aurretik, bihar, Busturian, etxean: David Seco Ziklo-kros Showa antolatu dute, agurrari festa kutsua emateko.
Zer moduz sentitzen zara erretiro hitza entzundakoan?
Ispasterko proba amaitu zenetik, eta Busturiako festa hau buruan neukala, ez dut denbora askorik eduki erretiroan pentsatzen hasteko. Barneratuta neukan, banekien nire kirol ibilbideak hasiera bat eta bukaera bat edukiko zituela. Baina bizitza guztia daramat bizikletaren gainean, eta ezin dut ukatu tristura pixka bat sentitzen dudala.
Zer ikusten da atzera begiratutakoan?
Azken urteotan pentsatu izan dut ez dudala zorte handirik izan, eta momentu horietan hasten zara pentsatzen dena alde izanda zer lor nezakeen. Baina egin nezakeenarekin ez, lortu dudanarekin geratuko naiz. Ezertarako ez du balio zorte pixka bat gehiagorekin Espainiako zortzi-hamar txapelketa irabaz nitzakeela pentsatzeak. Sei irabazi ditut, eta hori ez dago edonoren esku. Denborarekin jabetuko gara zer egin dugun.
Urruti geratu da 1995a, Ripolin taldearekin debuta egin zenuen urtea?
Tira... Batzuetan ematen du orain dela gutxi gertatu zela hori, baina abentura asko bizi izan ditugu tartean. Ausart jokatu nuela iruditzen zait, arriskatu egin nuela, ziklo-krosean norbait izateko ahal izan nuen guztia egin nuela. Eta ahaleginak merezi izan du.
Gogoan edukiko duzu, noski, lehen lasterketa. Bezperako urduritasunak, prestaketak...
Bai, bai, gogoan daukat. Lau urtean ziklo-krosetik aparte egon nintzen, errepideko txirrindularitzan saiatzea erabaki nuelako. Baina aukera galtzen ari nintzela ikusten nuen, ziklo-krosean aukera polita neukala iruditzen zitzaidalako. 1995ean ziklo-krosera itzultzea erabaki nuen, eta, lehen proban, Leioan, bigarren izan nintzen, Iñigo Igartua orduko ziklo-kroslaririk onenaren atzetik. Hobetzeko tarte handia neukala eta jada onenen pare nenbilela ikusi nuen. Ordutik, irabaztea besterik ez nuen izan buruan lasterketa bakoitzean.
Ripolin, Banaka, Saunier Duval, Super Froiz... Talde aldaketa dezente izan zenuen hasiera hartan.
Josean Fernandez Matxin-en eskutik hasi nintzen bidea egiten, ziklo-krosa errepidearekin uztartuz; Ripolin, Banaka, Saunier Duval... Talde askotan ibili nintzen, baina ondoren jada babesle bila hasi nintzen: Biciland, Froiz... Beste mundu bat zen hura, lan handia egin beharra zegoelako babesleak lortzeko. Orain jabetzen naiz oso momentu zailak igaro nituela, nahiz eta emaitzak lortu ahala babesleen kontua ere neurri batean erraztu egin zen.
2004ra arte pauso sendoak eman zenituen, baina 2006tik aurrera, erorketak, lesioak eta arazo pertsonalak tarteko, ezin izan zenion eutsi ordura arteko mailari.
32 urte bete arte goraka joan nintzen. Nazioartean bigarren taldetxo batean nengoen, 8-14. postuen inguruan. Azken pausoa eman eta lehen taldean sartzea zen nire helburua, nahiz eta oso zaila zen lauzpabost txirrindulari belgikarren tartean egotea. Baina anaiaren heriotzarekin kolpe gogorra jaso nuen, eta ia zazpi urteren ondoren, Espainian lehen lasterketa galdu nuen. Espainiako Txapelketan ere, Busturian, bigarren egin nuen. Egia da 2006an berriz ere gora egin nuela; Espainiako proba guztietan aritu nintzen, Espainiako Txapelketa irabazi nuen, eta nazioartean lehen hamarren artean sartzeko gai izan nintzen. Baina 33 urterekin hankan haustura izan nuen, eta ordutik ez dut lortu aurreko txirrindularia izatea. Urtebete pasatu nuen lehiatu gabe, eta azken urteetan motibazio pixka bat ere falta izan zait.
Paul Cuesta aipatu berri duzu. Pentsatzekoa da anaiaren heriotzak jota utziko zintuela.
Ni baino urtebete gazteagoa zen, klasean elkarrekin egoten ginen, lagun taldean ere bai, eta kirol arloan berak kudeatzen zuen ia dena. Lasterketetan ere bikain ulertzen genuen elkar. Arlo pertsonalean eta kirol arloan asko laguntzen zidan, eta asko sufritu nuen haren heriotzarekin. Urtebeteko geldialdiaren ondoren, ziklo-krosa uzteko zorian egon nintzen, baina itzultzea erabaki nuen. Maila ona berreskuratu nuen, baina anaiarekin osatzen nuen binomioa falta zitzaidan.
Ondo gordeta omen daukazu Belgikan jokatu zen Munduko Kopa bateko zenbakia, 46 zenbakiduna. Berriz ere txirrindulari sentitu omen zinen egun hartan.
Bai... Denboraldia hasi baino bospasei hilabete lehenago hil zen anaia, eta tarte horretan ez nuen kirolik egin, bizikleta ukitu ere ez nuen egin. Ez neukan ezer egiteko gogorik. Azkenean, maleta egin, bizikleta hartu, eta, ia entrenatu gabe, Belgikara joatea erabaki nuen. Egun gutxi lehenago ez nekien ziklo-krosa utziko nuen edo ez, eta bat-batean Munduko Kopa batean nengoen, Paulek ni egotea nahiko zukeen tokian, munduko onenen artean. Proba berezia izan zen, eta horregatik dauzkat gordeta zenbakiak. Itxura polita eman nuen, gainera, eta jarraitzeko moduan nengoela ikusi nuen.
Ume gehienek futbol jokalari edo saskibaloi jokalari izan nahi izaten dute handitan. Nolatan hasi zen David Seco ziklo-krosean?
Hamar urterekin hasi nintzen errepidean lehiatzen, baina hamalau urte beteta egin nuen debuta ziklo-krosean. Berehala ikusi nuen loturaren bat bazegoela. Lehen proban bigarren izan nintzen, eta izugarri gozatu nuen. Teknika aldetik ona nintzen, azkar jaisten nituen aldapak, eta berehala sartu zitzaidan buruan irabazteko grina. Txirrindulari desberdina nintzen.
«David Seco, errebeldea». Abizen hori ageri da askotan zure izenaren ondoan. Zerbaitegatik izango da...
Tira... Adjektibo horrek ez nau mintzen; are gehiago, askotan harro sentitu naizela esango nuke. Gutxiengoen kirola da ziklo-krosa, eta oso zaila da bertatik bizitzea. Gertukoak ondoan izan ditut beti, baina kirol arloan neure kasara egin behar izan dut bidea. Handinahia naiz, izaera gogorra daukat, eta bidean jende askorekin egin dut talka. Neurea aldarrikatu izan dut beti, eta, bai, txirrindulari errebeldea izan naiz agian. Baina ez naiz damutzen. Ezta gutxiagorik ere. Etsaiak eduki ditudala? Bai, izango nituen. Baina, beharbada, poztu eta guzti egiten naiz. Neu izan naiz beti.
Deabruaren ikurra zeure egin zenuen bere garaian. Irudi hori aukeratu zenuen. Zergatik?
Askotan sentitu dut aurkariek ez nautela askorik maite, urte askoan proba guztiak irabazi nituelako. Baina egin behar nuena egin nuela uste dut, eta harro sentitzen naiz. Lesio baten ondoren itzalean geratu nintzen, eta zulotik irteteko helburuarekin aukeratu nuen deabruaren irudia.
Zenbateko garrantzia dauka Paul Herrijgersek zure kirol ibilbidean?
Paul Herrijgers mugarria izan da nire kirol ibilbidean. Bizpahiru urte neramatzan goi mailan, eta Duran ezagutu genuen elkar. Belgikako bi txirrindulari etorri ziren, eta erraz irabaziko zutela uste zuten. Baina azken itzulira arte haiekin ibili nintzen. Hirugarren amaitu nuen proba, hamasei segundora, eta harrituta geratu ziren. Belgikara joateko aukera eman zidaten, eta ez nuen bi aldiz pentsatu. Hurrengo hiru urteetan, urtero bi hilabete igaro nituen Belgikan. Taktika eta teknika aldetik izugarri ikasi nuen.
Egoitz Murgoitio, Javier Ruiz de Larrinaga, Jon Ander Insausti, Daniel Ruiz, Jonathan Lastra... Zer egoeratan dago Euskal Herriko ziklo-krosa?
Orain urte batzuetako egoera berean dagoela esango nuke. Ez naiz oso baikorra. Une jakin batzuetan agertzen da txirrindulariren bat edo beste. Egoitz Murgoitiok, adibidez, potentzia dauka, eta egitura ona ere bai bere inguruan. Nire lorpenak berdintzeko gai ikusten dudan bakarra da une honetan. Baina atzean ez dago lan eredu bat; bere kabuz egin du aurrera.
Zure kirol ibilbideak dena ez du onetik izan. Orain bi urte dopinak zipriztindu baitzintuen. Nola bizi izan zenituen hilabete haiek?
Nik argi izan dut beti min ez duela egiten nahi duenak, ahal duenak baizik. Kontu horrekin kontzientzia oso lasai eduki dut beti, argi baineukan ezingo zutela frogatu dopatu nintzela. Eta hala izan zen. Hala ere, jende askok uste duen baino hobeto aurre egin diot egoera horri.
David Seco. Ziklo-kroslaria
«Etsaiak eduki ditudala? Bai; baina, beharbada, poztu eta guzti egiten naiz»
Txirrindulari berezia da David Seco. Izaera gogorrekoa. Euskal Herriko ziklo-kroslaririk onena izan da, eta bihar hartuko du erretiroa. Onenean zegoenean, anaiaren heriotzak eta lesioek indar handia kendu zioten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu