Nahiko urruti, hamabi eta hamalau segundora, helmugaratu ziren Orio eta Hondarribia, hurrenez hurren. Bigarren eta hirugarren, beraz. Garaileaz gain, Mirotza eta Ama Guadalupekoa traineruek ere Espainiako Traineru Txapelketarako txartela poltsikoratu zuten atzo. Pedreñan jokatuko da, datorren abuztuaren 7an eta 8an.
Kaiku izango da irabazteko faboritoa, iazko garaipenari segida emateko hautagai nagusi eta ia bakarra. Emaitzak dauzka alde. Datuak. Eta beraiek ere badakite. Gauza bat da estropada bakan batzuk jarraian irabaztea. Erakustaldiren bat edo beste ematea. Beste bat, ordea, beti irabaztea, eta ia ziur irabazi egingo dutela jakinda arraun egitea. Arraunlarien konfiantzaren zakua puzten du horrek, kontrarioena husten duen neurrian. Halakoa da orain egoera: Kortak txapelketatako koadrila, 14 arraunlari horiek, azken hamahiru hilabeteotan Kontxako Bandera eta beste txapelketa guztiak irabazi dituenak uretaratzen baldin baditu, Kaiku garaiezina da ia. Etsigarria behar du, dudarik gabe.
Baina beraiek gustura. Badakite San Miguel ligan estropadaren batean edo bestean muturrean ibiltzearekin konformatu beharko dutela, baina txapelketetan, konfiantzak aupatuta, hazi egiten dira. Bestela, ez da normala lehen txanpa jo eta berehala bizpahiru segundoren aldea hartzea kontrarioekiko. Baina brankaz gozatu egin zuen atzo Bizkaitarra ontziak, eta gozatu egoerarekin Asier Zurinaga patroiak. Lehen ziabogan, jada, bost segundorena zen Urdaibai eta Hondarribiaren atzerapena. Etsi gabe, baina haien lehia beste bat zela jakinda. Halere, poparean espero baino gehiago sufritu zuen Kaikuk atzo; batik, bat, bueltako luzeak egiteko lehenengo kalea eta bigarrena zirelako egokienak.
Baina Kortak entrenatutakoek ez zuten burua galdu. Bigarren maniobran aldea bere horretan mantentzen zela? Handituko zuten hirugarrenean... Eta halaxe izan zen. Argi zegoen beraiek irabaziko zutela. Azken luzean atzetik zetozenek jan zioten segundo bakanen bat, baina Kaiku nabarmen nagusi: aitzakiarik gabe eta dotore. Lau segundo falta izan zitzaizkion 1997an Oriok ezarritako estropada eremuko marka hobetzeko.
Urdaibai eta Hondarribia parean ibili ziren ia estropada guztian, eta parean heldu ziren azken ahaleginera. Baina Asier Arego Urdaibairen patroiak ez zuen ontzia behar bezala zuzendu olatua aprobetxatzeko ahaleginean; ez zuen, agian, ongi kalkulatu, eta Bou Bizkaia Hondarribiaren kalean, aurrenekoan, sartu zen nabarmen. Arraunek talka egin zuten, eta Hondarribiari kalte egin. Azkenean, baina, epaileek Urdaibai kanporatu zuten. Beraz, ezin izango da Espainiako Txapelketan lehiatu, haien helburuetako bat izan arren.
Orio, berriz, ongi sailkatu da horretarako. Aurreneko txandan arraun egin behar izan zuen, eta ia-ia erlojupekoa osatu, di-da batean atzeratu baitzituen Zumaia, Zierbena eta Isuntza. Erreferentziarik gabe arraun egin arren, Joxean Olaskoaga Aizperrok entrenatutakoek estropada oina osatu zuten, eta bigarren tokian sailkatu.
Kantabrian Castro nagusi
Kantabriako Traineru Txapelketan Castro izan zen onena, atzo, bere zaleen aurrean. 19.42,68ko denbora egin zuen La Marinera ontziak, Brazomarreko eremuan. Astillero izan zen bigarren 16 segundora, eta Pedreña, aldiz, hirugarren, 31 segundora. Galiziakoan, aldiz, Tiranek pronostikoak bete zituen Chapelan, eta irabazle. 19.22,60ko denbora egin zuen. Amegrove izan zen bigarren.