Mateo Garralda. Guadalajarako jokalaria

«Etsita nengoen, baina ilusioa berritu egin zait»

42 urte bete zituen atzo Mateo Garraldak. Hasierako ilusioari eutsi dio urteotan guztiotan, hala ere; hasieran zuen grina berari. Horixe azpimarratu baitu beti: eskubaloia pasioa dela beretzat.

edurne elizondo
Iruñea
2011ko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Oraindik ez daki bihar Amaya Sport San Antonio talde ohiaren aurka jokatzeko moduan izanen ote den. Horrek amorrua eragiten dio Mateo Garraldari (Burlata, Nafarroa, 1969). Beti bere onena ematera ohituta dagoen jokalaria baita. Zorrotza da bere buruarekin. Aitzakiak bilatzea batere gustuko ez duten horietakoa. Danimarkatik Espainiara bidea egin du sasoi honetan, Guadalajarara. Pistan jarraitzen du, eta zikloa erabat amaitu arte ez du uzteko asmorik.

Zer moduz zaude?

Oraintxe, zain. Ea larunbaterako osatzen naizen. Gihar soleoan ziztada izan nuen. Azken unera arte ez dut jakinen pistara ateratzeko moduan egonen naizen edo ez. Jokatzeko moduan egotea espero dut.

Danimarkatik itzuli zara Asobal ligara, Guadalajarara. Nolatan?

Nire lehen asmoa entrenatzaile lanetan aritzea izan zen. Baina Koldingen jarraitzeko aukera bertan behera gelditu zen, taldearen egoera ekonomikoaren ondorioz. Asobal ligara itzultzea erabaki nuen orduan, entrenatzaile gisa esperientzia hartzen hasteko asmoz. Austrian eta Norvegian jokalari eta entrenatzaile gisa aritzeko eskaintzak jaso nituen, baina gehiegizkoa zela iruditu zitzaidan, eta ezetz erran nuen. Ez zen hori nik nahi nuena. Asobalen entrenatzaile izateko aukerarik ez zen sortu. Guadalajarak pistan jarraitzeko aukera eskaini zidan, eta baietz erratea erabaki nuen.

Taldeak nabarmendu du aldagelan jokalari gazteekin egin dezakezun lana. Kontent zaude ardura horrekin?

Bai, hagitz kontent. Entrenatzailearekin hagitz harreman ona dut, eta jokalariekin ere bai. Gustura nago haiek laguntzen.

Gustura ere jokatzen jarraitzeko aukerarekin?

Bai. Aritu naizen partidetan minutu anitz eman dut pistan, eta kontent nago. Badakit lan hobea ere egin dezakedala, eta eginen dut. Berriz ere erasoan eta defentsan jokatzeko aukera izateak ilusioz betetzen nau. Eroso nago.

Jokatzen jarraitzeko aukera guztiak erabili nahi dituzu?

Bai. Granollersen hasi nintzenetik jokalari anitz ezagutu dut eskubaloia utzi eta damutu direnak, nolabait. Haiek eragindako presioen ondorioz utzi dute kirola, eta ez benetan deus gehiago emateko ez zutelako. Eta ia denek erran didate ez uzteko, jokatzen jarraitzeko neure buruak aski dela erran arte. Damutuko naizelako bertzela. Eta horretan ari naiz. Buruak aurrera jarraitzeko erraten didan bitartean, eta gorputzak eusten dion bitartean, pistan jarraituko dut.

42 urte bete berri dituzu. Oraindik buruak ez dizu erran atseden hartzeko garaia dela?

Ez. Azken hiru urteak gogorrak izan dira Danimarkan, erasoan gutxi aritzeko aukera izan dudalako. Etsita amaitu nuen. Baina egoera orain bertzelakoa da, erasoan eta defentsan ari naiz, ilusioa berritu egin zait Guadalajaran. Gogoz nago, ilusioz beteta.

Zaila da eguneroko lanari aurre egitea?

Argi dago denborak ez duela alferrik egiten aurrera. 25 urtetik gora egin ditut pistan, eta gorputzak sumatzen du. Egunero entrenatzea gogorra da.

Gogoak, hala ere, ez du behera egin?

Ez. Hasierako grina bera dut. Izugarri eskatzen diot neure buruari. Beti izan naiz halakoa, eta uste dut horri esker nagoela oraindik pistan.

San Antonio utzi zenuenetik Ademarren eta Koldingen aritu zara. Nolakoak izan dira urteok?

Esperientzia polita izan da. Anitz ikasi dut. Ademarren Jordi Ribera entrenatzailearekin aritu nintzen, eta zoragarria izan zen aukera hori izatea. Danimarkan ere kontent egon naiz entrenatzaileekin. Jokatzeko modu ugari ikasi ditut han. Hori aberasgarria da.

Asobalera itzultzeko gogoz zinen?

Ez nuen uste itzuliko nintzenik. Kontua da ziur nintzela sasoi honetan Koldingen entrenatzaile ariko nintzela. Azken bi urteotan bigarren entrenatzaile lanak egin ditut, eta akordioa hori zen. Baina martxo aldera erran zidaten ezinezkoa izanen zela, egoera ekonomikoaren ondorioz.

Etsigarria izan zen zuretzat aukera hori galtzea?

Bai, horretarako prestatzen ari nintzelako. Ilusioz nengoen. Baina aurrera egin beharra dago, eta eskertzen dut orain Asobal ligan aritzeko aukera izatea. Egoerara moldatzeko gaitasuna izan dut beti.

Iruñean ariko da Guadalajara larunbatean. Itzultzeko gogoz?

Bai. Egia da taldean nire garaiko ia inor ez dela gelditzen jada. Baina polita da itzultzea. Tristetzen nau, hala ere, sasoi betean ez egoteak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.