«Etxean erretiratu nahi dut»

Donostiarra taldetik Tolosaldera egin du jauzi Nerea Perez patroiak, hainbat arrazoi tarteko. Abisua eman dio iazko txapeldunari, Arraun Lagunak-i: «Lanak ematen saiatuko gara; pentsatu nahi dut ez dutela lehengo urtean bezain erraz irabaziko».

Nerea Perez Tolosaldeko patroia. GORKA RUBIO / FOKU
Nerea Perez Tolosaldeko patroia. GORKA RUBIO / FOKU
Jone Bastida Alzuru.
Tolosa
2025eko maiatzaren 2a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Hasi da saltsa arraunean, eta taldeak ekin diote datorren denboraldia prestatzeri. Batzuek gehiago, eta beste batzuek gutxiago, baina guztiek berritu dute multzoa. Elkar ezagutu eta arraunkada fintzen ari dira orain, baita sasoi bete-betean egoteko gogor entrenatzen ere. Horietako bat da Tolosaldea. Beste urrats bat egin nahi du aurten, eta, beraz, taldea ondo indartu eta eskarmentu handiko arraunlariak fitxatu ditu. Tartean, Nerea Perez patroia (Tolosa, Gipuzkoa, 1997); etxera itzuli da tolosarra: «Zalantza asko izan nituen, baina ez dakit zenbat urte gehiago jarraituko dudan arraunean, eta etxean erretiratu nahi dut».

Hori izan da arrazoietako bat, baina ez bakarra; hiru multzotan banatu daitezke. Baga: etxean erretiratzeko nahia. Biga: gertuko hainbat ere Tolosaldera itzuli izana —Irati Larrañaga eta Olatz Lopez, esaterako—. Eta higa: proiektua eta anbizioa. Azken urteetan asko hobetu da Tolosako taldea, eta iaz bigarren amaitu zuen Euskotren ligan, Arraun Lagunak-en atzetik.

Argi hitz egin du Perezek aurtengo asmoei buruz: «Arraun Lagunak-ek aurreko urteko talde bera du ia, eta ondo ibiliko dira. Gure aldetik, taldea indartu dugu, eta saiatuko gara lanak ematen. Pentsatzen dut edo pentsatu nahi dut ez dutela lehengo urtean bezain erraz irabaziko».

Helburutzat ez daukate bigarren postuari eustea, baizik eta «lehenengo postuan» bukatzea. Ahalik eta estropada eta bandera gehien irabazten saiatuko dira, beraz.

Gaztetasuna eta esperientzia

Donostiarra taldetik egin du Perezek Tolosalderako jauzia. Azken lau urteetan ibili da han. Urte bakoitza «desberdina» izan dela aitortu du, eta pertsona baten lana goraipatu: Rufo Urtizberea entrenatzailearena. «Rufok esan orduko azken urtea izango zuela Donostiarran, argi nuen niretzat ere azkena izango zela». Eta halaxe izan da. Eskaintza gehiago ere jaso ditu, bat oso tentagarria: Arraun Lagunak-ena. Azkenean, baina, erroek eta taldekideek bultzatuta, Tolosaren alde egin du.

Oro har, gaztetasuna du bereizgarri Tolosaldearen ontziak, baina Perezek gogoratu du urtez urte emaitzak hobetzea lortu dutela. Meritua aitortu die, eta izandako bilakaera txalotu: «Behean hasi, mailaz igotzea lortu, eta ohorezko txandan egon dira azken urteetan. Beren kabuz lortu dute, inoren laguntzarik gabe. Oraintxe, haiei eskukaldi bat ematea egundoko plazera da». Taldean giro polita dutela esan du: «Oso ondo hartu gaituzte: beti daude irribarretsu». 

Horiek horrela, uste du fitxaketek, zerbait ematekotan, esperientzia emango diotela taldeari, eta, hain zuzen, iruditzen zaio garrantzitsua dela gaztetasuna eta eskarmentua uztartzea. «Agian, batzuetan ez dakizu nola jokatu, eta traineru barruan esperientzia duen jendea edukitzea bereziki garrantzitsua da halakoetan».

«Taldea indartu dugu, eta saiatuko gara lanak ematen. Pentsatzen dut edo pentsatu nahi dut Arraun Lagunan-ek ez duela lehengo urtean bezain erraz irabaziko»

NEREA PEREZTolosaldea taldeko patroia

Hark ere eskarmentu handiko patroi bat izango du alboan: Nagore Osoro. «Ramonek [Erostarbe, entrenatzailea] deitu zidanerako, Nagorek baiezkoa emana zuen. Entrenamenduetan ere bi patroi egotea abantaila handia da. Iaz, Donostiarran, ni bakarrik nengoen, eta gaixotzen banintzen edo edozer gauza banuen, kontzientzian harra sartzen zitzaidan: ‘Ez banaiz joaten, ezin izango dira atera’. Alde horretatik, lasaitasuna ematen dit. Gero, estropadetan, ez dakit Ramonek nola egingo duen. Badakit iaz patroi bakoitzak estropada bat jokatzen zuela; aurten ez dakit zer asmo izango den». Nolanahi ere, ontzat jo du lehia hori.

Ibilbide oparoa du Perezek, eta palmares betea. Besteak beste, San Juanen aro loriatsuaren testigu izan zen —bost liga eta Kontxako bandera irabazi zituen—, eta azken bi denboraldietan patroirik onenaren saria irabazi du. Bada, zerrenda luzatzen segitu nahi du.

euskotren liga

  • DONOSTIA ARRAUN LAGUNAK
    Joan direnak:
    Alejandra Rios, Laura Jaramillo, Irene Iguain, Amaia Eguren, Maria de Frutos eta Andrea Astudillo.
    Iritsi direnak: Jule Arkotxa, Ane Diaz, Zuberoa Egurrola, Irati Gaztelumendi eta Joana Halzuet.
  • TOLOSALDEA
    Joan direnak: Arene Lacoste, Laiene Izagirre, Malen Eskitxabel, Amal Birawi eta Maialen Amondarain.
    Iritsi direnak: Irati Larrañaga, Olatz Lopez, Ane Mendizabal, Nagore Osoro, Nerea Perez, Haizea Saez eta Ainhoa Tolosa.
  • ORIO
    Joan direnak: Eider Barba, Alaine Bereziartua eta Amaia Galdos.
    Iritsi direnak: Maialen Alkorta, Aroa Gomez, Ondiz Lekubarri eta Uxue Arra.
  • DONOSTIARRA
    Joan direnak: Rufo Urtizberea (entrenatzailea),Nerea Perez, Uxue Arra, Iris Simon, Haizea Saez, Alaitz Olarte, Olatz Lopez, Ainhoa Larrañaga, Oihane Labaien, Irati Gaztelumendi, Ane Diaz, Laura Alonso eta Maialen Alkorta.
    Iritsi direnak: Ibon Urbieta (entrenatzailea), Veronica Abalo, Amaia Apezetxea, June Balda, Lide Feng Etxebeste, Janire Goñi, Haizea Jauregi, Iraide Martin, Irati Mercader, Elene Mikeo, Amalia Solla eta Irati Unanue.
  • HONDARRIBIA
    Joan direnak: Ane Mendizabal, Nahia Marion Graciet de Labaca, Ane Gogorza, Intza Fernandez, Zuberoa Egurrola, Jule Arkotxa eta Desiree Alonso.
    Iritsi direnak: 

    Oihane Alza, Nora Apezetxe, Ane Azpiroz, Maialen Intziarte eta Nerea Itxaso.

  • HIBAIKA
    Joan direnak: Maddi Retegi, Eva Lopez, Maddi Iriarte, Paula Corcoles, Sofia Boscarol, Leire Arrojeria, Paula Amutxastegi eta Zuriñe Alberdi.
    Iritsi direnak: 

    Maddi Insausti, Maia Lasa, Itxaso Murcia, Amaiur Olaiz, Uxue Osa eta Inge Ugarte.

  • ASTILLERO
    Joan direnak: Sonia Boubeta, Paula Ceballos, Angela Fernandez, Aiora Fullaondo eta Manuela Gomez.
    Iritsi direnak: 

    Leire Gomez, Paola Gonzalez, Alba Meis eta Andrea Sanchez.

  • ZUMAIA
    Joan direnak: Aintzane Urbieta, Sara Osa, Leire Ibar, Naroa Goikoetxea, Miren Terese Garrastazu eta Maddi Aranburu.
    Iritsi direnak: Olatz Bereziartua, Nagore Ferrando, Elene Garagartza eta Maddi Iriarte.

    (*): Uda atarian argitaratuko dituzte aurtengo denboraldiko zerrenda ofizialak.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.