Etxean otso, kanpoan gozo

Inork baino titulu gehiago edukiko lituzke Baskoniak, partidak zale kopuruaren arabera erabakiko balira. Madrilen 2.500 zale ingururen babesa izango du. Bilbo Basketek, berriz, 400 batena.

Andoni Urbistondo.
Madril
2011ko otsailaren 11
00:00
Entzun
Etxean otso, kanpoan uso dio esaera zaharrak. Baskoniaren sasoi honetako jarduna definitzeko egoki-egokia da esaera zahar hori. Datu bakarra, argi pixka bat emate aldera: Baskoniak Gasteiztik kanpo jokatu dituen azken zazpi partidetatik sei galdu ditu. Madrilen ere uso izan beharko luke Dusko Ivanovicen taldeak, baina Espainiako Kopa ez da ACB liga, eta Baskonia etxean balego bezala lehiatuko da denboraldiko lehen titulurako. Madrilen, baina Gasteizen. Horrek esan nahi duen guztiarekin.

Saskibaloizale petoak ondo ezagutzen du Baskoniako zaleen fideltasuna, baina eskarmentu handirik ez duena zeharo harrituta geratzen da, hiri batean edo bestean jokatu Baskoniako zaleak beti izaten direlako gehien. ACB ligak abonu kopuru bera banatzen du talde guztien artean: 1.000 inguru. Euskal Herriko zaleak, ordea, denetan bizkorrenak dira, eta Baskoniak salgai jartzen dituen abonuak berehala bukatuko direla jakitun, beste taldeetan sobran geratzen direnak erosten dituzte. Emaitza, honakoa: Baskoniako zaleek 2.016 abonu eskuratu dituzte, iturri ofizialen arabera. Kopuru horri azken orduan sarrerak erosi dituzten beste ehunka batzuk gehituko zaizkio. Madrilgo Kiroldegiak Buesa Arena txiki baten tankera izango du kasik.

Real Madrileko zaleek 1.184 abonu erosi dituzte, eta Bartzelonakoek 1.000 pasatxo. Hortik aurrera, handia da zuloa, eta benetan azpimarratzekoa da Bizkaia Bilbo Basketeko zaleak izan direla abonu gutxien erosi dituztenak. 374, hain zuzen ere. Kopa irabazteko aukera gutxi ikusten dutelako izango ote da? Lehen langan Baskoniaren aurka jokatuko dutelako?

Emaitzak baino, tradizioa da hemen erantzuna. Gasteizko zaleak zeharo identifikatzen dira saskibaloiarekin, eta milaka kilometro egin behar badituzte ere, ez doira kikiltzen. Moskuko Lauko Finalera 400 zale bertaratu ziren, Pragakora 800 pasa. Egin beharreko distantzian txikiagotzen den heinean, zale kopurua handitu egiten da, eta kasu zehatzetan, ez sinesteko moduan. Gaur urtebete, Barakaldoko Bizkaia Arenan jokatu zen Kopan Baskoniako 4.000 zale bildu ziren, eta zeudenak eta ez zeudenak zer esan ez zekitela geratu ziren. Juanma Lopez Iturriaga saskibaloi jokalari ohia tartean. Baskoniako kolpe mingarria hartu zuen finalerdian, Real Madrilen aurka galduta, baina zaleek taldea kantxara bueltaraztea lortu zuten, ordu erdi geroago, euren oihu eta aldarrikapen ozenekin.

Madrilen 2.500 izango dira, eta burrunba latza espero da. Parean arabarrentzat talde gorrotatuenetakoa egongo delako, Bilbo Basket, eta Madrilen, orro, kantu eta animo oihuen oihartzuna beste inon baino handiagoa delako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.