Marta San Adrian. Athleticeko jokalaria

«Etxean talde sendoa izatea da gure erronketako bat»

Athleticek sasoiko lehen hiru puntuak berreskuratu nahi ditu Levante Las Planasen zelaian. San Adrianek nabarmendu du «borroka handiko» partida izango dela.

ARITZ LOIOLA / FOKU.
Ainara Arratibel Gascon.
2023ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Alavesen aritu eta gero, udan Athleticek fitxatu zuen Marta San Adrian (Donostia, 2000). «Oso gustura» dagoela dio, eta esan du lekurik «egokienean» dagoela hazten jarraitzeko eta dituen ahalmenei etekina ateratzeko.

Liga berandu hasi zenuten lan hitzarmenari lotutako grebarengatik, eta lehen partidaren ostean etena izan zenuten selekzioen arteko partidengatik. Gogotsu egongo zarete asteburuero jokatu eta lehiaketaren erritmoa hartzeko, ezta?

Bai, oso gogotsu gaude dinamika horretan sartzeko. Hori da onena sentipen onak hartzeko, multzoa egokituz joateko, eta entrenatzaileak nahi duena barneratzeko. Izan ere, entrenatzen ere lantzen da hori. Baina ez du zerikusirik partidekin.

Liga ez zenuten nahi bezala hasi, Atletico Madrilen zelaian 3-0 galdu baitzenuten. Zein hausnarketa egin duzue lehen neurketa horretaz?

Uste dut lehen zatian ondo aritu ginela. Egia da gure zelaian dezente egon zirela, baina lerroak ondo izan genituen batuak, eta blokean sendo egon ginen. Beraz, ez ziguten arrisku handirik sortu.Bigarren zatian gola sartu ziguten geldikako jokaldi batean, eta kosta egin zitzaigun horri buelta ematea; arazo gehiago izan genituen, eta haien beste bi golak iritsi ziren. Gainera, guk ere ez genuen aparteko gol aukerarik sortu.

Bigarren partida honetan ere etxetik urrun jokatuko duzue. Levante Las Planasi egingo diozue bisita igandean. Nolako neurketa espero duzu? Nola helduko diozue?

Aurreko denboraldian, jaitsiera eragozteko borroka betean egon zen, eta, azkenerako, mailari eustea lortu zuen. Borroka handiko partida izango da, buruz buruko askokoa. Horietan ondoen moldatzen denak asko edukiko du irabazita. Sendo eta intentsitate handiz aritu behar dugu hasieratik, eta azkarrak izan. Horrekin batera, erasoan ere gehiago sortu behar dugu.

David Aznar entrenatzailea eta bost jokalari berri iritsi zarete taldera. Zer espero dezakete zaleek taldeaz? Nolako Athletic ikusiko da?

Uste dut gaztetasuna eta esperientzia uztartzen dituela gure taldeak, eta nahasketa horrek asko eman diezaioke taldeari. Horrekin batera, Athleticek ohikoak dituen ezaugarriei eutsiko diegu. Kontraerasoan eta lerro arteko jokoan ondo moldatukogara, horretarako ezaugarriak baititugu jokalariek. Taldearen indargunea hori da, eta horretan moldatzen da ondoen. Horrekin batera, etxean talde sendoaizan nahi dugu. Horrek izan behar du gure erronketako bat. Izan bere, puntuak emateaz gain, lasaitasuna eta konfiantza ematen dizu kanpoko neurketei heltzeko.

Eta sailkapenari begira, zein izan behar du denboraldi honetan taldearen helburuak?

Lehen eta zortzigarren postuen artean geratzea. Betiere jakinda, adibidez, laugarren geratzea oso ongi bat izango litzatekeela, eta lehenengo geratzea, bikain bat.

Nola joan dira Athleticen daramatzazun hilabete hauek? Zer pentsatu zenuen bertara joateko eskaintza jaso zenuenean?

Ilusio handia egin zidan Athletic bezalako talde baten eskaintza jasotzeak: gauzak ondo egiten ari nintzen seinale zen. Ez nuen bitan pentsatu, eta berehala eman nien baiezkoa. Hasieratik oso ondo hartu naute, eta tratua aparta izan da. Multzoa oso batuta dago, eta taldekideak izugarriak dira. Oso erraz ari naiz egokitzen. Izugarri eskertuta nago. Zelaian ere eroso nago. Uste dut Athletic leku egokia dela hazten jarraitzeko eta nire indarguneei etekina ateratzeko. Horixe ari zait eskatzen entrenatzailea, nire ahalmenak zukutzeko. Horiek ikusi nahi ditu zelaian: nire ahalmen fisikoa, lerro artean jokatzeko gaitasuna, gol sena... Uste dut lan ona egin dezakedala, eta nire onena atera.

Asko aldatu al zaizu egunerokoa?

Egia esan, sekulako baldintzak ditugu. Lezaman bazkaltzea, saio bikoitza dugunean atseden hartzeko azpiegiturak... Bestalde, Lezamatik gertu bizi naiz, eta astialdian Gasteizen baino plan gehiago egiteko aukera dut.

Lehia handia izango duzu aurrealde horretan, hala ere. Lehendik zeudenei —Yulema Corres, Ane Azkona, Ainize Barea 'Peke', Paula Arana, Sara Ortegaeta Jone Amezaga— beste hiru aurrelari gehitu zaizkie: Nahikari Garcia, Patricia Zugasti eta zu. Nola ikusten duzu zeure burua?

Uste dut bakoitzak gure ezaugarriak ditugula, eta osagarriak garela. Aurkariaren eta errendimenduaren arabera, batek edo besteak jokatuko dugu. Gure artean lehia egotea ona da; bizirik mantentzen zaitu.

Zenbat gol sartu nahiko zenituzke? Jarri duzu helbururik?

Jokatuko ditudan minutuen arabera egongo da hori. Baina hamar bat sartzea ondo egongo litzateke.

Futbolari eta emakume moduan nola bizi izan duzu Luis Rubialesekin gertatutakoa, eta ondoren sortutako '#Bukatuda' mugimendua?

Penagarria eta tristea da halako zerbait gertatu behar izatea gauzak aldatzeko. Gainera, hori dela eta, ez da hainbeste hitz egin futbolariek lortu duten garaipen handiaz. Uste dut funtsezkoa dela gauzak aldatzen jarraitzea. Inflexio puntu batean gaudela iruditzen zait. Aukera dugu merezi ditugun eskubideak lortzen jarraitzeko eta liga profesional batek izan behar dituen baldintzak izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Irakurrienak
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.