Patxi Vila. Utensilnord-Named taldeko txirrindularia

«Etxeko beroa behar izaten da batzuetan»

Ilusioa nabari zaio Patxi Vilari. Taldeko gazteenen maisu gisa ari da lanean; baina, UCI World Tourra buruan, iazkoak baino emaitza hobeak eskatu dizkio bere buruari.

GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
unai zubeldia
Hondarribia
2012ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Txirrindularitza, historia eta pasio hitzen batuketa egin, eta Patxi Vila izena agertuko da ondoan (Bera, Nafarroa, 1976). Gozamena da beratarra hizketan entzutea. Bete zuen bi urteko zigorra, eta bete zuen iaz urtebeteko egonkortze aldia. Norberaren kirol emaitzak eta gazteenen heziketa uztartu nahian dabil orain Utensilnord-Named Italiako talde apalean. Euskal Herriko Itzulia dauka begiz jota; UCI World Tourreko paradisuan sartu-irtena ere egin nahiko luke hurrengo denboraldian; baina aurretik, Milan-San Remorekin jarraitu nahi du txirrindularitzaren historian tokia egiten.

Oso fin zaudela nabari da. Sasoi hasiera izateko, finegi akaso?

Berandu nabil, agian, baina beti eduki izan dut zalantza zer komeni ote den, neguan hartutako bizpahiru kilo horiek lehenbailehen kentzea edo denboraldian galtzea. Aurten saiatu naiz lehenengo lasterketetarako jada pisu egokian egoten, eta horregatik nago iaz garai honetan baino pare bat kilo gutxiagorekin.

Strade Biancheko jarduna aztertuta, gaztetuta zaudela ematen du. Gozatu egin zenuen.

Bai... Askoz urte gehiago ere ez dut iraungo tropelean, eta kirol ibilbidearen amaiera horrek, beharbada, lasterketa bakoitza beste modu batera bizitzen laguntzen du; entrenamendu bakoitzari zuku gehiago ateratzen diozu. Heldutasunaren ondorio da hori.

Zer dauka klasiko horrek txirrindularientzat hain erakargarria izateko?

Garai bateko txirrindularitza eta gaur egungoa lotzen ditu Strade Bianchek. Txirrindulari gehienok maitatzen edo errespetatzen dugu gure historia. Txirrindularitzak inoiz ezin du ahaztu nondik datorren eta non dagoen. Eta nora doan jakiten ere saiatu behar du. Lotura hori egiten laguntzen du klasiko horrek; garai bateko txirrindularitzarekin bat egiteko aukera ematen du. Gaur egungo bizikletak, gaur egungo materiala, gaur egungo azpiegitura... Baina garai bateko bideak eta lekuak. Giro berezia sortzen da.

Aurretik, Laigneglia Sarian, Italian, biribilgune batean galdu zenuen garaipenerako bidea, baina egurrean eta fin zenbiltzan ordurako…

Bai... Betiko moduan, azaro erdialdera ekin nion denboraldiari, eta neguan ez dut arazorik izan. Taldearen egutegia iazkoa baino hobexea da, eta motibazioa areagotu dit horrek. Nire kasuan, ogibidea eta zaletasuna uztartzen ditu txirrindularitzak, eta geroz eta gutxiago kostatzen zait entrenatzea, zaintzea... Hasieratik saiatu nahi dut maila ona ematen. Nik beti esan izan dut lehiaketak lehiatzeko direla eta ez entrenatzeko. Horregatik saiatzen naiz lasterketa guztietara ahalik eta sasoirik onenean joaten. Laigneglian ondo ibili nintzen; Luganon, sailkapen bakar batean ere ageri ez naizen arren, 12. postuaren jiran ibili nintzen; Strade Bianchen aurreko taldetik gertu amaitu nuen —arazo mekanikoak izan zituen—... Gustura nabil.

Sentipenei bai, baina datu errealei ere begiratuko diezu, noski. Zer diote entrenamenduetako datu horiek?

Onak dira datuak. Urte hasieran zalantza dezente neukan, pisua galduta watten datua ere txikitu egiten delako. Baina, oraingoz, onak dira emaitzak eta denborak. Artxibo bat sortuta daukat nire datu guztiak gordetzeko, urtetik urterako aldaketak aztertzeko. Eta okerrago, behintzat, ez nago.

Profesionaletako hamargarren denboraldiari ekin berri diozu. Zein da orain hamar urteko Patxi Vila hura eta zein da oraingoa?

Txirrindulari gisa ez dut uste askorik aldatu naizenik. Atzera begiratuta, beharbada, garai batean ona zertan nintzen ikusi eta alor horretara gehiegi mugatu nintzela nabari dut. Nire alde onak indartzen saiatuta, onak indartu bai, baina ahulenak are ahulago bihurtu ditut. Denborarekin ikusi dut egokiagoa izango zela, agian, alde ahulei denbora gehiago eskaintzea. Puntu ahul horiek ahulegiak zirelako ez ditut lortu zenbait unetan emaitza hobeak. Segurutik jo izan dut beti; nire arloan ondo hazi eta hezi naiz. Baina, inoiz ez denez berandu, orain ari naiz gauza batzuk aldatzen.

Italiako Giroan lehen hamarren artean sailkatuta zaude. Emaitza horiei buruz ari zara hizketan?

Etapa garaipenei buruz ari naiz, une jakin batzuetan ausartago ez jokatu izanaz. Adibide gisa, Emmanuelle Sellak Giroan irabazi zuen lehen etapan, 2004an, ihesaldi hartan bertan nengoen ni ere, eta erasoa jo zuenean, zalantzagatik edo beldurragatik, ez nuen erreakzionatu. Ez dakit gero irabazteko gai izango nintzen edo ez, baina bigarren, behintzat, egingo nuen. Horrelako momentuetan segurutik jo izan dut beti.

Euskal Herritik atzerrira joandakoan etxean behar besteko oihartzunik ez duzuela izaten eta, penarik edo amorrurik sentitu al duzu inoiz?

Ez, amorrurik ez. Ohituta nago jada. Egia da etxeko taldean, Euskaltelen lehiatzea gustatuko litzaidakeela niri. Euskalduna naizen aldetik, ez dakit gauza handiagorik egongo litzatekeen. Baina orain arte gauzak ez dira bide onetik joan. Hala ere, normala da inguruak bertan ari diren txirrindulariei oihartzun handiagoa ematea eta atzerrian ari garenoi kasu gutxixeago egitea.

«Zirkura itzultzeko gogotsu» zeundela aitortu zenuen zigorra bete berritan. Zer aurkitu duzu txirrindularitzaren zirku horretan?

Utzi nueneko gauza berberak aurkitu ditut. Baina krisi madarikatu honek txirrindularitzan ere eragina izan du eta izango du. Txirrindularitza arrotzagoa aurkitu dut, agian. Talde eta pentsamolde guztiak leku beretik doaz, eta hori ez dut askorik maite. Zientziaren aldekoa naiz ni, oso lagungarria delako, baina norberaren gaitasuna eta berezko hori ere libreago utziko nuke. AEBetako, Australiako eta Britainia Handiko taldeek gehiegi apurtu dute txirrindularitzaren historiarekin. Funtsezko zenbait gauza baztertu egin dira, eta pena ematen dit horrek. Italian badaude 90-95 urte dauzkaten eta hilzorian dauden hainbat proba. Baina txirrindularitzak ez du ezer egiten iraun dezaten. Garai batean hobeto zaintzen ziren txirrindularitzaren sustraiak, oinarriak.

Utensilnord-Named talde berrian, Flavio Bordonaliren babesean, gazteen heziketan ere murgildu zara.

Taldeko hiruzpalau gazteren aholkulari gisa ere ari naiz aurten lanean. Italian gauza bitxia gertatzen da. Bertako afizionatuak ez dira afizionatuak; profesionalak dira. Soldata onak izaten dituzte, profesional askok baino hobeak. Gazte mailatik pasa eta haien ogibide bihurtzen da txirrindularitza. Italian ez dago hezteko programarik. Talentu handia eta oinarri ona izan arren, galdu antzean sentitzen dira profesionaletara pasatakoan. Hutsunea daukate hor. Horregatik, txirrindulariaren egunerokoak nolakoa izan beharko lukeen diseinatu eta erakutsi nahian nabil.

Ondo dago gazteak heztea, baina 36 urte beteta, nork bere buruari ere jarri beharko dizkio helburu zehatzagoak, ezta?

Bai, bai, zalantzarik gabe. Neure emaitzak eta momentuak ere nahi ditut. Bi urteko zigorraren ondoren, iaz ez nekien ziur neure maila zein zen, zer aurkituko nuen, zein lasterketatan parte hartuko nuen... Galduta ibili nintzen. Baina aurten badakit tropelean neure tokia zein den eta noraino hel naitekeen. Horrela, noski, askoz errazagoa da helburuak zehaztea. Emaitza on gehiago pilatu nahi ditut aurten. Protagonismo handiagoa nahi dut.

Gabriele Bosisio, John Lee Augustyn edo zu zeu kontuan hartuta, umiltasunetik abiatuta, gauza politak egiteko gai zaretela ematen du…

Taldea dezente indartu da Bosisio eta John Lee Augustynen fitxaketekin, eta Gianluca Maggiorek eta Frederico Rocchettik ere, aurreko denboraldian lehen taldera igo ziren bi gaztek, aurrerapauso polita eman dute. Paolo Bailetti eta Edoardi Girardi, berriz, nire moduan, nahiko beteranoak dira jada, eta horiekin nahiko zortziko ona osa dezakegula uste dut. Baina Euskal Herrian profesionaletara igaroko ez ziratekeen bospasei gazte ere badauzkagu taldean. Egia da azkar samarrak direla; eta esprintarekin zerikusia daukan guztia jainkotu egiten dute Italian. Baina horiekin lan handiagoa egin beharra dago.

Italia eta Patxi Vila elkarri lotuta daude aspalditik. Kolpe handia izan al da Italiako Girora joateko gonbidapenik ez jasotzea?

Ez, ez. Nik ez dut hartu inolako kolperik. Taldea Italiakoa izan arren, ez daukagu beharrezkoa den kirol mailarik. Hurrengo denboraldian aukera izan dezakeela taldeak? Beharbada, bai. Baina aurten goizegi zen. Dezenteko enbarazua sortuko zion Giroak taldeari, zaila izango zelako gutxieneko bermearekin joatea.

Giroan ez, baina, ezusterik ezean, Euskal Herriko Itzulian izango zara aurten.

Oraindik ez dago baieztatzerik, baina aukera dezente daude, bai. Euskal zaleek maite nautela sentitzen dut, eta oso polita da hori. Atzerrian lan eginda, etxeko beroa behar izaten da batzuetan, eta itzulian aritu naizen bakoitzean jaso izan dut zaleen berotasun hori. Harro nago euskaldun izateaz, eta atzerrian lan egin eta Italian bizi arren, euskal enbaxadore gisa aritzen naiz beti. Gure herri txiki zoragarri honen inguruan ahalik eta gauza polit gehien kontatzen saiatzen naiz. Taldekideei askotan hitz egin izan diet Euskal Herriko Itzuliari eta Euskal Herriari berari buruz, eta horregatik gustatuko litzaidake haiekin etortzea. Ibardinen amaituko da, gainera, etapa bat; Beratik abiatuko da beste bat... Zoragarria litzateke.

Italiako hainbat probaren moduan, Euskal Herriko Itzulia ere desagertzeko zorian egon da. Zer pentsatua emango du horrek, ezta?

Bai... Guztia krisi honen ondorioa izatea espero dut. Baina, hala ez bada, hausnarketa txiki bat egin beharko genuke denok, zerbait gaizki egiten ari garen seinale izango litzatekeelako. Euskal Herrian txirrindularitzarako dagoen zaletasuna munduko beste edozein txokotan dagoenaren parean dago; eta lehen mailako talde bat ere badaukagu. Horregatik, marka da horrelako historia daukan lasterketak aurrera jarraitzeko hainbesteko arazoak izatea. Badakit antolatzaileek euren esku zegoen guztia egin dutela, eta, zorionez, proba aurrera ateratzea lortu dute. Baina gauden garairako altuegiak diren kanon edo zerga batzuk ere badaude tartean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.