Etxeko epelean, irabazle berriz

Baiona urduritu egin da Arroxelaren aurka partida bideratu duenean, baina etxean geratu da garaipena

Eneritz Zabaleta.
Baiona
2010eko abenduaren 5a
00:00
Entzun
«Berriz ere Jean Dauger sindromea izan dugu. Gauzak bideratuta zirelarik urduritu egin gara, eta beldurti jokatu dugu; Arroxela berriz partidan sartu dugu». Thomas Lievremont Baionako aitzinekoen entrenatzailearen hitzek ederki laburbiltzen dute atzo Jean Dauger zelaian ikusi ziren Baionaren indarra eta ahulguneak. Harrigarria da Baionari sasoi honetan etxean gertatzen ari zaiona. Egia erran, anbizioz hasten ditu beti partidak, erasokor arituz eta lehian bere agintea markatzeko asmoz.

Atzo ere hala izan zen, kontraerasoan Combezouk entsegua sartu zuen arren jokaldi eder bati bukaera biribila eman ziolako Yoann Huget hegalekoak: 5-10. Lehen zatian, agindu egin nahi zuen Baiona ikusi zen. Uztartzeetan serio, eskasetan maisu, eta gibelean jokaldiak bata bestearen gibeletik eginez. Baina minutuak aitzina joan ahala, urdurituz joan zen etxeko taldea. Lehen zatian intentzio anitz ikusi zen xuri-urdinen aldetik: baloia hegalera bidaltzen zen beti, pase luzeak, gurutzatuak, arerioa tronpatzeko hutsean eginiko lasterkaldiak... Bere errugbia errezitatzeko asmoz zelairatu zen Aturri eta Errobi bitarteko taldea.

Baina ez da alferrik pasatu hilabete bat inolako partidarik gabe, eta automatismo zein erritmo falta nabaritu zitzaien bi taldeei. Ondorioz, jokorako asmoak hutsal izan ziren usu: aitzin pasa bat hemen, baloi bat hutsera bestean, pasea lurrera edo atzerago... Minutuak aitzina joan ziren, eta Baionak ez zuen markagailuan zuloa egin.

Parean, gainera, jokorako asmoz etorri zen Arroxela topatu zuen. Txalotzekoa da atlantiarren jarrera Top14an. Bigarren mailatik igo berria da, eta ardura txikiaren bertutea jokoa ixtean eta «usteltzean» datza. Arroxelan horrelakorik ez da. Anbizioa, erritmoa eta jokorako gogoa. Orain arte ederki ateratzen ari zaio parioa, jaitsiera postuetatik at baitago. Eta luzaz horrela jarrai dezala.

Bigarren zatian, Baionak zailena egin zuela zirudien. Aitzinekoen jokaldi on baten ondotik, Julien Puricellik etxekoen bigarren entsegua egin baitzuen, eta zuloa ere bai markagailuan: 17-5. Baina Jean Dauger sindromea itzuli zen berriz ere. Baiona kikildu egin zen. Arroxelak asmatu egin zuen bere gibelekoak mozten, eta Baionak ez zuen asmatu zangoz jokoa lasaitzen. Kanpokoek hartu zuten agintea, eta pixkanaka partidan sartu ziren, zigor kolpez zigor kolpe: 17-14.

Urduritasun handia

Hamar minutu falta ziren partida amaitzeko, eta larri zegoen etxeko taldea. Berriz ere ongi hasi eta petral bukatu behar al zuen Baionak? Berriz ere irabaz zezakeen partida galduko al zuen, partida erabakita uzten jakin ez zuelako? Urduri zeuden jokalariak, urduri entrenatzaileak, eta urduri Baionako 15.000 zaleak.

Baina azkenean partida moteltzen asmatu zuen Baionak. Zangoz asmatu zuen Fauquek. Uztartzean ere berriz gaina hartu zion Baionak, Iginiz lehen lerrora itzultzearekin batera. Julien Audyk aitzinekoek lortutako bi zigor kolpeak gauzatu zituen: 23-14 ezarri zen Baiona aitzinean.

Seguru ziren etxekoak, baina berriz ere Arroxelak izan zuen azken hitza. Partida galdua zuela jakitun, defentsako puntuaren bila joan zen, ausart. Bi aukera sortu zituen Benjamin Dambiellen zangoarentzat, baina Arroxelako ostikatzaileak bi zigor kolpeak huts egin zituen. Azkenean, esku hutsik joan behar izan zuten etxera.

Miarritze-Bourgoin, gaur

Miarritzek gaur arratsaldean jokatuko du Bourgoinen aurkako partida, Agileran, 15:00etan. Aldaketa dezente izan dira azken egunotan, berez partida etxetik kanpo jokatu behar baitzuen Serge Blancoren taldeak. Baina elurteak Bourgoin zuri-zuri utzi du, eta errugbi ligak nahiago izan du partida bertan behera geratzea baino parekotasunen ordena aldatu, eta partida lehenik Miarritzen jokatzea.

Ondorioz, kanpoan jokatu beharrean, Agileran ariko da gaur Miarritze. Aukera ederra du talde xuri-gorriak irabazteko, Bourgoin azken-aurreko postuan dagoelako. Lehen lerroan ditu buruhauste handienak Miarritzek, Fabien Barcella eta Eduard Coetzee eskas baititu. Gaur Marconnet eta Barozzi ariko dira hasieratik. Gainerakoan, Thion, Yachvili, Hariñordoki eta Traille hasierako hamabostekoan izanen dira.



Baiona 23

Arroxela 14

Baiona. Iginiz (Lafond, 60. min.), Roumieu (Hegi 51. min.), Baiocco (Avril, 50. min.); Linde, Boutaty; Martin, Puricelli, Bernad (50. min.); Audy, Boyet (Fauque, 71. min.); Peyras (Gerber, 55. min.), Mazars, Lacroix, Huget; eta Elhorga.

Arroxela. Toderasc (Frou, 41. min.), Pani (Bordoy, 41. min.), Mohr (Faasalele, 45. min.); Grobler, Carmigani (Djebali, 56. min.); Som, Soucaze, Duforug; Neveu, Tales; Ninard, Combezou, Gaugau, Ligairi (Devade, 68. min.); eta Dambielle.

Markagailua. 3-0, 3-5, 10-5 (atsedenaldian); 17-5, 17-8, 17-11, 17-14, 20-14 eta 23-14.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.