ALAVES 1 - 0 VALENTZIA

Etxekoen babesean, sendo

Alavesek bigarren garaipena eskuratu du Mendizorrotzan, Valentzia mendean hartuta. Cenkek sartu du partidako gol bakarra, bere atean, lehia hasi eta zazpi minutura

Andoni Gorosabel baloiarekin, atzo, Valentziaren aurkako norgehiagokan. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
inigo lasa fresneda
2023ko irailaren 3a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Gola. 1-0: Cenkek (7. min, b.a.)

Etxean bezala, inon ez. Alavesek ondo baino hobeto daki zein den esaldi horren esanahia, Mendizorrotzan oso gustura aritzen baitira gasteiztarrak. Sei puntu lortu dituzte orain arte ligan, eta seiak etxean eskuratu dituzte. Azken hirurak atzo, gaztez osatutako Valentziari 1-0 gailendu ostean. Zalantza askorekin hasi zuten liga arabarrek, baina, estreinako lau jardunaldiak nola joan diren ikusita, lasai joango dira Luis Garcia Plazarenak etenaldira.

Zale asko beren eserlekuetan eseri gabe ziren partidako lehen jokaldi garrantzitsua iritsi zenerako. Neurketa hasi eta 40 segundora, Mamardashvili atezainak penaltia egin zion Luis Riojari. Diakhabyk baloia bere atezainari pasatu nahi izan zion, baina Alaveseko aurrelaria bizi ibili zen, eta georgiarra baino lehenago iritsi zen baloira. Valentziako atezainak aurretik eraman zuen Rioja. Mamardashvilik, baina, penaltia gelditu zion Kike Garciari. Errepikatu behar izan zuten, Valentziako jokalari bat arean sartu zelako Alaveseko aurrelariak penaltia jaurti baino lehenago. Bigarrengoan, jaurtiketa aldez aldatu zuen Kike Garciak, baina atezainak aldea asmatu zion berriro.

Horrelako kolpe bat jaso ostean, sendagairik onena gola da, eta gasteiztarrek berehala erdietsi zuten. Ruben Duarteren erdiraketa egin zuen ezker hegaletik, Kike Garciak baloia errematatzen asmatu zuen, eta Cenk atzelariak bere atean sartu zuen baloia. Hasiera eroa Mendizorrotzan. 7. minuturako, 1-0 zegoen partida.

Ruben Barajaren Valentzia oso talde gaztea da, eta, jokalari gehienek esperientzia gutxi izan arren Lehen Mailan, ausardia handia erakutsi zuten gola jaso ondoren. Kikildu gabe, aurrera egin zuten banakoaren bila, baina Alavesek sendo eutsi zion, bisitarien oldarraldien aurrean.

Herrialde Katalanetako taldeak oso azkar iritsi nahi izan zuen Antonio Siverak zaindutako areara, eta joko zuzen horretan Alaves oso eroso zegoen. Aurkariari falta izan zitzaion lasaitasun hori izan zuten arabarrek lehen zatiko azken minutuetan. Kontraerasoan min egiten ahalegindu ziren. 40. minutuan, Kike Garcia aldea handitzetik gertu egon zen, baina haren ezkerkadak zutoina jo zuen.

Sendo atzean

Aurreneko zatiaren antzera hasi zen bigarrena: arabarren gol abagune batekin. 2-0ekoa egiteko aukera aparta izan zuen Luis Riojak, baina Diakhabyk bikain bota zuen bere burua lurrera, Sevillako hegalekoaren ezkerkada kornerrera desbideratzeko. Valentziak ere gertu izan zuen gola, neurketako ordubetera iristear.Diego Lopezek, ukitu bikain batekin, Alaveseko hiru jokalari atzean utzi, eta Siveraren aurrean geratu zen bakar-bakarrik. Baina arabarren atezainak sekulako geldiketa egin zuen atea hutsean mantentzeko.

Barajaren taldea Gayaren eskarmentua eta kalitatea baliatzen ahalegindu zen Alaveseko defentsan zirrikituak aurkitzeko. Hori ekiditeko asmoz, Luis Garcia Plazak Xeber Alkain kendu, eta Alex Sola jarri zuen eskuin hegalean, Andoni Gorosabelen aurretik. Zelairatu eta gutxira, asistentzia bat ematear izan zen donostiarra bere debutean, baina Kike Garciak ez zuen asmatu Solaren erdiraketa zehatza behar bezala errematatzen.

Minutuek aurrera egin ahala, Valentzia geroz eta jokalari gehiagorekin iristen hasi zen areara, baina arabarrak sendo aritu ziren defentsa lanetan, eta arriskua sortzen saiatu ziren kontraerasoen bitartez. Korrika egin ezin zutenean, Alaveseko jokalariek Kike Garciarengana jotzen zuten, hark baloia jaitsi eta taldeari arnas pixka bat emateko. Golik ez zuen sartu, baina lan handia egin zuen aurrelariak. Norgehiagokako azken ordu laurdenean, partida asko ireki zen, Alavesek aukera bat baino gehiago izan zuen, baina emaitza ez zen aldatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.