Euskal Herriko Itzulia. Aldez aurrekoa

Euripean sua... eta arriskua

Bihar hasiko da 51. Euskal Herriko Itzulia, Zumarragan, eta larunbatean amaituko da, Zallan, 24 kilometroko erlojupekoarekinSanchez, Frank Schleck, Gesink, Kloeden, Horner eta Tony Martin dira faboritoak

Tropela, luze-luze eginda, iazko Euskal Herriko Itzulian, Arraten gora; laugarren etapan iritsiko dira aurten ere Arrate gainera, ostegunean. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
unai zubeldia
Donostia
2011ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Azpirotz, Ixua, Uzartza, Urkiola... eta Euskalmet. Gaurko zaparraden ondoren, euri zipriztina dago iragarrita biharko, eta kontuz ezaugarri horrekin. Eusko Labelarekin dator 51. Euskal Herriko Itzulia. Bihar hasiko da, Zumarragan, eta larunbatean amaituko da, Zallan, 24 kilometroko erlojupekoarekin. Sei etapa, 900 kilometro eskas, 31 mendate eta ezkutuan dauden aldapa gogor asko. Antigua da horietako bat. Eta kontuz igoera horrekin, faboritoetako batek euripean hankaz gora jar baitezake itzulia. 800 metroko aldapa itoa da, asfaltatu berria, estu-estua. Eta tarteren batean %26koa da batez bestekoa. Txirrindulari eta zuzendariren bat harrituta geratu da aste honetan igoera horrekin.

Lehen kolpea emango du bihar Antiguak, eta bigarrena, etzi, Azpirotzek. Azken batean, Euskal Herriko Itzuliak ohi duen moduan, tropel handia txikitzeko prestatutakoak baitira lehen bi etapa horiek; Zumarragan hasi eta bukatuko dena lehenengoa eta Zumarragan hasita Lekunberrin amaituko dena bigarrena. Jose Luis Arrieta Euskal Herriko Itzuliko zuzendari teknikoak berak azaldu dio BERRIAri biharko etapa bihurria dela oso. Zazpi mendate daude ibilbidean, hirugarren mailako bost, eta bigarren mailako bi. Bukaera-bukaeran azkena, azken bost kilometroetan. Gabiriako gainetik Zumarragara bidean, Eitzagatik Antiguako gainera igoera motza dago. «Eta azken hiru kilometroak maldan behera egin beharko dituzte. Zalaparta handi samarra izango da faboritoen artean, eta segundo batzuen aldea izatea espero da lehen bizpahiru taldetxoen artean. Hogei bat txirrindulari geratuko dira tarte txikian». Baina euri zipriztinarekin ez da askorik beharko galera hori minutuaren langara eramateko.

Tropela erabat txikitu gabe txirrindulari bakoitza bere lekuan jartzeko izaten da lehen etapa. «Eta lortuko dugula uste dut». Lehen etapak egiten ez duena, berriz, bigarrenak egingo du, Larraitz (2), Altzo (3), Azpirotz (1), Zuarrarrate (2), Uitzi (3) eta Leaburu (3) igo ondoren Betelutik barrena Azpirozko bigarren igoerak min egingo duelako tropelean. «Etapa ikusgarria izango da, berriz ere hiru kilometro daudelako gainetik helmugara. Urduritasun handia nabarituko da tropelean». Arrietak argi dauka multzo txiki bat iritsiko dela helmugara. «Eta lehen etapan denbora gutxi galduta geratuko diren hogei txirrindulari horien artetik besteren batek huts egingo du ziurrenik».

Villatuerta eta Murgia lotuko ditu hirugarren etapak, eta, oker handirik ezean, esprinterren gozamenerako eguna izango da. «Ez dago aldapa handirik etapa horretan». Egia da Opakua (2) igo beharko dutela 42. kilometroan. «Baina Zudairetik igoko dute, eta alde horretatik igoera etzana dauka Opakuak. Ohartu ere egin gabe igoko dira goraino». Behin Agurainera iritsita, eta Uribarri Ganboako urtegitik barrena, zailtasun gutxi dauka etapak.

Zarate (3), Mendeika (3) eta Altube (2) igo beharko dituzte. «Baina ez dira igoera gogorrak». Murgian bertan, eskuinera hartu, eta Oroko santutegira bidean beste aldapa bat igo beharko dute. «Ez dira goraino igoko, ordea. Bi kilometro besterik ez dira». Jaitsi eta helmugara iristea, biak bat izango dira berriz ere. «Baina ez dut uste igoera txiki horrek inor atzean utziko duenik, eta, ezusterik ezean, esprinta izango da Murgian». Arrietak abisua eman du, hala ere. «Helmugara iritsi baino 300 metro lehenago badago bihurgune bat, ezkerretara, eta irabazteko lehian sartu nahi dutenek aurre-aurrean egon beharko dute bihurgune horretan».

Arrate, igotzaileen txokoa

Euskal Herriko Itzuliaren lehen erdiaren analisia da hori; lehenengo 492,5 kilometroen analisia. Azken 380 kilometroak, berriz, klasiko handi batekin hasiko dira. Izan ere, Amurrion hasi eta Eibarren amaituko da laugarren etapa, Arrate gainean. Kanpazar (2) igoko dute lehenengo, Karabieta (2) gero, Miñota (2) eta Areitio (3) atzetik... «Eta Ermua pasatu eta berehala ezkerrera hartuta hasiko dira Ixua igotzen». Lehen mailako mendatea da Ixua. Urkaregi (2) igo, eta Elgoibar eta Maltzagatik barrena, Eibarren hasiko da benetako zalaparta. «Etapa horretan beti egoten da segundo gutxi batzuen aldea, eta aurten ere izango da, igotzaileentzat azken aukera baita».

Izan ere, behin Arrateko etapa igarota, esprinta beharko lukeen etapa bat eta erlojupekoa geratuko zaizkio itzuliari. Bosgarren etapak beharko luke esprinta, Eibar eta Zalla artekoak. Areitio igo ondoren, Urkiola gogorrari heldu beharko diote txirrindulariek. «Baina oso goiz igaro beharko dute mendate hori, 28. kilometroan, eta ez du minik egingo. Bikoitx Gane (2) igarota, hortik aurrera aldapatxoak besterik ez daukate ibilbidean». Garate (3), Berbikiz (3), Umaran (3) eta Bezi (3) dira Arrietak aipatutako aldapa txiki horiek. «Zalaparta ikaragarririk edo ihesaldi jendetsurik ez badago behintzat, talde handia iritsiko da Zallara».

Zallako azken erlojupekoak, berriz, ez dauka sekretu handirik, 2006ko eta 2009ko ibilbide berbera baitauka. «Ezaguna da. Ikusgarria da azken erlojupeko hori». 24 kilometro dauzka, eta bi aldapa ere badaude tartean: Avellaneda eta Bezi. Bi aldiz amaitu da itzulia Zallan, erlojupeko banarekin, eta bi kasuetan azken unera arte ez zen erabaki nork irabaziko zuen lasterketa. «Aurten ere dozena erdi bat faborito iritsiko dira, ziurrenik, azken etapa horretara itzulia irabazteko aukera dutela». Euskalmeten baimenarekin, hori bai.

2006an Samuel Sanchez iritsi zen liderraren maillotarekin Zallara, eta denbora berean zegoen Alberto Contador. Lehen bederatzi sailkatuen artean hamar segundoren tartea besterik ez zegoen orduan, eta, azkenean, Jose Angel Gomez Marchantek eskuratu zituen Zallako erlojupekoa eta itzulia bera. Marchantek 51 segundo atera zizkion Sanchezi erlojupeko hartan, eta 29 segundo galdu zituen Contadorrek. 2009an, berriz, Contador bera iritsi zen lider gisa Zallako erlojupekora. Zortzi segundora zeuzkan Sanchez, Cadel Evans eta Toni Colom. Baina erlojupekoan erakustaldia eman zuen espainiarrak: 22 segundo atera zizkion Colomi, 45 Sanchezi eta 1.25 minutu Evansi.

Bi amaiera bihurri, bi esprint, Arrateko igoera klasikoa, erlojupeko ikusgarria... eta arrisku bat: eguraldi txarra. Bete-bete eginda dator Euskal Herriko Itzulia. Izarrez josita abiatuko da tropela, eta ibilbidea bera ere goi mailakoa da. Arriskuak arrisku, sua izango da errepidean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.