Europa beste kontu bat da

Galdu egin dute Prosetecnisa Zuazok eta Super Amara Bera Berak: barakaldarrek, 31-25 Hoorsen aurka, eta donostiarrek, 20-25 Bresten aurka. Zaila dute sailkatzea

Alicia Fernandez Bera Berakoa atera jaurti ezinik, Bresteko bi jokalariren zaintza estuarengatik. JUAN CARLOS RUIZ / ARP.
Julen Etxeberria.
2016ko azaroaren 13a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
«Europa beste kontu bat da». Horra kirolean aspertu arte errepikatzen den esaldia. Egindako esaldia dirudi, baina egia biribila da. Europako lehiaketek ez dute inolako antzik ligekin. Koska bat gorago daude, eta, batzuekin alderatuta, koska bat baino gehiago. Jadanik horren jakitun ez baziren, oso argi geratu zitzaien atzo Prosetecnisa Zuazori eta Super Amara Bera Berari. Galdu egin zuten biek Europako lehiaketan, eta asko zaildu zaie biei kontinentean barna bidaiatzen jarraitzea.

Zuazok jaso zuen lehen kolpea. 31-25 galdu zuen Suedian, H65 Hoorsen kontra, Challenge kopako hirugarren kanporaketako joanekoan. Beraz, sei golen aldea irauli beharko du datorren larunbatean Lasesarren, final-zortzirenetan egon nahi badu. Erronka zaila dirudi, baina Barakaldoko (Bizkaia) taldeak gora egin ohi du etxean jokatzen duenean. Horretara behartuta dago, Europako lehiaketan ari den estreinako aldi honetan bide laburra egin nahi ez badu.

Juanjo Gonzalezek entrenatutakoek, hori bai, atzo baino askoz hobeto jokatu beharko dute aukeraren bat izan nahi badute. Atzo neurketa eskasa jokatu zuten, eta une oro izan ziren Suediako taldea baino gutxiago. Hasi eta buka nagusitu zen Hoors, eta merezita irabazi zuen. Norgehiagokako zenbait unetan, gainera, kanporaketa ia erabakita uzteko aldea lortu zuen: bederatzi golena, hain zuzen ere (25-16). Bizkaitarren zorionerako, ordea, azkeneko minutuetan presaka aritu ziren etxekoak, eta huts dezente egin, eta hori baliatu zuen Zuazok ia kondenatuta uzten zien aldea murrizteko. Naiara Egozkue nabarmendu zen lan horretan. Ezker hegalekoak 11 gol sartu zituen. Haren lanagatik ez balitz, lehiaketatik at legoke jada Zuazo. Hoorsen, berriz, Tollbring eta Wall nabarmendu ziren, zortzina golekin. Biak amesgaizto izan ziren.

Goitik behera

Zuazo larri, eta Bera Bera beste horrenbeste. 20-25 galdu zuen Bresten aurka Donostiako Josean Gaska kiroldegian, EHF kopako hirugarren kanporaketako joanekoan. Beraz, datorren larunbatean gutxienez bost golen aldeaz irabazi beharko du Bretainian, sailkatu nahi badu. Erronka benetan zaila da, Brestek inon ondo jokatzen baldin badu, etxean jokatzen baitu. Ez da harritzekoa, lau mila zale pasatxoren babesa izan baitu Brest Arena pabiloian.

Brest, hala ere, ez da zale askoren babesa duen talde bat. Indartsua ere bada, eta atzo agerian utzi zuen, oso partida serioa jokatuta, eta nagusitasunez irabazita. Nork esango luke lehen ordu laurdena ikusita. Bera Bera indarrean sartu zen pistan, eta lau golen aldea lortu (7-3). Defentsan, sendo ari zen —Temprano bikain aritu zen atean—, eta erasoan, eraginkor.

Etxekoen hasierak ezustean harrapatu zuen Brest, eta hutsartea eskatu behar izan zuen Laurent Bezeauk. Auskalo zer esango zien jokalariei, baina eragina izan zuen, etenalditik bueltan suspertu egin baitzen Brest. Golak aise sartzen hasi zen, eta defentsan horma eraiki zuen. Ondorio agerikoa: 2-9ko partziala eta lau golen aldea bigarren zatiaren hasieran (9-13) —atsedenaldian hiru gol aurretik zen Brest (9-12)—.

Bigarren zatiaren hasieran ondo eutsi zioten aldeari bisitariek (13-17), baina ordu laurdena betetakoan hasi zen etxekoen susperraldia. Gol bakarrera gerturatu ziren (17-18), baina Bezeauk hutsartea eskatu zuen berriz ere, eta aurrekoan gertatu bezala, indarberritu egin ziren bretainiarrak etenaldirik bueltan. 2-7ko partziala lortu zuten, eta partidako alderik handiena egin (19-25). Azkenean, bost golekoa izan zen aldea. Emaitza txarra da, baina itxaropenari eutsi behar zaio. Handiagoak ikusi izan dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.