Europako Kopa jomuga

Miarritzek ostiralean ekingo dio Top 14ari, zortzi jokalari berrirekin, eta Aguilera zelaia eraberritu duela

KOLDO ALDUNTZIN MIARRITZE
2006ko abuztuaren 17a
00:00
Entzun
Maila Nagusiko hiru txapel lortuak (2002, 2005, 2006) eta Europako Heineken Kopako bi final-laurden, bi finalerdi eta finala (aurten) jokatuak; horiek dira azken sei urteotan Miarritzek lortutako kirol emaitza esanguratsuak. Bide oparoari, ordea, Heineken Kopa irabaztea falta zaio, eta horixe da miarriztarren helburu nagusia 2006-2007an.

Baina, Marcel Martin lehendakariak asmo hori berresteaz gain, ez du baztertu Top 14a irabaztea, eta hirugarrena izango litzateke erreskadan. Hain justu, lau taldek lortu dute hori jokaturiko 107 txapelketetan: Tolosak, Bordelek, Stade Françaisek eta Lourdesek.

Miarritzek Stade (37-34) eta Tolosa (40-13) menderatu ditu azken bi finaletan, eta bistan da dagoeneko bi talde handi horien parean jarri dela. 2005-2006ko Top 14an, esate baterako, markak ondu zituen: ligako lehena izan zen (90 puntu), etxean soilik partida bat galdu zuen, etxetik at partida gehien irabazi zuen (7), tanto gutxien egin zioten (350) eta, batenaz beste, 6.293 ikusle joan ziren Aguilerara.

Miarritze erregularrena izan da azken sasoiotan, gorabehera nabarmenik izan gabe eta bide egokian jarraituta. Lapurtarrek, ordea, badute kezka bat: nola ekin sasoiari bi urtez erreskadan txapelduna izan ondoren?

HEMEZORTZI INTERNAZIONAL. Iazko kontuak, baina, historiarako geratuko dira, eta ostiralean hasiko den Top 14rako prestatu dira lapurtarrak. Kirol arloko aldaketez gain, pixkanaka talde profesional oso batek behar dituen egituraketara moldatzen jarraitzen du. Hala, joan zen larunbatean Serge Kampf harmail berria estreinatu zuten, eta guztira, Aguilera berrituak 13.500 ikusle hartu ahal izango ditu, 10.000 eserita. Harmail horrek erabilpen anitzeko gela handi bat du. Bertan 500 pertsonarentzako afari edo bazkariak antolatu ahal izango dira eta 1.200 pertsonarentzako zintzur bustitzeak.

Marcel Martin da lehendakaria; Laqisquet eta Delmas, entrenatzaileak; Benoit August, kapitaina; bi prestatzaile fisiko ditu, bi sendagile eta hiru fisioterapeuta. Bestalde, 10 milioi euroko aurrekontua du Miarritzek sasoiari aurre egiteko.

Jokalariei dagokienez, are eta jokalari polibalenteagoak ditu aurten. Zortzi jokalari berri ekarri ditu: Dellape, Masi, Padro, Bacchetti, Cabannes, Dridi, Hall eta Moala. Horrela, Dambiellek, Marluk, Masik, Bidabek, Traillek, Hariñordokik eta Carizzak bi postutan joka dezakete. Johnston Zeelanda Berrian da, baina hango liga amaitzean itzultzea espero da.

Ligaren hasieran, Clermont hartu ondoan, ostiralean (21:00), Narbonan ariko da, Baiona hartuko du eta Tolosara joango da Miarritze. Heineken Kopan, berriz, Bordes (Eskozia), Parma (Italia) eta Northampton (Ingalaterra) ukanen ditu aurkari, urriaren 20an hasita.

MARTIN GAITAN Miarritzeko jokalaria

«Nire dohain fisikoak berreskuratu nahi ditut, eta gero taldeari lagundu»

k. A.

Miarritze

Talentu handikoa da Martin Gaitan argentinarra, eta 20 metroko korrikaldian azkarrena, Bidaberekin batera. 2002an heldu zen Miarritzera, Athletico San Isidro utzita. 2005ean, belauneko lesio larria ukan zuen, Heineken Kopako final-laurdenak jokatu ondoren, Briveren aurka, sailkapen ligan. 2005-2006 sasoian lau partida jokatu zituen, eta berriro min hartu zuen belaun berean, iazko azaroaren 19an. Behar bezalako errekuperazioa eginda, irailaren hasieran jokatzeko moduan izango dela adierazi du.

Ez duzu batere zorterik izan Miarritzen.
Horrela da. Taldearen azken lorpenetan beste zale bat izan naiz, eta ez da oso atsegina izan.

Zer duzu buruan horrenbesteko denbora bakar-lanean igaro ondoan? Zein asmo duzu?
Lehenik, nire dohain fisikoak berreskuratu nahi ditut. Gero, jakina, taldeak ezarri dituen helburuetan lagundu. Pentsatzen dut irailaren hastapenean egongo naizela jokatzeko moduan.

Kezkatzen al zaitu etorkizunak?
Ez dakit zer egingo dudan heldu den sasoian. Orain arte, nola kirol arloan hala beste hainbat arlotan oso esperientzia polita ukan dut hemen eta kontent naiz.

Zure lerroko posturako dozena erdi bat jokalari zaudete; lehia handia izango da zuen artean.
Bai, baina heldu den urtean Munduko Kopa jokatuko da. Aurten etorri diren jokalari berriak aintzat hartuta, hiruzpalau ariko dira selekzioekin. Beraz, denon beharra izango du taldeak.

Taldearekin hasi zinen prestatzen uztailaren 12an, ezagutzen dituzu jokalari berriak, eta baita entrenatzaileak ere. Nolako jokoa egingo duzue?
Nire gustukoa. Ez da oso fisikoa, pase asko egiten dugu eta mugimendu handikoa da. Tarteak bilatzeko trebetasuna erakutsi behar da, eta orobat, ongi datorkio nire joko erari. Aurten, hala ere, erasoan hobetzeko ahalegina egin beharko dugu. Izan ere, oso ados egon ez arren, joan zen sasoian kritika dezente jaso genuen, Heineken Koparen azken fasean entsegu gutxi egin genuelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.