Super Amara Bera Bera ez da izango Europako Ligako multzokako fasean. Eta ez gaitasunik ez duelako: gaur partida ona jokatu du Frantziako Besançonen aurka, baina jaurtiketetan izandako hutsek kondenatu dute. Gutxi falta zaio Europako talderik onenekin lehiatzeko. Joaneko neurketan 32-29 galdu zuten donostiarrek, eta, gaur, 24-27.
Egun handietako giroa izan da Gaska kiroldegian. Bete egin da, eta zaleek etengabe hauspotu dute taldea. Hark erantzun du: indartsu zelairatu da, eta bigarren zatian bi golen errentak lortzeko aukera ere izan du, baina batzuetan huts propioengatik, besteetan aurkariak asmatu duelako, ez dute lortu. Abiadura handiko partida izan da, fisikoa, eta markagailua oso estu egon da une oro.
Nagusiki, ate aurrean huts egin du Bera Berak, bereziki, hegaletatik egindako jaurtiketetan. Handia egin da han Sakura Hauge atezain norvegiarra. Bera Beraren golegile nagusiak lehen lerroko jokalariak izan dira: Paula Arcos (7), Esther Arrojeria (6) eta Emma Boada (5). Besançoneko onenak, berriz, Mairot (7) eta Zazai (5). Hurrengo urtean beharko du.