Jada ohitura bilakatzen ari da. 2004tik, Baiona Top14ra berriz igo zenetik, hamahiru derbi jokatu dira, eta arratsalde honetan hamalaugarrena jokatuko da. Baina derbiak derbi dira, eta orain ere zapore berezia izanen du Lapurdiko bi auzoen arteko norgehiagokak.
Iragan sasoian bezala, Miarritzek Agilera utzi eta partida Donostiako Anoeta estadioan jokatzea erabaki du. Gipuzkoako hiriburua Lapurdiko bi taldeen arteko lehiaren lekukoa izanen da. Estadioa erabat beteta egonen den oraindik ez da segur, baina argi dago jende andana bilduko dela Lapurdiko hainbat herritatik Miarritze eta Baionaren arteko partida ikustera.
Urteak joan ahala, apalduz joan da Euskal Herriko bi talde aurkariak elkarren kontra aritzen ikusteak zuen xarma. Zaleen artean ikusmina latza zen Baiona igo berritan. Pixkanaka, baina, gauzak lasaitzen joan dira, eta derbiaren berezitasuna jaitsiz joan da Miarritze eta Baionaren arteko partidak pilatu ahala.
Noski, zaleentzat eta jokalarientzat beti du zapore berezia derbiak: «Errugbi profesionalean bitxikeria da. Hain hurbil dauden bi herri elkarren aurka aritzea ez da beste inon ikusten», dio Pierre Philippe Lafond Baionako harroinak. «Jokalariek badakigu zaleentzat garrantzitsua dela partida hau irabaztea. Horretan saiatzen gara», erran du, berriz, Imanol Hariñordokik, Miarritzeko jokalariak.
Miarritzeren eta Baionaren arteko derbiaren berezitasuna ukatzeak ez dauka zentzurik, noski. Baina urteen poderioz derbia geroz eta arruntagoa bilakatzen ari da. Erraterako, partida ataria oso lasai joan da. Duela urte batzuk, Francis Salagoiti Baionako presidenteak eta Marcel Martin Miarritzeko presidente ohiak polemika ederra piztu zuten prentsan, elkarri egundokoak erranez. Baionako zaleek miarriztarrei egindako txantxak ere ohikoak ziren. Horien artean, Miarritzeko estadioan Y erraldoia ebatsi izana memorian gelditu zen, Miarritzeko Pays Basque (Euskal Herria) Pas Basque (ez euskalduna) bihurturik.
Horrelakorik ez da izan aste honetan. Oroitzen gara iragan sasoian Baionako zaleak Anoetara joan gabe gelditu zirela, beren haserrea erakusteko, joaneko partida asteazken batez jokatu zelako Baionan. Sasoi honetan, baina, boikoterako deialdirik ez da izan. Egia da Baiona aldean gauzak ez daudela oilarkerietan hasteko. Apirilaren 13aren zain dago hiri osoa. Orduan bukatuko da zuzendaritzan dagoen botere lehia. Alde batetik, Jean Grenet auzapezaren eta Alain Aflelou babeslearen proiektua aurkeztuko da. Beste aldetik, Francis Salagoitirena lehiatuko da. Horiek pasatu baino lehen, beraz, burua ez dute adarjotze eta txantxetarako baionarrek.
Miarritzen ere ez dute interes handirik partida neurriz kanpo berotzeko. Jean Mixel Gonzalezen eta Jack Isaacen jokalariak bolada onean daude. Ongi jokatzen ari dira, eta sailkapeneko laugarren postuan daude, 37 punturekin. Miarritzeko hainbat jokalari Sei Nazioen Torneotik itzuli berriak dira, eta burua ez dute sobera Baionaren aurkako partidan izan orain arte. Ondorioz, Agileran lasai prestatu dute euskal derbia miarriztarrek.
Heineken kopa jokoan
Alta, kirol arlora mugatuta, bi taldeek anitz izanen dute jokoan: «Lehen aldia da bi taldeek jokoan hainbeste daukagun euskal derbi bat jokatzen dudala», dio Eduard Coetzee Baionaren eta Miarritzeren koloreekin hamaika derbi jokatu dituen harroin hegoafrikarrak. «Iragan sasoian jaitsiera saihesteko lehian geunden, eta Miarritzek Europa zeukan helburutzat. Aldi honetan, biak aurkari zuzenak gara Heineken kopako sailkapenari begira. Ez da gauza bera izanen», aitortu du Pierre Philippe Lafond baionarrak.
Sailkapenean gauzak oso estu daude Heineken kopan sartzeko eskubidea ematen duten lehen sei postuak lortzeko. Castres hirugarrenaren eta Perpinya bederatzigarrenaren artean sei puntu eskasen aldea besterik ez dago. Talde horiek guztiek Heineken kopan jokatzeko aukera dute. Baiona eta Miarritzeren artean ere hiru punturen aldea baizik ez dago. Baiona dago Miarritzeren gibeletik, baina gaur irabaziz gero, berriz harrapatuko luke Agilerako taldea. Alderantziz, Miarritzek irabaziz gero, aurkari zuzen bat distantzia ederrean utziko luke, zazpi puntura, eta Europako txartela babestuko luke.
Jokoan dagoena ikusiz, euskal derbiaren folklorea bigarren planoan geldituko da, eta Baiona eta Miarritze aldean partida biziki serio prestatu dute. Christian Gajan xuri-urdinen kirol prestatzaileak Miarritzeri ezarri nahi izan dio presioa: «Miarritze sasoi onean da. Oso talde sendoa du eta eskarmentu handia dauka. Bera da irabazteko faboritoa, eta beldur pixka bat emanen digu haren aurka aritzeak».
Miarritzen ez entzuna egin diete Gajanen adierazpen horiei. Derbia hurbiltzen den aldi oro bezala, Imanol Hariñordokik eta Damien Traillek beharbada ez dutela jokatuko zabaldu da Agilera inguruan. Kasualitatea izanen da, baina denboraldi guztietan zalantzan izanik ere, partida egunean zelaian izan dira beti biak ala biak. Hariñordokik berak Baionaren indarra goraipatu du: «Anoetan aritu diren azken aldian irabazle atera dira [Tolosari irabazi zion Baionak, 19-13]», dio garaztarrak. «Baina aldi honetan estadioa xuri-gorria izanen da», ihardetsi dio Marc Baget Baionako kapitainak. Dena prest dago partidarako.
MIARRITZE-BAIONA
Miarritze. Coetzee, August, Marconnet; Thion, E. Lund; M. Lund, Lakafia, Hariñordoki (kap.); Yachvili, Peyrelongue; Balshaw, Traille (edo Mignardi), Bosch, Ngwenya; eta Haylett-Petty.
Baiona. Lafond, Roumieu, Baiocco; Boutaty, Filipo; Martin, Baget (kap.), Haare; Gartzia, Boyet; Gerber, Mazars, Lacroix, Huget; eta Peyras.
Epailea. Mathieu Raynal.
Lekua. Donostiako Anoeta (32.000 ikusle).
Orena. 15:30 (Canal + F).
Europako trenaren bila
Baionak eta Miarritzek anitz izanen dute gaur jokoan derbian, bi taldeak Heineken kopan sartzeko lehiakide baitiraBaionan, Iginiz faltako da, eta, Miarritzen, ez dago argi Traille eta Hariñordoki ariko diren
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu